Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Digitaro: Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarra

Irudia

Leioan eta Bilbon urriaren 20tik 22ra

Euskarazko Komunikazioaren esparruan diharduten eragile eta protagonista ugari bilduko da biltzar honetan hiru egunez, urriaren 20an eta 21ean egun osoz eta 22an goizez. Egitarau zabala atondu da: lehen bi egunetan, Leioan UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean bilduko dira hizlariak, entzuleak eta parte hartzaileak oro har. Biltzarraren azken eguna goizeko saioetara mugatuko da, eta Bilbon egingo dira, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

2004ko Kongresuaren lekukoari helduta dator aurtengo biltzarra. Orduan, digitalizaioaren atarian ikusten zuten euskarazko hedabideek beren burua. Aro digitalean bete-betean sarturik gaude jada, eta, mendebaleko herrialde gehienetan gertatu den bezala, euskal kazetaritzaren eta komunikazioaren mundua goitik behera eraldatu da: etengabeko aldaketak eta berehalakotasunak bizi du gaur gure komunikazioa.

Euskarazko hedabideetan diharduten aspaldiko profesionalen eta hasi berriagoak direnen jarduerak ezagutzeko parada izango da biltzarrean, ohiko kazetaritzaren bideetan dabiltzanenak eta bide berriak urratu eta lantzen diharduten beste komunikatzaile batzuenak, eduki eta formatu berriak probatzen dabiltzanenak.

Helbide honetan dago ikusgai bi egun eta erdirako atondu den egitarau nagusia: www.digitaro.eus/programa

Biltzarraren antolatzaile eta sustatzaileak honako erakunde hauek izan dira: UPV/EHUko: Bizkaiko Campusa, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Ikus-entzunezko eta Publizitate Saila, Kazetaritza eta Kazetaritza II sailak; UEUko Komunikazio Saila, Hekimen, Berria Taldea eta EITB.