euskaraespañol

Redes sociales campusa

Jarraipen nutrizionalak ume zeliakoen sintomak arintzen ditu, baina ez du bizi-kalitatea hobetzen

EHUren ikerketa baten arabera, pertsona zeliakoen ongizatea hobetzeko ezinbestekoa da gizartearen kontzientzia handitzea

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/14

Arrate Lasa, Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea eta EHUko Gluten3S taldeko kidea.
Arrate Lasa, Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea eta EHUko Gluten3S taldeko kidea. | Argazkia: Nuria González

Gluten3S ikerketa-taldeak esku-hartze dietetiko bat jarri du martxan zeliakia berriki diagnostikatu zaien haurrekin. Urtebeteko jarraipenaren ondoren, ikertzaileek egiaztatu dute sintomak nabarmen gutxitu eta arindu direla. Hala ere, hasieratik zuten bizi-kalitate eskasa ez da hobetu. Ondorioztatu dutenez, kanpoan jaterakoan topatzen dituzten zailtasunek eta gizartearen ezjakintasunak umeak gaizki sentiarazten ditu.

Pertsona zeliakoek diagnostikoa jasotzen duten unea ezinegonaz, galderaz eta kezkaz  beterik egoten da. Zer esanik ez, gaixotasun hau ume bati detektatzen diotenean. Nahasmen-egoera horretan laguntzeko asmoz eta zeliakoen bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, Gluten3S ikerketa-taldeak esku-hartze nutrizional bat probatu du haurrekin. Diagnostikoaren unetik hasita, urtebetez aurrez aurreko jarraipen bat egin diete, eta aztertu dute zenbait parametrotan izan duen eragina.

“Familientzat zoramena izaten den hasierako garai horretan laguntza eman diegu: jan dezaketenari eta ezin dutenari buruzko informazioa helarazi diegu, elikadura-ohiturak hobetzeko aholku pertsonalizatuak eman dizkiegu, sukaldaritza-tailerrak egin ditugu… Eta, aldi berean, jarraipenaren hiru unetan, neurketak egin ditugu sintomatologiaren eta bizi-kalitatearen garapena aztertzeko. Ikusi duguna da urtebetera parte-hartzaileen dieta asko hobetu dela eta sintomek orokorrean behera egin dutela. Aurrez, telefonoz nahiz online egindako beste esku-hartze batzuk baino eraginkorragoa izan da. Ondorioztatu dugu aurrez aurreko jarraipen konstante bat egiteak onura gehiago ekartzen dizkiela eta garrantzitsua dela monitorizazioa diagnostikatu berritan hastea. Hala ere, bizi-kalitatea ez da hobetu eta, gure ustez, horretan gizartearen rola garrantzitsua da”, azaldu du Arrate Lasa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileak.

Batetik urdail-hesteetako sintomen eboluzioa aztertu dute: indigestioa, beherakoa, sabelaldeko mina, idorreria… Ikerketak erakutsi du, 12 hilabeteko jarraipenaren ostean, parte-hartzaileek sintoma gastrointestinal gutxiago dituztela eta horien intentsitatea jaitsi egin dela. “Sintoma-kopurua jaistearekin batera, garrantzitsua da jakitea mantentzen diren sintomak arinak edo gogorrak diren. Ikusi duguna da urtebetera intentsitate altuko sintomak desagertu egin direla, eta sintomen % 90 intentsitate baxukoak direla. Beraz, onurak nabarmenak dira”, dio Lasa doktoreak. 

Bestalde, urdail-hesteetakoak ez diren beste sintomen inguruan (dermatitisa, aftak, asma, depresioa…), emaitzek erakutsi dute, orokorrean, guztiak murriztu direla. Kasu batzuetan, gainera, antzeman dute hobekuntzak oso esanguratsuak izan direla.  Esaterako, anemiaren eta buruko minen presentzia asko jaitsi da. Eta parte-hartzaileen nekeak ere, nabarmen egin du behera; diagnostikoa jaso berritan, umeen % 40k sentitzen zuen nekea eta, aldiz, urtebetera, %15ek. “Garrantzitsua da ohartzea zeliakiak ez dituela urdail-hesteetako sintomak bakarrik eragiten. Sabeleko minaren edo beherakoaren gisako sintomez gain, kontuan hartu behar da beste eragin batzuk ere badituela eta, adibidez, osasun mentalarekin ere oso erlazionatuta dagoela. Egoera askotan gizarteratzea oso zaila egiten zaie, arraro sentitzen dira desberdin jan behar dutelako, bakartu egiten dira… Eta, ondorioz, depresioa eta antsietatea sufritzen dute”, jakinarazi du Arrate Lasak.

Gizartearen kontzientziazioa gako, zeliakoen bizi-kalitatea hobetzeko

EHUko ikerketak zeliakia duten umeen bizi-kalitatea ere aztertu du eta azalarazi du haurren balorazioa eskasa dela. Izan ere, 100 puntuko eskala batean, 100 izanik puntuaziorik txarrena, parte-hartzaileek 60 puntu eman zizkioten haien bizi-kalitateari; bai hasieran, bai 12. hilabetean. Hau da, abiapuntuan egoera ez zen ona eta, urtebeteko jarraipen nutrizionala jaso ondoren, ez dute hobekuntzarik nabaritu.

“Horrek erakusten duena da pertsona zeliakoen ongizatea ez dagoela bakarrik glutenik gabeko dietaren menpe. Alde sozialak asko eragiten die. Zeliakiak duen tratamendu bakarra glutena jateari uztea da, eta otordu bakoitzean, 5 aldiz egunean, horri aurre egin behar zaio. Gainera, glutena elikagai askotan dago eta seguruak diren elikagaiak kutsatzeko erraztasun handia dago. Gaur egungo bizimoduarekin askotan kanpoan jaten dugu eta pertsona zeliakoei horrek arazoak sortzen dizkie. Ikusten dute gizartea ez dagoela hezita, ez dira fidatzen zerbitzatzen dietenaz eta gaizki sentitzen dira”, azaldu du Arrate Lasak.

Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko Gluten3S taldeko ikertzaileek nabarmendu dute ezinbestekoa dela gizartearen kontzientziazioa sustatzea: “Gure ikerketak argi uzten du esku-hartze nutrizionalek eta etengabeko monitorizazioak beharrezkoak direla. Beraz, pertsona zeliakoekin lanean jarraitu behar dugu. Baina lanketa ezin dugu gaixotasuna dutenekin bakarrik egin. Pertsona zeliakoen bizi-kalitatea eta inklusioa hobetzeko, funtsezkoa da gizarteak gaixotasunari buruz eta glutenik gabeko dietari buruz duen jakintza handitzea. Biztanleria orokorraren hezkuntzan eta inplikazioan oraindik asko dugu egiteko”.

Informazio gehigarria

Arrate Lasa Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktore da. Gluten3S taldeko kidea da eta bere ikerketa-lerro nagusia glutena eta gaixotasun zeliakoa dira. Farmazia Fakultateko Elikadura eta Bromatologia eremuko irakasle ere bada. Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduko koordinatzaile da eta eskolak ematen ditu gradu horretan zein Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterrean.

Erreferentzia bibliografikoa