Ikerketa-taldeak, Institutuak eta katedrak

IVAC-KREI

Kriminologiaren Euskal Institutua 1976an sortu zuen Antonio Beristain Ipiña irakasleak. UPV/EHUren berezko ikerketa-institutu bat da, fakultate arteko eta sail arteko izaera duena. Gaur egun, José Luis de la Cuesta Arzamendi irakaslea da zuzendaria. Zientifikoki, institutua Kriminologiaren Nazioarteko Elkarteari (NBEren kontsultarako organoa) atxikita dago, eta lankidetza-hitzarmen bat dauka harekin. Hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidean, institutuak mota askotako lan ugari egin ditu. Gainera, institutu irekia da, eta, haren argitalpenek erakusten duten moduan, etenik gabe lan egin du hiru arlotan: goi mailako ikerketan, irakaskuntzan eta unibertsitate-hedakuntzan.

http://www.ivac.ehu.es

DMS International Research Center - KREIra atxikitako taldea

IVAC/KREIko Kriminologia Zientzietako Ikerketa Taldea zenbait jakintza arlotako ikertzaileek osatzen dute. Arlo horiek Zuzenbidea, Kriminologia, Gizarte Psikologia eta Portaeraren Zientzien Metodologia dira.   Taldeak diziplina anitzeko izaera dauka; izan ere, ikuspegi anitzetik aztertu behar ditu segurtasuna edo delituari begirako beldurra, krimen arloko politika, biktimentzako arreta, ziberkriminalitatea, gazte-delinkuentzia, droga-mendekotasuna eta beste fenomeno batzuk. Giza taldea lau ikerketa- eta kontsulta-unitatetan egituratuta dago: Gazte Justizia; Segurtasuna eta Delituaren Prebentzioa; Drogen Kontsumoa, eta Kriminologiako Ikerketa Metodoak.

http://www.ivac.ehu.es/p278-shdmshm/eu/

ILCLI

Ofizialki 1999an sortu bazuten ere, 1993an jarri zuten martxan. Logikaren, Kognizioaren, Lengoaiaren eta Informazioaren Institutua (ILCLI) UPV/EHUko diziplina-arteko unibertsitate-institutu bat da, eta ez dauka parekorik Espainia osoan. ILCLIk sinergiaz bateratzen, elkartzen eta areagotzen ditu bere lau ataletan egindako ikerketak (Logika; Zientzia Kognitiboa; Lengoaia eta Komunikazioa; Informazioa, Ekintza eta Antolamendua). Ez da filosofiako, giza zientzietako edo gizarte-zientzietako talde bat bakarrik; sui generis talde bat da, giza zientzien eta gizarte-zientzien arteko elkargunean kokatuta baitago eta tradizio analitikoko nahiz fenomenologikoko filosofiak emandako oinarriak baititu.

http://www.ilcli.ehu.es

GEZKI

Gizarte Ekonomiaren eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutoa-GEZKI 1999an sortu zen formalki, Gizarte Ekonomiari buruzko gaietan Espainiako Unibertsitate Publikoko esparruan sortutako lehen Institutua izanik. GEZKIren helburua Euskal Gizarte Ekonomia osatzen duten erakundeen gaineko ikerketa zientifikoa burutzea da, analisi ekonomiko, enpresarial, juridiko, soziologiko zein antolaketa-mailako analisien bitartez. Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia-GEEB institutu honen ekimenez eta Euskal Jaurlaritzaren laguntzaz sortua da. Behatokiaren xede nagusia Euskal Gizarte Ekonomiaren inguruko informazio zehatza eta jarraia ematea da sektorea ikusarazteko, baita sektoreko eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzea ere.

http://www.gezki.ehu.es/p281-home/eu/

Mikel Laboa katedra

Mikel Laboa Katedrak helburu dauka euskal artea eta folkloreari buruzko ikerketa eta arte-sormena bultzatzea, Mikel Laboaren lanaren alde ugariak abiaburutzat harturik. Katedraren jarduera egitasmoak arreta berezia eskainiko die musika, dantza eta betsolaritzari.

https://www.ehu.eus/eu/web/laboakatedra

Miguel Sánchez-Mazas katedra

Katedra 1999an sortu zen, UPV/EHUren eta Analisi, Logika eta Informatika Juridikoaren Zentroak hitzartuta. Katedraren helburua zientziari, teknologiari, berrikuntzari eta gizarteari lotutako unibertsitate-hedakuntzako eta ikerketako jarduerak garatzea da. Haren jarduera hiru arlotan egituratuta dago: (i) mintegiak, topaketak eta bestelako jarduerak antolatzen ditu, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren ikuspegi soziala hedatzeko gizarteko zenbait eragileren artean; (ii) gai horiei buruzko argitalpenak egiten ditu; (iii) zientzia-teknologia-berrikuntza bektoreari buruzko ikerketa-jarduerak garatzen ditu.

http://www.catedramiguelsanchezmazas.ehu.es/p290-home/eu/

Komunikazioa eta Hezkuntza Balioak izeneko UNESCO katedra

Helburu hauek ditu: unibertsitatean komunikazioaren eta hezkuntza-balioen gaineko irakaskuntza, ikerketa eta sentiberatzea sustatzea, zenbait gizarte-zientziek egin ditzaketen ekarpenak batuta; hezkuntza-komunikazioko gaietako profesionalak heztea eta prestatzea, bai unibertsitaterako, bai gizarterako; katedrak lantzen dituen gai zehatzetan lanean diharduten erakundeetarako aholkularitza eta laguntza sustatzea; katedraren helburuekin bat datozen zentro, erakunde eta organismoekin lankidetzan aritzea.  Eta, azkenik, nazioartean komunikabideei eta haiek hezkuntzarekin daukaten loturari buruz egiten ari diren ikerketen emaitzak ezagutzera ematea eta zabaltzea.

http://www.catedra-comunicacion-valores.ehu.es/p296-home/eu/

HEGOA

Hegoa Institutuak Eusko Jaurlaritzaren aitorpena du, eta Koldo Unceta da bertako ikertzaile nagusia. Institutuaren baitan, garapenerako lankidetza-politikak aztertzen eta ebaluatzen dituen ikerketa-talde bat dago; azken urteotan, lankidetzaren zenbait alderdirekin lotutako proiektu batzuk egin ditu, lankidetza deszentralizatuarekin, mikrofinantzekin, garapenerako unibertsitate-lankidetzarekin edo lankidetza-politiketako genero-ikuspegiarekin lotutakoak, besteak beste. Gainera, Hegoa Institutuak Gipuzkoako Campusean daukan azpi-egoitzatik, Garapenari buruzko Ikasketak izeneko doktoregoaren programa koordinatzen du, baita Garapenerako Lankidetzako Estrategiak, Agenteak eta Politikak izeneko online masterra ere.

http://www.hegoa.ehu.es

Europar Batasuna eta Oinarrizko Eskubideak

"Europar Batasuna eta Oinarrizko Eskubideak" izeneko ikerketa-taldea UPV/EHUko 17 irakaslek eta kanpoko 9 irakaslek osatzen dute. Kanpoko irakasleak unibertsitate hauetakoak dira: Pompeu Fabra Unibertsitatea, Unibertsitate Konplutensea, Nafarroako Unibertsitatea, Reykjavikeko Unibertsitatea, Örebroko Unibertsitatea (Suedia), Pauko Unibertsitatea eta Ikerbasque. Irakasle horien artean, 13 katedradun, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaile bat, Konstituzio Auzitegiko letradu bat eta Europako Komunitateen Justizia Auzitegiko letradu ohi bat daude.  Taldeak Gurutz Jáuregui Konstituzio Zuzenbideko katedraduna du buru, eta Europar Batasunaren politika eta ekintzekin lotutako zenbait alderdiri buruzko ikerketak egiten ditu, oinarrizko eskubideen arloan, batik bat.

QUALIKER

QUALIKER ikerketa-taldea Nekane Balluerka doktoreak zuzentzen du, eta Psikologia Fakultateko irakasleek, ikertzaileek eta prestatzen ari diren langileek osatzen dute. Gaitasun sozial zein emozionalen ebaluazioak eta garapenak garrantzi handia daukate, gaur egun, bai hezkuntzaren testuinguruan, bai antolamenduaren testuinguruan. Hori dela eta, Qualiker taldearen ikerketa-ildo nagusiak gaitasun horiek ebaluatzeko tresnak prestatzea nahiz egokitzea eta gaitasun horiek errendimendu akademiko nahiz laboralarekin eta taldeko nahiz banakako ongizatearekin daukaten lotura aztertzea dira. Horretarako, hurbilketa estatistiko alderdi anitza egiten du.

IAS

Informazioa eta Sistema Autonomoak (IAS - research) izeneko ikerketa-taldea zenbait filosofok eta zientzialarik osatzen dute; taldeak sistema bizien antolamenduan eta haiek kognizioan, etikan eta beste alderdi batzuetan dituzten ondorioetan jarrita dauka arreta. Oro har, izaki bizidunek sistema konplexuak ulertzeko ematen dizkiguten giltzarriak aztertzen ditu.  IAS taldearen ikerketa-jardueraren gai nagusietako bat autonomiaren kontzeptua da.  Gai horri dagokionez, taldearen ikerketek hainbat alderdi landu dituzte: epistemologia naturalizatua, auto-antolamendua, funtzioa, informazioa, bizitza eta adimen artifizialak, garapena eta bilakaera, kognizioaren eta biologiaren arteko harremanak, bioetika, etab.

http://www.ias-research.net

DREAM

"Donostia Research Group on Education And Multilingualism" (DREAM) izeneko ikerketa-taldea Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateari atxikita dago, eta eleaniztasunak hezkuntzaren testuinguruan dauzkan hainbat alderdi ikertzeaz arduratzen da. Hauek dira haren ikerketa-ildoak: 1) hezkuntzako eleaniztasun-gaitasunaren azterketa; 2) hizkuntzen ikaskuntza eta eskolako arrakasta ikasle atzerritarren artean; 3) hizkuntza-paisaia eta eleaniztasuna eskolako testuinguruan. DREAM taldea nazioartean ezaguna da, nazioarteko biltzarretan egindako argitalpenei, aurkezpenei eta hitzaldiei esker. Duela gutxi, European Master of Multilingualism and Education (EMME) masterra jarri du martxan.

http://multilingualeducation.eu/eu/

Gobernantza Demokratikoa

Gobernantza Demokratikoaren ikerketa taldeak Globernance gogoetarako, ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako zentroaren baitan dago. Honek zenbait ikerketa-jarduera garatzen ditu, eta munduko, Europako, estatuko eta tokiko gobernantzaren zenbait alderdiri buruzko ikastaroak, workshopak eta hitzaldiak egiten ditu. Zuzendaria Daniel Innerarity da, Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna eta Ikerbasqueko ikertzailea; idazkaria, Juan José Álvarez da, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna eta Eurobaskeko idazkari nagusia. Ikerketa-taldeko kideak dira, baita ere, Susana del Río Villar, Ignacio Aymerich, eta Serge Champeau. Era berean, taldeak sarean lan egiten du ikerketa sozial eta politikoan diharduten munduko erreferentziazko zentro batzuekin.

http://www.globernance.org

GARAIAN

Hezkuntzari buruzko Ikerketa Historiko eta Konparatuetarako Ikerketa Taldearen (GARAIAN) helburu zehatza Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko ezagutzaren eremua eraikitzea da, eta, helburu hori lortzeko, ikertu egiten du, ezagutzak transferitzen ditu eta emaitzak hedatzen ditu. Testuinguru horretan, hauek dira taldearen ikerketa-ildoak: ikasliburuak eta curriculuma, memoria historiko digitala, hezkuntza konparatua eta haurren eskubideak. GARAIAN taldeak Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko dokumentazio-zentro bat dauka, ikerketa mota horien jarraitutasuna bermatzen duena; pertsona orok ikus dezakeen gune birtuala ere badauka: https://www.ehu.eus/euskal-hezkuntza. GARAIAN taldeko ikertzaile nagusia Paulí Davila da.