w_euskara_50aniv

ZTF/FCTren ekarpena euskararen normalizazioan

2019ko Ekainaren 27a

Fecha de primera publicación: 19/07/2019

Arratsaldeon guztioi,

Gaurko eguna, egun handi bat da Zientzia eta Teknologia Fakultaterako, eta niretzako plazer itzela honelako ekitaldi bat Fakultateak antolatu izana, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 50. urteurrenaren barne. Zer gutxiago!!!!

Zoritxarrez, oroimena, eta bereziki gizartearen oroimena, ahula da, ahulegia. Egun duguna edo somatzen duguna, betikoa izan dela iruditzen zaigu. Eta hori, hemen gauden gehienok oso ondo dakigu ez dela horrela.

Gaur egun duguna, aurretik lortu behar izanda, ez da berez etorri. Esparru guztietan gertatzen da, eta Euskararen esparruan zer esanik ez!!!

Honaino iristea; euskarak gure Fakultatean eta gure unibertsitatean duen tokiraino heltzea ez da batere erraza izan, alderantziz, zuetariko askok dakizuten bezala, eta berehala hizlariek gogoratuko digutenez, oso kostata heldu gara honaino. 

Hasierako uneak ez ziren batere xamurrak izan, unibertsitatea erabat erdalduna zen, gizartea euskal hiri gehienetan zen bezala.

Orduko gehienei ez zitzaien burutik ere pasa egiten unibertsitate mailan euskaraz jardun zitekeenik. Lortutakoa ez da mana moduan zerutik jausi, lan itzela egin behar izanda.

Gaur egun gure ikasleek euskaraz ikasi dezakete Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Oraindik asko hobetu beharra dagoela ados nago. Baina esango dizuet, gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikasle guztietatik %57,6k euskara lerroan dagoela.

Nork esango luke duela ia 40 urte, 1980ean, lehen irakasgaiak euskaraz ematen hasi zirenean, egoera honetan egon gintezkeenik? Ba, hau da egoera, eta zoriontzekoa da egoera honetaraino iristeko egindako lana.

Beraz, ZORIONAK zuei guztioi, bakoitzak bere mailan egin duen lanagatik. Baina ez dugu inola ere ahaztu behar, hasierako “bide zabaltzaileei” esker lortu dugula egun duguna.

Bihotz bihotzez, eskerrik asko bide zabaltzaileei!

Lan eskerga horren ondorioetako bat EKAIA da: Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia aldizkaria. 0-alea,1989an plazaratu zen, duela 30 urte, Jacinto Iturbe euskarako errektoreordea zelarik. Euskal Herriko Unibertsitateak izan duen lehena, hain zuzen ere.

0-alearen aurkezpenean, Jacintok berak idazten du, aurkezpen gisa: “Aldizkari hau, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek bultzatuta, naturaren gainean eginiko ikerkuntza euskal gizarteari hel erazten saiatuko da, zientzia sortzen denetik aplikatzen denerainoko bidea errazago egiteko asmoz”,

eta Martxel Ensuntzak, EKAIAren bultzatzaile sutsuak, aurkezpen horretan honako hau idazten du:

”Ale honetako artikulu guztiak irakasle batzuk eginikoak badira ere, ikasleak ere ekarri nahi ditugu EKAIA honetara, zeren rockero zaharrak inoiz hilgo ez badira ere, garrantzitsua bait da rockero berriak plazaratzea, rock musikak iraungo badu behintzat”

Zorionez, rock musikak irauten du Martxel. Pena da ezin izan duzula etortzerik izan, baina bai,  horixe  baietz, rockero berri asko ditugu plazan, eta egun EKAIA oso-oso bizirik dago.

Hainbat urtetan EKAIA gure fakultateko irakasleen ardurapean egon zen. Bati baino gehiagori entzuten nion, EKAIA Fakultateko dibulgazio aldizkaria zela.

Zorionez EKAIA handia egin zen, hegan hasi eta Farmazia Fakultateko adar batean pausatu zen. Egun, Asier Vallejoren gidaritzapean dagoen editore-taldean goxo-goxo pausatze dinamiko batean daukagu.

Aurten, EKAIAren 30. urteurrena ospatzen delarik, bideo labur bat ikusiko dugu EKAIAren bidea erakusten duena.

AITORTZA pertsona askok merezi dute, baina ekitaldi xume honetan, guztien ordezkari, bide zabaltzaileak eta orain gure Fakultatean buru-belarri ikasle eta irakasleekin euskara zientifikoa bultzatzen ari direnak aitortuko ditugu.

EUSKARAZ IRAKATSI ZUTEN LEHEN IRAKASLEAK

  • Jesus Mari Arregi
  • Maribel Arriortua
  • Jose Ramon Etxebarria
  • Jesus Mari Txurruka
  • Itziar Urretxa
  •  Mari Jose Zarate

LEHEN TESIA EUSKARAZ IDATZI ZUTENAK

  • Juan Mari Agirregabiria (1981) FISIKA
  • Fernando Mijangos (1982) KIMIKA
  • Juan Ignacio Perez Iglesias (1986) BIOLOGIA
  • Enrique Zuazua (1987) MATEMATIKA
  • Maider Etxebarria (2003) GEOLOGIA

EUSKARA ZIENTIFIKOAN IRAKASTEN LEHENAK

  • Kepa Altonaga
  • Martxel Ensuntza
  • Juan Carlos Odriozola
  • Martin Olazar

FAKULTATEKO EUSKARA ZIENTIFIKOAREN EGUNGO BULTZATZAILEAK

  • Julio Garcia
  • Igone Zabala

BAITA ERE

  • Pedro Miguel Etxenike, Euskararen legearen sortzailea
  • Jacinto Iturbe, UPV/EHUko  lehen Euskara errektoreordea

Fernando Plazaola Muguruza
                                 Dekanoa