Energia, Demografia… Geologia

Begi-bistakoa da lehen bi elementuen arteko erlazioa edonorentzat, eta bi elementu horiek hirugarrenarekin dutena ere hasiera batean dirudiena baino askoz estuagoa da.

Ohikoa da komunikabideetan debateak agertzea energia-horniketak gizarteari suposatzen dion arazoari buruz, eta baita arazo horren konponbideari eta prezioari buruz ere: erregai fosilak, energia nuklearra, energia berriztagarriak? Herrialde bakoitzak bere baliabide propioak bilatzea eta kontsumitzea edo beste herrialde batzuetakoen truke ordaintzea?

Alde batera utzita gizarteak energia-iturri batzuekiko duen arbuioa edo begikotasuna, errealitateak erakusten du bai karbono-maila baxuko ekonomiak, bai teknologia berriek eta energia berriztagarriek metal arraroen erabilera intentsiboa egiten dutela. Metal hori beharrezkoak dira bateriak, panel fotoboltaikoak, turbinak, mikroprozesatzaileak, katalizatzaileak… egiteko. Gizarteak ez du errealitate hori ezagutzen, eta material horien prospekzioa eta hornikuntza soilik Geologiaren eta meatzaritzaren menpe daudela ere ez; izan ere, egun ezin da gizakiak sortutako materialik birziklatu, beira eta burdina ez bezala. Gauzak horrela, energia berriztagarriekiko dependentziara garaman trantsizio progresibo hori errealitatean material ez berriztagarriak (erregai fosilak) beste material ez berriztagarri batzuengatik (metal eta mineral batzuk) ordezkatzea baino ez da.

Badago energia berriztagarrietan egindako ekarpenak handitzeko adostasun orokor handinahi bat (batez ere eguzki-energian eta energia eolikoan), nazioarteko itunetan islatutakoa, 2050era arteko eperako. Horrek ekarriko duena da lehen aipatutako mineral eta material estrategikoen hornikuntza datozen 40 urteetan % 5 eta % 20koa izango dela urteko. Estrategikoak diren aldetik, beren prezioa eta eskuragarritasuna baldintza geopolitikoek zehazten dituzte. Horren inguruan gogora ekar daiteke 2010ean Txinak Japoniari lur arraroak esportatzeko debekua ezarri ziola. Horrek Japonen industria-krisialdi larri sorrarazi zuen, izan ere, Japonia da motor elektrikoak, elektroimanak eta eguzki-panel esportatzaile nagusia, eta, ondorioz, Estatu Batuetara ere hedatu zen laster batean krisialdi hori. Han motor-, energia- eta defentsa-industriak kaltetu edo geldiarazi zituen, Japoniatik inportatzen baitituzte hornigaiak. Horrela, krisialdi ekonomiko horretan murgildurik egon ziren herrialdeek beren irakasbideak atera dituzte. Esate baterako, Estatu Batuetan, beren industria eta energia-beharretarako lehengai natural gabe ez geratzeko, Senatuak  Zerbitzu Geologikoen (U.S. Geological Survey) lana handitzeko presioa egiten du.

Laburbilduz, garapen ekonomiko iraunkorrak lehengai natural estrategikoen izugarrizko beharra ekarri du berarekin. Lehengai horiek Lurreko edozein tokitan aurkitzen dira (lurrazalean edo lurrazpian), eta baita asteroideetan eta beste planetetan ere. Lehengai horien hornikuntza herrialde/korporazio gutxi batzuen esku dago gaur egun eta Geologia arloko profesionalek ezinbesteko presentzia dute eta izango dute panorama horretan. Hori horrela da geologoek parte-hartzea dutelako ez bakarrik lehengaien aurkikuntzan, esplorazioan eta esplotazioan, baita jarduera horiek modu erregulatuan, efizientean, garbian eta ingurumenarekiko errespetuz egitean ere.

Baina, ba al dago formakuntza nahikoa izateaz gaina ekonomikoki motibaturik dagoen geologo kopuru nahikorik? American Geological Institutek 2009an egin zuen txosten batek, Estatu Batuetan lanbide honek dituen giza baliabideen ingurukoak,  bide eman zien Nature eta NatureGeoscience aldizkari prestigiotsuek 2011n eta 2012an argitaratu zituzten ezohiko bi  editoriali. Bertan ohartarazi zuten Estatu Batuetako unibertsitateetatik ez direla aterako eskariari aurre egiteko adina geologo formatu (200 unibertsitate baino gehiagoetatik 50.000 aterako dira) ordutik eta 2020ra arteko tartean. Gainera, lan-merkatuan aktibo dagoen geologo-belaunaldi batek erretiroa hartuko du (200.000k baino gehiagok), zehazki, XX. mendeko 60-70 hamarkadetan ikasitako belaunaldiak. Txosten horrek arazoak denboran zehar iraungo duela demostratzen du, eta orain Europako geologoak gehitu zaizkio, izan ere, gero eta desoreka handiagoa dago eskariaren eta eskaintzaren arte Europako iparraldeko herrialdeetan, eta tendentzia hori hegoalderantz hedatzen ari da. Era berean, inkesta exhaustiboetan oinarritutako txostenak gero eta gehiago dira (esate baterako, Londresko Elkarte Geologikoarenak, Amerikako Geologia Institutuarenak eta Petroleoaren Geologoen Elkarte Amerikarrarenak), eta beren baita biltzen dituzte lanbidearekin erlazionatutako aspektu ekonomiko guztiak (maila guztietako hizkuntza, administrazioa, azpiegituren garapena, baliabide hidrikoak, arrisku geologikoak…). Beste lanbide batzuetan bezalaxe, espezialitate batzuk beste batzuk baino hobeto ordainduta daude, baina horrek ez du eragozten kasu jakin batzuetan bataz besteko soldatek sei zifra izatea edo herrialde batzuetan geologoen lanbidea ondoen ordaindutakoa edo ondoen ordainduko lanbideen artean egotea. Beste giza jarduera askok bezala, Geologiak ere buru argienen beharra du.