Eduki publikatzailea

II. Kapitulua. Programan sartzea, onartzea eta matrikulatzea

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

2. artikulua. Sartzeko baldintzak.

  1. Oro har, doktorego programa ofizial batean sartzeko, beharrezkoa izango da graduko titulu ofizial bat, edo baliokidea, eta unibertsitate masterreko titulu bat edo baliokidea, izatea, betiere, bi ikasketa horietan, gutxien dela, 300 ECTS gaindituta izanda.
  2. Programan sar daitezke, era berean, kasu hauetako batean daudenak:
    1. Estatuko unibertsitate titulu ofizial bat izatea, edo Europako Unibertsitate Eremuko beste herri batekoa, baldin eta, urriaren 16 1393/2007 EDko 29. artikuluak ezarritakoarekin bat etorrita, masterrean parte hartzeko gaitzen badu. Eta gaindituak izatea, gutxienez, 300 kreditu ECTS, unibertsitate titulu ofizial guztiak kontuan hartuta, eta horietatik 60, gutxienez, master mailakoak izatea.
    2. Estatuko gradu titulu ofizial bat izatea, eta haren iraupena, zuzenbide komunitarioko arauak betez, 300 kreditu ECTS izatea, gutxienez. Tituludun horiek nahitaez egin beharko dituzte doktorego programak ezartzen dituen prestakuntza osagarri espezifikoak, salbu eta duten graduko tituluaren ikasketa planak barnean baditu ikerketako prestakuntzarako kredituak, masterreko ikasketetatik datozen ikerketa kredituen baliokideak direnak hezkuntza balioari dagokionez.
    3. Unibertsitate tituluduna izatea, eta osasun prestakuntza espezializatuko plazetara sartzeko proben bidez prestakuntza plaza lortu ondoren, osasun zientzietako espezialitateetako bateko titulu ofiziala lortzeko programa batean gutxienez bi urteko prestakuntza gainditu izana ebaluazio positiboarekin.
    4. Titulu bat izatea atzerriko hezkuntza sistemen arabera, homologatu beharrik izan gabe, eta unibertsitateak aurrez frogaturik titulu horrek estatuko unibertsitate masterreko titulu ofizial baten baliokide den prestakuntza maila egiaztatzen duela eta titulua eman duen herrialdean doktorego ikasketak egiteko aukera ematen duela (hautagaiak dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du). Onarpen horrek doktorego ikasketetan parte hartzeko beste ezertarako ez du balioko, hau da, ez du inolaz ere esan nahiko interesdunak lehenagotik duen titulua homologatzen denik, ezta beste ondorio batzuetarako aitortzen zaionik ere.
    5. Lizentziaduna, arkitektoa edo ingeniaria izatea eta Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu izana, apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat etorrita, edo urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren ikerketako gaitasuna lortu izana.
    6. Estatuko beste doktore titulu bat izatea lehenagoko unibertsitate antolamenduen arabera.
    7. Unibertsitateko titulu ofizial bat izatea, Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan 3. maila daukana, bat etorrita azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin, xedatzen duena zeintzuk diren baldintzak eta prozedurak, batetik, unibertsitateko titulu eta maila akademiko ofizialetara homologazioak egiteko eta baliokidetasunak aitortzeko, eta, bestetik, atzerriko goi mailako ikasketak baliozkotzeko, eta xedatzeko zein den prozedura arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko eta diplomatu titulu ofizialetarako goi mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako markoaren araberako parekotasunak zehazteko.

3. artikulua. Onartua izateko baldintzak.

  1. Doktorego programaren batzorde akademikoak ikasleak hautatu eta onartzeko beste baldintza osagarri batzuk ezar ditzake, honako alderdi hauek jaso ditzaketenak, besteak beste: gai espezifiko bat edo gehiago nahitaez aldi berean egina izatea edo egitea, edo mailako probak edo elkarrizketa pertsonal bat gainditzea.

  2. Eska liteke, doktorego programetan onartua izateko, prestakuntza osagarri bereziak egitea ere, master ofizialen eskaintzatik proposatuko direnak.   Prestakuntza osagarri berezi horiek doktoregoko lehenengo bi urteetan egingo dira eta ikasteko bekak eta laguntzak emateari begira, doktorego mailako prestakuntzatzat hartuko dira; prezio publikoei dagokienez, aldiz, master ofizialaren mailako prestakuntza ikastarotzat hartuko dira.

  3. Onartua izateko baldintzak eta irizpideak ‑lehen paragrafoan aipatuak‑ eta prestakuntza osagarrien diseinua ‑bigarren paragrafoan aipatuak‑, doktorego programan zehaztuko dira, doktorego programak proposatzeko indarrean dagoen arautegiaren arabera.

  4. Doktorego programa bakoitzak onarpenerako ezartzen dituen sistemetan eta prozeduretan jasota egon beharko dira, ezgaitasuna dela-eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, laguntzeko eta aholkatzeko zerbitzu egokiak. Zerbitzu horiek aztertuko dute curriculum egokitzapenik edo bestelako ibilbide edo ikasketarik egin behar den.

Normalean, doktorego programa saiatuko da doktorego tesia egin dadin doktorego programan parte hartzen duten ikertaldeetako batean.

4. artikulua. Onarpenerako prozedura.

UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak zehaztuko du, ikasturte bakoitzerako, doktorego programan izena emateko epea, eta epe horretan, baldintzak betetzen dituzten hautagaiek eskaria egingo diote doktorego programako batzorde akademikoari.

Aparteko kasuetan, eta behar bezala arrazoituta, Graduondoko Batzordeak data horietatik kanpo onartu ahal izango ditu baldintzak beteta izanda doktorego programako batzorde akademikoaren oniritzia daukaten ikasleak.

Izena emateko epea behin bukatuta, doktorego programako batzorde akademikoak hautagaiak aukeratuko ditu eta erabakiaren berri emango du izena emateko eskari orrian zehaztutako epe eta bitartekoak erabilita. Era berean, onartutakoei jakinaraziko zaie zein den esleitutako tutorearen izena eta, kasuaren arabera, zein diren hautagai bakoitzak egin behar dituen prestakuntza osagarriak. Europako Unibertsitate Eremukoak ez diren atzerriko herrialdeetako titulazioak dituzten ikasleen kasuan, doktorego programaren batzorde akademikoak UPV/EHUko Graduondoko Batzordera igorriko du dokumentazioa behin betiko onarpenerako.

Erabakiaren ados ez dauden hautagaiek erreklamazioa aurkez diezaiokete doktorego programaren batzorde akademikoari 10 egun naturaleko epean. batzorde akademikoak 15 eguneko epean ebatziko ditu erreklamazioak eta behin betiko erabakia jakinaraziko dio interesatuari.

Erabakia 15 eguneko epean inpugnatu ahal izango da Doktoregoko Eskolan, eta, ondoren, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari ezespenaren jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.

Doktorego programan onartua izateko, UPV/EHUko Doktorego Eskolan matrikula egin behar da ezinbestean.

5. artikulua. Matrikulatzeko prozedura.

UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak ezarriko du zein izango den ikasturte bakoitzean doktorego programetan matrikulatzeko epea.

Matrikula egiteko, Graduondoko Batzordeak onartutako prozedurari jarraitu beharko zaio; prozedura Doktorego Eskolaren web gunean argitaratuko da.

Matrikularen prezioa Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du prezio publikoei buruzko Aginduan.

Doktorego programan matrikula osatu duten ikasleak doktoregai izango dira une horretatik aurrera.

Doktoregaiek urtero egin beharko dute doktorego programarako matrikula, ikasturte bakoitzerako zehaztutako prozedurari jarraituz. Besteak beste, ondo bete beharko dute Ikerketa Plana eta jardueren dokumentua, 9. eta 11. artikuluan aipatuak.