Eduki publikatzailea

IX. Kapitulua. "Industria doktorea" aipamena

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

“Industria doktorea” aipamena izango du doktoregaiak bere tesiarekin lotura zuzena daukan industriako ikerketa proiektu batean edo ikerketa esperimental batean parte hartzen duenean, enpresa batean edo administrazio publiko batean, baina ezin izango da unibertsitate bat izan (99/2011 Errege Dekretua, 15. bis artikulua).

37. artikulua. “Industria doktorea” aipamena.

“Industria doktorea” aipamena jarri ahal izango da doktore tituluaren atzeko aldean, ondorengo baldintzak betetzen direnean:

  1. Doktoregaiak industriako ikerketa proiektu batean edo ikerketa esperimental batean parte hartzea, enpresa edo erakunde publiko edo pribatu batean; doktoregaia enpresa edo erakunde horretan aritu behar da zerbitzuak betetzen eta ezin izango da unibertsitate bat izan.
  2. Doktoregaiak lan kontratua edo merkataritzako kontratua izan behar du administrazio publikoarekin edo arlo publiko edo pribatuko enpresarekin; ezin izango da unibertsitate bat izan. Kontratuaren iraupena ezin izango da izan arduraldi osoan urtebete baino denbora gutxiagorako, edo horren parekoa, eta indarrean egon beharko da doktoregaia doktorego programan dagoen bitartean.

38. artikulua. Industriako ikerketa proiektuak edo ikerketa esperimentalak bete behar dituen baldintzak.

Industriako ikerketa proiektuak edo ikerketa esperimentalak baldintza hauek bete behar ditu:

  1. Lotura zuzena izan behar du doktorego tesiko gaiarekin. Doktorego programako batzorde akademikoak egiaztatuko du lortura zuzenik daukan edo ez, eta, beraz, doktoregaiak memoria bat aurkeztu beharko du batzordeak aztertu eta onar dezan; guztia, tesia gordailuan utzi baino gutxienez urtebete lehenago.
    Memoria erakunde lankideko arduradunak eta tesiko zuzendariak balioetsita egon behar da, eta erakundeak proiektu horretan daukan interesa izan behar du azalduta.
  2. Industriako ikerketa proiektua edo ikerketa esperimentala UPV/EHUren eta doktoregaia zerbitzuak betetzen ari den erakundearen arteko lankidetzaren bidez egiten denean, beharrezkoa da lankidetza hitzarmena egotea sinatuta.

Hitzarmenak jasota izan behar ditu, gutxien dela, Graduondoko Batzordeak onartutako ereduan zehaztutako edukiak (eredu hori arautegian adierazitako esparru hitzarmena izango da), eta horri agiri bat erantsi behar zaio tesirako lankidetzaren baldintza bereziak zehaztuta.

Hitzarmenean unibertsitatearen eta erakunde lankidearen betebeharrak adieraziko dira, bai eta doktoregaiak aukeratzeko prozedura ere. Bestalde, hitzarmenari erantsitako agiri batean kasuan kasuko tesia egiteko baldintza bereziak zehaztuko dira.

Hitzarmena indarrean egongo da gutxienez doktoregaia proiektuan dagoen bitartean.

39. artikulua. Tesiaren nondik norakoa.

  1. Unibertsitateak izendatutako tutoreaz gain, erakundeak izendatutako arduradun bat egongo da, eta arduradun horren zeregina izango da doktoregaiak erakundean dituen jardueren jarraipena egitea eta koordinazio lana egitea unibertsitateko tutorearekin. Arduradun hori tesiaren zuzendari edo zuzendarikide izan daiteke, betiere, UPV/EHUko arautegian zehaztutako baldintzak betetzen baditu.
  2. Doktoregaiaren eta erakundearen arteko lan kontratuak ez badirau doktoregaiaren tesiko ikerketa proiektu osoan, lankidetzako hitzarmen zehatza sinatu beharko da, unibertsitatearen eta erakundearen artekoa, tesi aldian lankidetzak izango dituen ezaugarri bereziak zehazteko.
  3. Lankidetzako esparru hitzarmena edo, egoki denean, hitzarmen zehatza sinatzen den unean hasiko da UPV/EHUren eta erakundearen arteko lankidetza ofiziala.
  4. Tesia gordailuan uztean, doktoregaiak honako agiriak erantsi beharko ditu:
    1. “Industria doktorea” aipamenerako eskari orria
    2. Laneko kontratuaren edo merkataritza kontratuaren kopia
    3. Aurkeztutako memoriarako doktorego programako batzorde akademikoak egindako aldeko txostena.