Izapideak

Laborategiaren egokitasun-ziurtagiria

UPV/EHUko laborategi batean ABekin edo GEOekin edozein motatako ikerketak edo irakaskuntza-praktikak egiteko, beharrezkoa da laborategiaren babes-maila egokia izatea arrisku-mailarako, eta UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuko Arlo Teknikoak egiaztatua egotea.

Prebentzio Zerbitzuko Arlo Teknikoak dagokion ziurtagiria emango du, ikertzaileak edo irakasle arduradunak eskatuta, laborategiaren egokitasuna aztertu ondoren.  Laborategiaren babes-maila ebaluatu eta ziurtatzeko eskaera telefonoz edo posta elektronikoz egingo da, Prebentzio Zerbitzuko Arlo Teknikoko pertsona arduradunaren bitartez.

ABIEBrentzako ebaluazio-txostenean, laborategiaren egokitasun-ziurtagiriaren erregistro-zenbakia eta haren jaulkipen-data adieraziko dira.

Agente biologikoak (AB) erabiltzeko jakinarazpenak

2., 3. edo 4. mailako AB bat erabili behar denean lehen aldiz (664/1997 EDren arabera), horren berri eman behar zaie arloan eskumena duten agintariei, gutxienez 30 egun lehenago. Horretarako, ABen lehen erabilerako Jakinarazpena bete eta UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuko Arlo Teknikoko arduradunari bidaliko zaio. Arduradun horrek agintari eskumendunengana bideratuko du jakinarazpen hori. 

Lehen erabilerako jakinarazpenari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikus agente biologikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuen ebaluazio eta prebentziorako Gida Teknikoaren 6. Eranskina.
2., 3. eta 4. mailako ABen kasuan, agintari eskumendunen baimena iristea itxaron behar da (30 egun dituzte baimena emateko). 2. mailako AB berriak erabili behar badira jada maila horretako ABen erabileraren jakinarazpena egin duen laborategi batean, ez da jakinarazpen berririk egin beharko. 

Aldiz, 3. edo 4. mailako edozein AB berri lehenengoz erabiltzeak lan-agintari eskumendunei zuzendutako jakinarazpen berri bat beharko du. Dokumentuak eta izapideak berberak dira: UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuko Arlo Teknikoaren arduradunari zuzendutako ABen lehen erabileraren jakinarazpena.

3. edo 4. mailako ABak erabiltzeko, larrialdi-plan berezi bat ere beharko da, langileak babesteko babes fisikoan izan daitezkeen hutsegiteetatik. 

Plan hori egoki egiteko, UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuko Arlo Teknikoaren arduradunaren laguntza eska daiteke.

ABekin lan egiten duten pertsonen osasun-jarraipena egiteko, jardueran zer pertsonak parte hartuko duten jakinarazi behar zaio UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuko Osasun Arloari, Prebentzio Planaren eta 664/1997 EDren arabera. Osasunaren zainketa babestu beharreko balio bat da, eta exijitu beharreko arau bat, ABak erabiltzen dituzten prozeduretan ebaluatzen dena.