Eduki publikatzailea

Zinebi Networking 2018 Deialdia: Dokumentalen Sorgunea. Foro Profesional de Cine Documental de Bilbao Zinebi 60

ZINEBI, Euskal Telebistarekin (ETB), Euskadiko Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV), Bizkaiko Foru Aldundiarekin (BEAZ) eta Bilbao Ekintzarekin lankidetzan, ZINEBI Networking, Dokumentalen sorgunea izeneko zine dokumentalari buruzko lehenengo foro profesionalerako deialdia ireki du. Ekimenaren helburua bertako talentua bultzatzea eta Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpenari laguntzea da.

Ekoizten ari diren edo garapen egoera aurreratuan dauden film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu ahal izateko epea datorren urriaren 26ra arte egongo da zabalik.Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek eta adituek osatutako batzordeak proposamen onenak aukeratuko ditu foroan parte hartzeko, eta irabazleak 10.000 euroko laguntza jasoko du.

ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea ekimenaren xedea garrantzia hartzen ari den ikus-entzunezko sormena eta euskal zine ekoizpena sustatzea da. Horrela, helburua, bertako ikus-entzunezko egitura handitzea eta euskal eragileek eta erakundeek sektoreko enpresekin eta profesionalekin nazioarte mailan lankidetzan aritzea da.

Gure ingurunean dokumental proiektu sortzaileen eta independenteen garapenari laguntzeko xedez, deialdi honek ekoizleen eta zinegileen garapen artistikorako eta profesionalerako plataforma izan gura du, esperientzien, jakin-minen eta interesen trukaketa bultzatzeko, proiektu dokumental berrien garapenean sinergiak sortzeko modu eraginkor gisa. Horrela, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (Zinebi) foro hau jasoko du, talentu gaztea, dokumentalei buruzko ideiak eta proiektuak arrakastaz gauzatzeko moduari buruzko aholkularitza emango dieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko.

Euskadiko produkzio edo ekoizpen independentea bultzatzeko eta nazioarte mailan izan dezakeen potentziala proiektatzeko xedez, proiektu irabazleak 10.000 euro eta ideia gauzatu ahal izateko beharrezkoa den aholkularitza profesionala jasoko ditu. Aurkeztutako proiektu guztien artean, jaialditik kanpoko aukeraketa batzordeak, ZINEBIko zuzendaritzarekin batera, onenak aukeratuko ditu. Aukeraketa horretan ideia, proposamen estetikoa eta produkzioaren bideragarritasun profesionala eta ekonomikoa hartuko dira kontuan. Horrez gain, proiektu bakoitzaren aurkezpen publikoaren aurretik tutoretza saio pertsonalizatua egongo da, sektoreko profesionalek abalatuta.

Aurre aukeratutako proiektuek, proiektuak prestatzeko tailer batean hartuko dute parte Jaialdiaren 60. edizioaren aurreko egunetan, eta azaroaren 13an, Campos Antzokiko Kupula aretoak proiektuen aurkezpena jasoko du, egun osoan. Goizez pitching (proiektuen aurkezpena) saioa egingo da batzordearen aurrean, kreditatutako bertaratuei eta jende guztiari zabalik; arratsaldean one-to one bilera pertsonalak egingo dira ekoiztetxeen eta zinegileen eta espezialisten artean.

Proiektu dokumental irabazlea zein den ZINEBI 60ren amaiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 16an, 20:00etan, Arriaga Antzokian.

Informazioa, oinarriak eta izena emateko formularioa