Eduki publikatzailea

XIV. Kapitulua. Doktoregoko sari bereziak

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

48. artikulua. Doktoregoko sari bereziak.

  1. Unibertsitateak, ikasturte bakoitzean, doktoregoko sari berazi bat emango du defendatutako 10 doktorego tesiko edo 10eko zatiki bakoitzeko, eta honako arlo bakoitzeko: Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; Arteak eta Giza Zientziak.
  2. UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen deialdia UPV/EHUko sail eta institutuei jakinaraziko zaie eta posta elektronikoz bidaliko zaie doktorego tesia epaitu zuen epaimahaiak isilpeko bozketa bidez hala adostutako doktoregaiei, betiere, defentsa deialdiaren urtean egina badute.
  3. Sari hori eskuratzeko aukera izateko, doktoregaiek UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidali beharko diote eskaera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioarekin batera, batzordeak ikasturte bakoitzerako ezartzen duen epean. Horretarako, honako baldintzak bete beharko dira:
    1. Doktorego tesia deialdian ezarritako ikasturtean defendatua izatea.
    2. Doktorego tesia epaitu zuen epaimahaiak horrela erabaki izana, eta «cum laude» aipamena aho batez lortu izana.
    3. Defendatutako tesiaren ondorioz, nazioartean izen handiko aldizkari batean argitalpen bat gutxienez onartua izatea, edo patente bat gutxienez aurkeztua izatea. Giza eta gizarte zientzietako arloen kasuan, argitalpena liburua edo liburuaren kapitulua izan daiteke, baina “Sello de Calidad en Edición Académica-Academic Publishing Quality (CEA-APQ)” izan beharko du edo “Scholarly Publishers Indicators in Humanities and Social Sciences” delakoan egon beharko da.
  4. Lehen puntuan adierazitako arloetarako, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak epaimahai bana izendatuko du, unibertsitateko jakintza arlo desberdinetako hiru irakasle doktorek osatua. Ezin izango dira epaimahai horietako kideak izan aurkezten diren tesien zuzendariak.
  5. Aipatutako epaimahaiek jasotako eskaerak aztertuko dituzte, eta sari horretara aurkezten diren doktoregaiei behar adinako informazioa eskatu ahal izango diete. Kanpoko epaileak ere eskatu ahal izango dituzte eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari helaraziko dizkiete beren proposamenak. Epaimahaien aukera izan daiteke sariak ez ematea.
  6. UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak sari bereziak eman daitezela onartuko du, lehenik aurreko paragrafoan aipatutako epaimahaiek egindako doktoregoko sari bereziak emateko proposamenak ikusita.