Santurtziko film laburren Zinemaldiako 3. Edizioa
Lehenengo argitaratze data: 2015/04/14
Badator SANTURZINEren hirugarren urtea, ikuspegi eta energia berriez lagundurik. Santurtziko Film Laburren Zinemaldi honen edizio berriak irailaren 18tik urriaren 17a arte iraungo du, eta azken egun honetan Serantes Kultur Aretoan (SKA) egingo den ospakizunarekin emango zaio amaiera txapelketari. Herriak berebiziko zinema-hilabetea izango du bost astez, ikus-entzunezko munduarekin zerikusia duten kultura-ekintzez lagundurik. Honetan ere, protagonistak Santurtziko tabernak izango dira, astero tokiko zein nazio-mailako laburmetraiak proiektatuko diren lekuak, hain zuzen ere.
Blue Karramarro elkarteak Santurtziko Film Laburren Zinemaldia sustatzen du, herriko kultura eta gau giroa suspertzeko asmoa duen proiektua. Honek, inguruko jendea laburmetraiak egitera animatzea du helburu, bakoitzak dituen baliabideak erabiliz; kamera hartu, eta bakoitzak dakiena eta gura duena egin dezala, kreatibitatea muga bakarra izanik. Modu honetan, herriaren parte-hartzea alderik indartsuenetariko bat bihurtzen da, eta Zinemaldiaren eta publikoaren artean sortzen den interakzioak guztiok bihurtzen gaitu protagonista.
Hirugarren edizio honetako epaimahaikideak Oskar Santos santurtziar zinema-zuzendaria (Zipi y Zape y el Club de la Canica, El Mal Ajeno), Agurtzane Intxaurraga antzerki-zuzendari eta aktorea (La noche árabe), Mikel Rueda gidoilari eta zinema-zuzendaria (A escondidas), Casilda de Miguel UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Rubén Ontiveros gidoilari eta telesail-zuzendaria (Qué vida más triste) eta Alicia Herrero, SKAko Programazio Arduraduna izango dira. Kultura eta ikus-entzunezko munduko seikote honek aukeratuko dituzte Santurtzi Mailako eta Nazio Mailako Sekzioetako saridunak. Gainera, lehiaketaz kanpoko beste sekzio batzuk izango dira, laburmetrai profesional zein amateur izan, kalitatearen aldeko apustua egingo duen edizio desberdin hau osatuz.
Lehiaketaren bukaeran hamar golardo entregatuko dira, baita 3.000 euro ere. Hiru sari egongo dira Santurtzi Mailako Sekzioko Laburmetrai Hoberenarentzat (1.000, 600 eta 400 euro) eta proiekzioetan bozkatutako Publikoaren Saria, Emakumezko Aktore Onena, Gizonezko Aktore Onena eta Gidoi Onenaz gain. Nazio Mailako Sekzioan, aldiz, 1.000 euroko sari bakarra banatuko zaio lan onenari, atal interpretatiboetako bi sariez gain.
Epea badago jadanik irekita; Santurtzi Mailako Sekzioko laburmetraientzako epea abuztuaren 31 arte egongo da zabalik, eta uztailaren 12 arte Nazio Mailako Sekziokoentzat.
Euskal zinemaren aldeko apustua da hirugarren edizio honen bereizgarritasunetariko bat, denboran aurrerago argituko ditugun beste hainbaten artean. Festibal egunetan, Euskal Herrian filmatutako luzemetraiak proiektatuko dira, euskaraz zein gazteleraz, tankera komertzialagokoak zein independienteagokoak. Bertoko zinema eta bere sustapena oinarrizkoa da zinemaldirako, eta hau izango da Santurzineren hirugarren urteko gako garrantzitsu bat.
Edozein zalantza, proposamen, babespen edo galdera egotekotan, jar zaitez harremanetan Festibaleko antolakuntzarekin santurzine@gmail.com helbidearen bidez.