Doktorego Sari Bereziak: Ohiko galderak

Doktorego Sari Bereziak: Ohiko galderak

1. Zelan jakin dezaket nire tesia sarietara aurkezteko modukoa den?

Unibertsitateak mezu elektronikoa bidali die baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei, deialdiaren berri emateko. Mezurik jaso ez baduzu, hori da zure tesia ez daitekeelako hautagai izan, eta, beraz, ezin zaitezke aurkeztu deialdi honetara.

2. Zein da eskaria egiteko epea eta zer gertatzen da akats bat egiten badut?

Eskaria aurkez dezakezu ezarritako epearen azken eguneko (martxoak 9) 23:59ak arte. Akatsen bat egiten baduzu eskaria betetzean, ez kezkatu: beste eskari bat aurkez dezakezu epearen barruan bazaude. Eskatzaileak eskari bat baino gehiago aurkezten baditu ezarritako epearen barruan, jasotako azken eskaria baino ez da aintzat hartuko, eta baztertuko da aurreko eskariekin batera aurkeztutako dokumentazio guztia.  Era berean, eskatzaileek egiaztatzen ez badute deialdi honetako 2. oinarrian ezarritako C baldintza betetzen dutela, formularioan horretarako dagoen atalean egiaztatu ere, ezetsi egingo dira haien eskariak. Baldintza hori egiaztatzeko, ziurtagiri ofizialak aurkeztu beharko dituzte, edo ebidentzia baliodun eta egiaztagarriak.

3. Zer dokumentu erantsi behar diot eskariari eta zein formatutan?

Eskatutako dokumentu hauek guztiak igo behar dituzu:

  • eskari sinatuta,
  • 2C oinarriko baldintza betetzearen egiaztagiria,
  • doktorego tesitik sortutako ekarpenen eranskina,
  • ekarpenak egiaztatzeko dokumentazioa

Atal bakoitzeko agiriek gehienez 25 MB-ko pisua izan dezakete. Ekarpenak egiaztatzeko dokumentazioaren kasuan, fitxategi konprimatuta aurkeztu behar duzu (ZIP batean edo antzekoan). Dokumentu guztiek batera 100 MB-ko pisua izan dezakete gehienez. Oso garrantzitsua: doktorego tesia ez da erantsi behar.

4. Nola egiaztatu dezaket 2C oinarriko baldintza betetzen dudala?

2C oinarriko baldintza betetzen dela frogatzeko, doktorego tesitik sortutako ekarpenen eranskinean aurkeztutako ekarpen guztien artean oinarri horretan xedatutakoari egokitzen zaiona hautatu beharko da. Betetze hori ekarpen bat baino gehiagoren bidez frogatu ahal bada, horietako bat bakarrik hautatu beharko da.

Oso garrantzitsua: hautatutako ekarpena doktorego tesitik sortutako ekarpenen eranskinean ere sartu beharko da, baita ekarpenak egiaztatzeko dokumentazioan ere.

5. 2C oinarrian ezarritako baldintza betetzeko, balio al dute EHUren filiazio instituzionala ez duten artikuluek?

Ez. 2C oinarriko baldintza betetzeko deialdian adierazten den bezala, argitalpenak onartzeko ezinbestekoa izango da haietan adierazita egotea doktoregaia EHUko kidea dela.

Era berean, gainerako ekarpenei dagokienez, ezinbestekoa izango da haietan adierazita egotea doktoregaia EHUko kidea dela.

6. Nire eskaria baztertzen badute edo akatsen bat zuzendu nahi badut, zer egin behar dut?

Deialdian esaten denez, “Behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea egongo da erreklamazioak jartzeko. Horretarako, web orrian dagoen online formularioa bete beharko da”. Fase horretan ezin izango da merezimendu berririk aurkeztu; bakarrik onartuko da 3.1 oinarriaren arabera eskarian adierazitakoak zuzentzea.

Eskatzaileak erreklamazio bat baino gehiago aurkezten baditu ezarritako epearen barruan, jasotako azken erreklamazioa baino ez da aintzat hartuko, eta baztertuko da aurreko erreklamazioekin batera aurkeztutako dokumentazio guztia.

Era berean, epez kanpo aurkeztutako erreklamazioak ere ezetsiko dira.

7. Zenbat merezimendu aurkez ditzaket eta noiztik noiz artekoak?

Batetik, aurkez daitezke indexatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluak, edo izen handiko kongresuetatik sortutako argitalpenetan plazaratutakoak, baldin eta argitalpen horiek aldizkari indexatuen parekotzat jo badaitezke, beren kalitateagatik edo nazioarteko rankingetan daukaten posizionamenduagatik, CNEAIren indarreko ebazpenak kasuan kasuko eremu zientifikorako ezarrita dauzkan irizpideen arabera. Gehienbat bost (5) artikulu onartuko dira, eta, gainera, erreserbarako beste bi (2).

Gainerako ekarpenei dagokienez, ez dago gehieneko mugarik.

Zure doktorego tesitik zuzenean sortutako merezimendu guztiak aurkez ditzakezu, EHUko doktoregoan lehen aldiz  matrikulatu zinenetik hasita eta eskariak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte lortutakoak.

8. Merezimendu baten egiaztagiria aurkezten badut, baina gero ez badut 3.2 B oinarrian aipatzen, kontuan hartuko didate ebaluazioan?

Ez, merezimenduak adierazita egon behar dira 3.2 oinarriko B apartatuan aipatzen den eranskinean, eta behar bezala egiaztatu behar dira.

9. Eskarian aipatutako merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztu behar ditut?

Bai. Eskarian aipatutako merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztu behar dira, argitalpenenak izan ezik. Horietarako, nahikoa da haiek bilatzeko xehetasunak ematea, DOIa, ISBNa eta ISSNa barne.

10. Lan bat beretik kongresu baterako aurkezpen bat eta aldizkari baterako artikulu bat sortu badira, biak aurkez ditzaket?

Merezimenduak ez dira bikoiztu behar. Hala ere, lan baten emaitzak kongresu batean aurkeztu badituzu eta aldi berean edo gerora haiei buruzko artikulu zientifiko bat argitaratu baduzu, bi ekarpenak aurkez ditzakezu. Epaimahaiak erabakiko du hori merezimendu bat ala bi diren.

11. Aldizkari indexatuetako zenbat argitalpen aurkez ditzaket?

4.5.5.3 puntuan zehazten denez, gehienez bost (5) artikulu onartuko dira, eta erreserbarako beste bi (2) gehienez, guztiak ere kasuan kasuko adarrean izen handia daukaten datu baseetan indexatutako aldizkarietan argitaratuak. Erreserbako artikuluak bakarrik ebaluatuko dira berdinketarik sortuz gero.

12. Nire eremu zientifikoan kongresuetako argitalpenak aldizkari indexatuetako argitalpenen parekotzat jotzen dira. Berdin jokatuko da sari hauetarako?

4.5.5.3 puntuan zehazten denez, izen handiko kongresuetatik sortutako argitalpenetan plazaratutako artikuluak baloratuko dira indexatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluen moduan, baldin eta argitalpen horiek aldizkari indexatuen parekotzat jo badaitezke beren kalitateagatik edo nazioarteko rankingetan daukaten posizionamenduagatik, eta betiere parekotasun hori jasota baldin badago CNEAIk kasuan kasuko eremu zientifikorako ezarrita dauzkan irizpideetan.

13. Zein ataletan sar ditzaket aldizkari indexatuetan argitaratuta ez dauden artikuluak?

Artikulu horiek beste merezimendu batzuen atalean sar ditzakezu.

14. Aurkez ditzaket dagoeneko onartuta dauden baina oraindik argitaratu ez diren artikuluak?

Bai. Argitaletxearen behin betiko onarpen ofiziala daukaten artikuluak aurkez ditzakezu. Horren froga, argitaletxearen ziurtagiri bat edo gutun bat aurkeztu behar duzu, edo, bestela, artikuluaren preprint bat.

15. Zelan egiaztatuko ditut nire argitalpenen “kalitate zantzuak” (JCR, SJR etab.)?

Aldizkarien kalitate zantzuak honako hauek dira, besteak beste: eragin faktorea (EF), argitalpenaren kategoria, aldizkariaren kokapena kategoria horretan, aipamen kopurua…

Liburuetarako: argitaletxearen izen ona, liburuak izandako aipamen kopurua etab.

Aldizkari zientifikoei dagokienez, adierazle ohikoenak izaten dira JCR eragin indizea eta aldizkaria bere kategorian kokatuta dagoen kuartila.  Formularioa betetzeko:

  • Kategoria: aldizkaria sailkatuta dagoen jakintza arloa da (ad.: "ENGINEERING, MULTIDISCIPLINARY").
  • Kokapena: aldizkariak kategoria horretan daukan kokapena.
  • Kalitatearen beste zantzu batzuk: eremu hau hautazkoa da, eta bertan intereseko beste adierazle batzuk jar ditzakezu, hala nola SJRa, izandako aipamen kopurua edo Altmetric-eko datuak.

Zalantzarik baduzu, galdetu tesi zuzendariari edo EHUko Bibliotekari.

16. Argitalpenaren inguruko zein informazio eman behar dut?

Artikuluaren aipu osoa jarri behar duzu, DOIa barne, erraz bilatzeko.

Adibidea: Smith, J. (2023). The impact of social media on mental health. Journal of Social Psychology, 163(2), 25-42. DOI: 10.1080/00224545.2023.2213789

17. Zein urte hartu behar da kontuan aldizkari batean argitaratutako lan baten eragin indizea edo rankingeko kokapena ematerakoan?

Artikulua argitaratu duzun aldizkariaren xehetasunak ematerakoan, argitalpenaren urtea hartu behar da kontuan, edo, artikulua argitaratu berria bada eta oraindik ez badago urte horretako eraginari buruzko daturik, gertueneko urtea.

18. Ebaluazioa egiten ari den bitartean JCR ranking berri bat argitaratzen bada, aintzat hartuko da?

Ez. Epaimahaiak erabiliko du merezimenduen ebaluaziorako epe ofizialean argitaratuta eta ikusgai egon den JCR rankingaren edizioa. Gerora egiten diren eguneraketak ez dira atzerako eraginez aplikatuko.

19. Zelan egiaztatuko dut kongresu batean parte hartu dudala?

Kongresu batera joate hutsa ez da merezimendutzat hartuko. Aintzat har dadin, beharrezkoa izango da komunikazio bat edo hitzaldi bat egin izana. Hori aurkezpen ziurtagiri batez egiaztatu beharko duzu, eta kongresuaren akta edo proceedinga aurkeztuz, halakorik balego. Posterra edo komunikazioa bera aurkeztea ez da merezimendu honen egiaztabidetzat hartuko.

20. Eskari orrian, kongresuetan aurkeztutako ekarpenen inguruan, galdetzen da ea “argitaratu” diren. Zertaz ari da?

Esan nahi du ea ahozko aurkezpenaz edo posterraz gain, zure lana aktetan (proceedingetan) argitaratu den. Horiek beren ISBNa edo ISSNa izaten dute. Kasu horretan eskatutako datuak aurkeztu beharko dituzu, eta, horretaz gain, argitalpen ofiziala erantsi, merezimendua egiaztatzeko.

21. Kongresuetako proceedingak liburutzat jo daitezke?

Ez, ez dira halakotzat hartzen.

22. Nola kudeatzen da konfidentzialtasuna patente bat aurkeztean?

Aurkezten duzun informazio guztia konfidentziala da, eta Datuak Babesteko Legeari men eginez tratatuko dute bai epaimahaiak eta bai Doktorego Eskolak. Hala ere, nahi izanez gero, merezimendua justifikatzeko ezinbestekoak ez diren zatiak ezkutuan jar ditzakezu, edo anonimizatu.

23. Zer motatako ekarpenak sar ditzaket “beste merezimendu batzuk” atalean?

  • Nazioarteko tesia: bi puntu ematen ditu automatikoki. Epaimahaiak badauka informazio hori, eta, beraz, ez duzu ez egiaztatu behar, ez beste merezimendu batzuen atalean adierazi behar.
  • Sariak: Jaso dituzun sariak baloratuko dira zure tesiaren emaitzekin lotura zuzena badaukate. Beste merezimendu batzuen atalean sar ditzakezu.
  • Doktorego aurreko bekak eta finantziazioa: Doktorego aurreko bekaren bat edo finantzaketa jaso izana ez da merezimendutzat hartuko, hori ez baita tesiaren emaitza zuzena. Hortaz, ez da beste merezimendu batzuen atalean sartu behar.
  • “Industria doktorea” aipamena, euskarazko tesia, liburu erreseinak: Zalantzarik baduzu, erantsi daukazun dokumentazio guztia, epaimahaiak balora dezan ezarri dituen irizpideen arabera.

24. Zelan jar dezaket behin-behineko balorazioaren kontrako erreklamazioa?

Erreklamazioak deialdiaren web orrian adierazitako bide ofizialetik baino ezin dira egin, eta horretarako zehaztutako epearen barruan. Ez da onartuko posta elektronikoz edo beste bide batzuetatik bidalitako erreklamaziorik. Eskatzaileek baino ezin izango dituzte erreklamazioak jarri.

Eskatzaileak erreklamazio bat baino gehiago aurkezten baditu ezarritako epearen barruan, jasotako azken erreklamazioa baino ez da aintzat hartuko, eta baztertuko da aurreko erreklamazioekin batera aurkeztutako dokumentazio guztia.

Era berean, epez kanpo aurkeztutako erreklamazioak ere ezetsi egingo dira.

25. Merezimendu edo dokumentu berririk gehitu nezake behin-behineko balorazioei erreklamazioak jartzeko fasean?

Ez. Erreklamazioetarako epeak bakarrik balio du adierazteko ez zaudela ados hasierako eskarian aurkeztu zenituen merezimenduei emandako puntuazioarekin. Ezin da ez dokumentu ez merezimendu berririk aurkeztu. Erreklamazioan bakarrik adierazi behar duzu zein merezimenduren balorazioarekin ez zauden ados, ez besterik. Izan ere, epaimahaiak jatorrizko dokumentu guztia dauka dagoeneko.

26. Zein ondorio dakar erreklamazio bat jartzeak, eta noiz jakingo dut emaitza?

Ondorio zuzena da epaimahaiak zure espedienteko puntuazioa berrikusiko duela, balorazioan akatsik egon den ala ez argitzeko. Horrek ekar dezake puntuazioa igotzea, jaistea edo berdin geratzea. Erreklamazioak aztertzeko epea amaituta, behin betiko ebazpena argitaratuko da sari berezien deialdiaren web orrian, eta mezu elektroniko indibidual bat jasoko duzu, epaimahaiak zure kasuari eman dion erantzunarekin.