Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Chill Mafia taldeak emango dio hasiera musikari buruzko Kantatzen Duten Herriak jardunaldiei Leioako campusean

Chill Mafia taldeak hitzaldi eta Dj set batekin emango dio hasiera Kantatzen Duten Herriak jardunaldion 5. edizioari, EHUko Leioako campusean. Azaroaren 25ean izango da, arratsaldeko 16:00etan, Hezkuntza Fakultateko Juliana Agirrezabala aretoan.

Jardunaldiak abenduaren 16ra arte luzatuko dira, ekitaldi akademikoak zein musikalak uztartuz. Izan ere, abenduaren 1ean More Jaia raver kolektiboaren inguruko dokumentala ikusi ahalko da, eta segidan Dj set bat egongo da beraien eskutik. Abenduaren 14tik eta 16ra bitartean tailerrak, musika eta hitzaldiak izango ditugu protagonista, musikari buruzko ikerketan nazioarteko adituek parte hartuko dutelarik, hala nola Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Amparo Lasén eta Oportoko Unibertsitateko Paula Guerra irakasleak.

Musikaren azterketa soziala jorratzen da jardunaldiotan hainbat ezagutza alorretatik abiatuta, baita esperientzia eta esperimentaziotik ere. Doinu (post)pandemikoak eta dantza tokietara buelta ditugu aurtengo gai nagusiak, dantza egitea berriro posible dugun honetan, baina egoera eta modu ezberdin batean. Honetaz guztiaz ausnartuko dugu, baita dantza tokietan mugimenduan dauden beste elementu batzuez ere: identitateak, gorputzak, gatazkak eta gozamena. 

Lehen, orain eta etorkizunean. Hemen bertan eta kantatzen duten beste herri batzuetan. Ausnartzen eta dantzatzen.

Jardunaldiak Leioako campusean izango dira, baita on line ere. 

Argibide gehiago webgunean dago eskuragarri:

www.ehu.eus/kdh