Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Breadcrumb

normativa-doctorado-capitulo-XI

XI. Kapitulua. Tesia artikuluen bildumaren bidez

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

41. artikulua. Definizioa.

Doktore titulua eskuratzeko xedez doktorego tesia egin eta defendatzeko bide hau, argitalpenen bidezkoa, oso aukera berezia da.

Bere berezitasuna da tesia gai beraren inguruko lan zientifikoez osatua dagoela, eta doktoregaiak egiaztatu beharko du bera dela egilea eta lanak argitaratu egin direla edo argitaratzeko onartuta daudela.

42. artikulua. Baldintzak.

Aukera honetaz baliatu ahal izateko, doktoregaiak gutxienez hiru ekarpen izan behar ditu argitaratuta edo argitaratzeko onartuta, doktorego programan dagoen bitartean egindakoak. Bi izan daitezke, baldin eta doktorego programan sartu aurreko bost urteetan bi ekarpen egin baditu. Edozelan ere, ekarpen guztiak bere doktoregoko ikerketa planean zehaztutako ikerketa lerrokoak izan behar dira.

Ekarpenak artikuluak izan behar dira, honako datu baseetan jasotako azken zerrendan agertzen den aldizkari zientifikoetako batean argitaratuak: Journal Citation Reports (SCI edo/eta SSCI), SCOPUS edo Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Estatutako Batzordearen (CNEAI) datu baseetan; kontuan hartuta, betiere, doktorego programaren jakintza arloari dagozkion zientzia alorrak. Horietako bat, gutxien dela, bere kategoriaren lehenengo edo bigarren kuartilean egon behar da. Artea eta Giza Zientziak eta Gizarte eta Lege Zientziak arloen kasuan, ekarpena liburua edo liburuaren kapitulua izan daiteke, baina “Sello de Calidad en Edición Académica-Academic Publishing Quality (CEA-APQ)” izan beharko du edo “Scholarly Publishers Indicators in Humanities and Social Sciences” delakoan egon beharko da.

Egileak bat baino gehiago direnean eta egileen agerpena ez bada izen-abizenen araberakoa, doktoregaia lehenengoa edo bigarrena izan behar da egileen zerrendan. Tesi zuzendariak egiaztatuko du doktoregaiaren ekarpena garrantzitsua dela eta bat datorrela bere ikerketa planarekin.

Artikulu bildumaren bidezko tesirako erabilitako lanak ezin izango dira erabili mota bereko beste tesi baterako.                                            

Doktorego programan matrikulatu ostean egindako argitalpenetan, doktoregaiak UPV/EHUrekin daukan filiazioa agertu beharko da. Eta egoki denean, zuzendariena ere.

Doktorego programako Batzorde Akademikoak beste baldintza batzuk ere ezarri ahalko ditu tesia bide honetatik egiteko, baina baldintza horiek beti etorri beharko dira bat arautegi honekin eta Graduondoko Batzordeak onartu beharko ditu.

43. artikulua. Artikulu bildumaren bidez egindako tesiaren egitura.

Artikulu bildumaren bidez aurkeztutako tesiak argitaratutako lanak edo argitaratutako onartutakoak izango ditu oinarri, behar bezala egiaztatuak gaia kontuan hartuta, eta tesiak honako egitura izango du:

  1. Hasierako atala, gutxienez 10.000 hitz, eduki honekin:
    1. Sarrera: tesiaren aurkezpena eta gaiaren zergatia.
    2. Tesiko gaiaren esparru teorikoa eta erabilitako baliabide metodologikoak.
    3. Hipotesi eta helburu orokorrak eta zehatzak, zehaztuta zein artikulutan lantzen diren.
    4. Lortutako emaitzen laburpena, eta egoki denean, hori buruzko eztabaida.
    5. Erreferentzia iturriak.
  2. Tesiaren bigarren atalean ondorioak bilduko dira.
  3. Hirugarren atala eranskina izango da eta honakoak bilduko ditu: argitaratutako edo argitaratzeko onartutako artikuluak, liburuak edo liburuaren kapituluak. Eranskinaren izenburua “Argitaratutako lanak” izango da edo ”Argitaratutako edo argitaratzeko onartutako lanak". Argitaratutako edo onartutako ekarpenak oso-osorik erantsi behar dira, baldin eta aldizkariak baimena eman badu artikulua doktorego tesian erabiltzeko. Baimenik izan ezean, accepted manuscript bertsioa erabiliko da, hedatzeko egokia. Bi kasuotan, bibliografia osoa erantsi behar da, eta zehaztu egin beharko da argitalpen urtean aldizkariak izan duen eragin faktorea, kasuan kasuko kategorian daukan posizio erlatiboa eta kalitateko beste adierazle batzuk.

44. artikulua. Tesia izapidetzeko erantsi beharreko agiriak.

Tesia gordailuan uzteko, agiri hauek erantsi behar dira:

  1. Artikulu bildumaren bidezko doktorego tesia defendatzeko eskaria, doktoregaiak sinatua eta zuzendariaren, edo zuzendarikideen, berariazko baimena .
  2. Doktore ez diren egile guztien idatzia, adieraziz uko egiten diotela lan horiek mota honetako doktorego tesi baterako erabiltzeari.
  3. Tesi zuzendariaren txostena egiaztatzen duena argitalpenak bat datozela doktore gaiaren ikerketa planarekin, eta tutorekidetzen kasuan, ekarpenak garrantzitsuak direla.
  4. Onartutako lanen kasuan, argitaletxearen ziurtagiria edo DOIa.