EHP 2020 UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza prestakuntzarako plana

EHP 2020. UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza prestakuntzarako plana

Helburu orokorrak

Txostenaren lehen atalean zerrendatu dira, UPV/EHUren Euskararen III. Plan Gidariaren arabera, irakasleen eta ikertzaileen prestakuntzarako EHP-2020 jomugan izan beharreko ildo estrategikoak. Horiek horrela, hauek dira irakasleen eta ikertzaileen prestakuntza plan honen bidez erdietsi nahi diren helburu lehenak:

  • 1. helburua: Euskaraz lan egiteko erabateko gaitasuna ez duten irakasleei eta ikertzaileei hizkuntza-prestakuntza eskaintzea.
  • 2. helburua: Hizkuntza-premia espezifikoei erantzungo dien prestakuntza eskaintzea, Irakasleek eta ikertzaileek eskuarki egiten behar izaten dituzten unibertsitateko zereginek eskatzen duten aditutasun-maila eskura dezaten.
  • 3. helburua: Irakasleei eta ikertzaileei prestakuntza eta baliabideak eskaintzea, haiek sortutako irakas-materialen kalitate linguistikoa bermatzeko gai izan daitezen.

Hiru ildo horietan aurrera eginez, euskarari bideak zabaldu nahi zaizkio lanhizkuntza gisa eremuak irabaz ditzan, dela zientzia egiteko, dela irakasteko. Era berean, baldintza egokiak sortzen lagundu nahi da euskarazko irakaskuntza-eskaintza zabaldu ahal izan dadin graduan, graduondokoan zein etengabeko prestakuntzaren arloan. Bestela esanda, hiru lan-ildo horien bidez, baliabideak eskaini nahi zaizkie irakasleei eta ikertzaileei euskaraz eskaintzen duten irakaskuntzaren kalitatea bermatu ahal izan dezaten, zientziaren hedapenerako egiten diren ekimenek inpaktu handiagoa izan dezaten eta, era berean, euskararen corpus akademiko eta profesionala hedatzen eta aberasten jarrai dezaten.

Alabaina, irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza-prestakuntzak zentzu betea izan dezan, euskarak UPV/EHUk dituen aukerak eta erronkak hartu behar dira kontuan, oro har. Alegia, hizkuntza-prestakuntzarako programak diseinatzean Euskararen III. Plan Gidariak ezarritako helburu estrategikoen «mapa» konplexua hartu behar aintzat, zentzu zabalenean. Izan ere, ezin da ahaztu, prestakuntza-programek beste maila bateko helburuei erantzun behar dietela, osotasunean erdietsiko badira plan gidarian aurreikusten diren helburu orokorrak.

Horrexegatik guztiagatik, funtsezko jotzen da gogoeta egitea irakasleek eta ikertzaileek eremu bakoitzean dituzten premia espezifikoei buruz, eta eremu horietako bakoitzean irakasleek zein ikertzaileek egitea espero den ekarpenari buruz. Horretarako, ekintza estrategiko hau aurreikusten du Euskararen III. Plan Gidariak: Graduko ikasketetan euskararen egoeraren azterketarako diagnosi protokoloa egitea eta ekintza plan pilotuak diseinatzea (4.2.3.1. ekintza).

Hori horrela, diagnosi-tresna bat ere badakar irakasleen eta ikertzaileen prestakuntza plan honek berekin bat. Horren bidez, bermatu nahi da martxan jartzen diren prestakuntza- ekintzak ikuspegi soziolinguistikotik marko egokian testuinguratzea. Horrez gain, hizkuntza-prestakuntzarako plangintza sektorialak egiteko metodologia ere eskaintzen digu EHP-2020 planari euskarri ematen dion diagnosi-tresnak. Horretarako, protokolo dimentsioaniztuna diseinatu da. Txostenaren bigarren eranskinean kontsulta daiteke protokolo horren egitura orokorra (ikus 2. eranskina).

Azkenik, EHP-2020 planaren bidez, bermatu nahi da, halaber, bidezko aitortza izan dezaten hizkuntza-gaitasun areagotzeko eta euskararen corpusa elikatzen jarraitzeko irakasleek eta ikertzaileek egiten dituzten ahaleginek. Horretarako, EHP-2020 planak alor honetako merezimenduen aitortza modu estandarizatuan egiteko eredua ere badakar berekin bat, UPV/EHUren ohiko ebaluazio-prozesuetan, deialdietan eta kontratazioetan aplikagarri izan dadin garatua.

Horretarako, RED-Uk argitaratutako Irakaskuntzaren alorreko Garapen Akademikoaren Markoak (MDAD) eskaintzen dituen eskalekin lerrokatu da hizkuntza-prestakuntza plana. Eredu horrek lau maila zehazten ditu irakaskuntza-jardueraren garapen profesionalaren ibilbidea irudikatzeko. Era berean, hiru dimentsio hartzen ditu kontuan maila bakoitzari dagozkion deskriptoreak finkatzeko («curriculuma», «prozesuak» eta «oinarriak»). lldo horretatik, honela definitu dira EHP-2020 planean eskainiko diren prestakuntza-ekintzen bidez erdietsi nahi diren ikaskuntza-emaitzak:

1. maila: Erabiltzaile gaitua

Irakasleak diskurtso akademikoaren eredu egokia eskaintzen die ikasleei, bai banatzen dituen materialen bidez, eta baita haren ahozko jardunaren bitartez ere.

Dokumentu zuzen eta zehatzak erabiltzen ditu irakasleak irakaskuntza-jardueraren euskarri gisa (berak sortuak zein beste iturrietatik eskuratuak), betiere, euskara estandarraren irizpidearen arabera moldatuak.

Zabalkunde-mailako argitalpen zientifiko egokiak egiten ditu.

Ahoz, erregistro zaindua erabiltzen du. Azalpen magistral argiak egiten ditu.

Eguneroko ohiko harremanetan, egoki erantzuten die ikasleen zalantzei.

Ondo menderatzen ditu hizkera akademiko zainduaren arauak eta irizpideak: funtsezko arau akademikoak, funtsezko arau ortografiko eta gramatikalak, eta, dagokion irakasgaiari dagokionez, normalizatuta dagoen lexiko espezializatua.

2. maila: Erabiltzaile aditua

Irakasleak orientabide egokiak eskaintzen dizkie ikasleei hizkuntzaren erabilerari dagokionez, haien diskurtso-gaitasuna ikasketa-planean aurreikusten den mailan garatu ahal izan dezaten.

Dokumentu akademiko konplexuak ekoizten ditu. Ikerketa- lanen txosten argi eta zehatzak egiten ditu. Ahozko azalpenetan, ñabardurak ere eraginkortasunez transmititzen ditu. Ikasleekiko harremanetan, eraginkorra da ikasleen jarduna gidatzen: talde-dinamikak, gatazkak…

Ondo menderatzen ditu hizkera akademiko jasoaren konbentzioak. Era berean, ondo ezagutzen ditu, eta modu autonomoan aplikatzen ditu UPV/EHUk testu akademikoetarako zehaztutako hizkuntza‑irizpide espezifikoak. Euskarazko terminologiaren ezagutza zabala du.

3. maila: Eragile aktiboa

Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, orientabide egokiak eskaintzen dizkie ikasleei, haien hizkuntza-jarduna autorregulatu ahal izan dezaten eta haien ekoizpenen gainean gutxieneko kontrol-maila izan dezaten. Ikasleen ebaluazio egiteko orduan ere modu integral eta integratuan hartzen du kontuan nola erabiltzen duten ikasleek hizkuntza, eta zein neurritan den haien komunikazio-gaitasuna eraginkorra, irakasgaiaren helburuen testuingurua.

Kalitate handiko irakaskuntzamaterialak eta ikaskuntza-baliabideak sortzen ditu: apunteak, bideoak, webguneak…

Goi-mailako ikerlanak ekoizten ditu. Ondo kudeatzen ditu hizkuntzak egoera elebidun zein eleaniztunetan. Era berean, gai da itzulpen- zein bitartekotza- lanak egiteko ere, egoerak hala eskatzen duenean. Modu aktiboan hartzen du parte euskararen corpus akademikoa garatzeko eta aberasteko proiektuetan.

Terminologia mailako proposamenak egiten ditu, betiere, irizpide sendoak abiapuntu.

Testugintzaren zein terminologia akademikoaren oinarriak ondo menderatzen ditu. Kalitatezko argitalpenen eta jendaurreko ekitaldien hizkuntza- eskakizunak ezagutu eta aintzat hartzen ditu.

Oinarrizko itzulpen-estrategiak zein dokumentu eleaniztunak egiteko protokoloak ezagutzen ditu.

Era berean, MDAD markoan aurreikusitakoari jarraikiz, laugarren maila ere definitu da, hain zuzen ere, prestakuntza-programetan irakasle,- tutore- edo eragile-lanetan ari direnek hizkuntzaren normalizazioari eta garapenari, eta, horren bidez, irakaskuntzaren kalitateari egiten dioten ekarpena aitortzeko. Hona hemen, maila horri dagozkion zehaztasunak.

4. maila: Mentorea

Irakasgaiaren curriculumean zeharka eta, behar denean, modu espezifikoan tratatzen ditu hizkuntzaren erabilerarekin eta komunikazio akademiko- profesionalarekin zerikusia duten alderdiak, ikasleen ikaskuntza-emaitzak optimizatzeko baliabide gisa tratatuz. Era berean, ikasleengan kontzientzia pizten du komunitate akademiko osoak (ikasleak barne) hizkuntzaren normalizazioan duen erantzukizunaz.

Parte hartzen du ikasleen hizkuntza- eta komunikaziogaitasuna sustatzeko estrategien, baliabideen eta programen garapenerako berrikuntza- zein ikerketaproiektuetan. Ikasleen, irakasleen zein profesionalen prestakuntzarako programak garatzen eta zuzentzen ditu. Diskurtso akademiko eta profesionalaren inguruko gradu amaierako, master amaierako zein doktoretzako lanak zuzentzen ditu.

Ondo ezagutzen ditu hizkuntzen normalizazio-prozesuen eta diskurtso akademiko- profesionalaren eskuratze-prozesuen oinarriak. Ondo ezagutzen ditu diskurtso akademiko-zientifikoaren eskakizunak. Ondo ezagutzen ditu testugintza akademikoaren berezitasunak eta terminologia-lanaren metodologia eta irizpideak.

Taulan jasotako deskriptoreak zehazteko kontuan hartu dira, alde batetik, Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa eta, bestetik, HABEren Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma. Horrez gain, oso kontuan hartu dira ikasleen zeharkako gaitasunen garapenean (komunikaziogaitasunen garapenean, bereziki) unibertsitateko irakasleek dituzten ardurak zehazten dituzten askotariko lanak, baina, batez ere, UPV/EHUren Zeharkako gaitasunen katalogoa eta irakasleen irakaskuntza-jarduera ebaluatzeko UPV/EHUren DOCENTIAZ programaren oinarriak eta egitura.

Azkenik, programa hau diseinatzeko orduan, oso gogoan izan dira UPV/ EHUren Hezkuntza Laguntzarako Zerbitzuak zein UPV/EHUren Nazioarteko Harremanen Bulegoak irakasleen etengabeko prestakuntzarako eskaintzen dituen programen, eta orain arte Euskara Zerbitzuak eskainitako ikastaroenak. Horren bidez, bermatu nahi izan da berrikuntzaren, nazioartekotze-prozesuen eta euskararen normalizazioaren ardatzen inguruko prestakuntza-ahalegin guztiak estandar berberen arabera balioetsi ahal izan daitezela ohiko ebaluazio, akreditazio eta kontratazioprozesuetan.