Zerk bihurtzen ditu geologoak aparteko?

William Smith-ek 1815ean argitaratutako mapa geologikoa
William Smith-ek 1815ean argitaratutako mapa geologikoa

Erantzuna erraza da: mapa geologikoak sortzeko eta horiek "irakurtzeko", interpretatzeko eta dakarten informazioa oinarritzat hartuta iragarpenak egiteko gaitasunak. Iragarpen horiek barne hartzen dituzte  kontu espazial/geometrikoak eta denbora. Horrexegatik ez da inoiz behar beste errekonozituko dokumentu horiek eta haiekin erlazionatutako elementu guztiak ondo ezagutzearen garrantzia, hala geologoen formakuntza akademikoan nola beren jarduera profesionalean.

Hain zuzen ere,  kartografia-base bati esker lortu zen XIX. mendean lehen aldiz   euskarri grafikoan islatzea jarraitutasun- eta superposizio-lege konplexuak, garai hartako naturalista eta ingeniariek lurrazalean ageri diren hainbat arroka-formaziotan identifikatzen ikasi zituztenak. Lehen pauso erraldoi horren sustatzailea William Smith izan zen, 1815ean orain mapa geologikotzat hartuko genukeen lehen mapa argitaratzeari esker. Bertan, hamarkadetan zehar bildutako ohar lokal eta erregional ugari bildu zituen, eta horiek oinarritzat hartuz gai izan zen Ingalaterrako hegoaldean eta Galesen dauden hainbat arroka mota ondo berreraikitzeko eta beren ordena erregularra deskribatzeko. Mapan argi utzi zituen arroka horietako fosil ugariak (hainbat hamarkada geroago Charles Darwinen "Espazieen Eboluzioaren Teoria" osatzeko beharrezkoak izango zirenak) eta diseinuari esker, posible izan zen arroka sendo eta ez hain sendoen espresio topografikoa ezagutzea. Arroka sendoek normalean mendiak, muinoak eta irtenguneak osatzen dituzte, hauskorrenek ez bezala. Tresna berri horrekin William Smithek interpretazio eta iragarpen zuzenak egin ahal izan zituen toki iritsiezinetako arroken distribuzioari buruz (lurrazpia, adibidez), arrokarik gabeko zonaldeei buruz (landareek edo urak betetako eremuak) eta baita erosioagatik arrokak desagertuta zeuden zonaldeei buruz ere. Horrek guztiak meatze-ustiapenak eta komunikaziorako ibai-sareak ondo planifikatzeko balio izan zuen, eta baita lurgorriak laborantzarako eremu bihurtzeko ere.

Mapa geologiko bat osatzea prozesu luze eta konplikatua da, eta mapa bat interpretatzeko oinarrizko arauak ez dira pertsona guztientzako begien bistakoak; izan ere, ikuspegi-espaziala beharrezkoa da, eta baita erlazio geometrikoak eta ordenaturiko gertaera-geologikoak uztartzeko gaitasuna ere (euskarri bidimentsional batean espazio-denboraren lau dimentsioak ageri dira). Ez gara erratuko esaten badugu geologoak baino ez direla (barne hartuta Geologian, Ingeniaritza Geologikoan eta Meatze Ingeniaritzan titulatuak) mapa geologikoak egin eta beste edozein geologok egindako mapa geografikoak interpretatzeko gai profesional bakarrak, edozein delarik beste geologoen hiritartasuna, hizkuntza edo jatorria (mundutik edo beste planeta batzuetatik).

Zientzialari bikaina izanda edo Nobel sari bat edo gehiago jasota ere, ez dago mapa geologiko bat interpretatzeko gai den beste zientzialaririk, baldin eta geologian formakuntza espezifikoa jaso ez badu. Gehienetan gaiaren inguruan ezagutzarik ez dutenek maparen bertute estetikoak baino ezin dituzte estimatu: koloreen hautaketa (egokia edo ez) eta haien itxurazko borondatezko banaketa geografikoa. Horrexegatik ikusarazi behar zaie Geologiako ikasleei Kartografia Geologikoa menderatzeak berezi bihurtuko dituela, ezingo dituztela beste profesional batzuekin konparatu eta are gutxiago haiengatik ordezkatu. Kartografia "menderatzeak" esan nahi du oinarri sendoa edukitzea Geologiaren espezialitate nuklearrean, hau da, Estratigrafian, Petrologian eta Geologia Estruktural edo Tektonikoan. Badaude beste diziplina geologiko batzuk, baina azken finean aurretik aipatutakoen osagarriak edo aplikazioak dira.

Erreferentziak

  • Smith, W., 1815. A Delineation of the Strata of England and Wales, with part of Scotland; exhibiting the collieries and mines, the marshes and fen lands originally overflowed by the sea, and the varieties of soil according to the variations in the substrata, illustrated by the most descriptive names (printed in fifteen sheets at the scale 1/316.800, or 1 inch/5 miles, with a final size of ca. 1.9x2.5 m). J. Cary, London.
  • Winchester, S., 2001. The map that changed the World. The tale of William Smith and the birth of a Science. Ed. Viking-Penguin Group, Londres, 338 p.