Normativa de Gestión: Premios extraordinarios y

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia 2023-24 Ikasturteko Arautegia

VII. Kapitulua. Sari bereziak

Sari bereziak eta Bikaintasunez Graduatua

Sari bereziak

47. artikulua.- Graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak

1.- UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak (Graduko Batzordeak, eskumenak eskuordetuta), gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.

2.- Karrera amaierako sari berezia jasotzeko hautagai izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofiziala lortzeko ikasketak amaitu dituzten graduko ikasleak.

3.- Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak edo zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.

4.- Ikastegi bakoitzeko batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura. Prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetako irakasleek osatua, gutxienez. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo atalean zehazten den moduan.

5.- Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:

a) Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak. Ikastegiko Batzarrak egokitzat jotzen dituen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.

b) Ikastegiak erabaki ahal izango du noiz ematen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina bakarrik artikulu honetako 2. atalean esaten denari dagokionez.

c) Espediente akademikoa baloratzeko, aplikatuko dira ekainaren 10eko 1267/94 Errege Dekretuko (ekainaren 11ko BOE) I. eranskineko irizpide eta baliokidetzak, irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretua (irailaren 18ko BOE) edo une horretan indarrean dauden arauak.

d) Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta Ikastegiko Batzarrak ezarritako irizpideei jarraikiz, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Horrelakoetan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.

6.- .- Saridunari ziurtagiria emango zaio, eta bere espediente akademikoan eta Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) geratuko da jasota.

7.- Gradu bikoitzetako sari bereziak.

a) Sari berezietarako, gradu bikoitzak titulazio bakartzat joko dira, eta, beraz, gradu bikoitzetan gehienez bina sari emango dira.

b) Gradu bikoitz bat osatzen duten graduetako sariak ematerakoan, ez dira kontuan hartuko gradu bikoitzeko espedienteak.

c) Gradu bikoitzaren ardura duen ikastegiak egingo ditu sari berezietarako proposamenak.

d) IIkasle sarituek Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen ziurtagiri bat jasoko dute, baina informazio hori ez zaie erantsiko gradu bikoitza osatzen duten graduetako espediente akademikoei, ez eta tituluaren gehigarri europarrei (TGE) ere.

Bikaintasunez graduatua

48 artikulua. Ikasleei «Bikaintasunez graduatua» aitorpena lortzea

««Bikaintasunez graduatua» aitorpena lortzeko baldintzak unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zituen 2017ko uztailaren 13an eta EHAAn argitaratu ziren 2017ko azaroaren 20an. Baldintza horietan esaten da, besteak beste, UPV/EHUk bikaintasunez graduatuaren aitorpena egingo diela graduko kreditu guztiak kasuan kasuko lehenengo ohiko deialdian gainditu dituzten ikasleei. Gehienez ere aitorpen bat egingo da gradu bakoitzeko azkenengo mailan matrikulatutako hamalau ikasleko multzo bakoitzeko edo hamalautik beherako ikasle multzo bakoitzeko.

Azaroaren 2an aplikatuko dira aitorpen hori egiteko baldintzak, ikasturtea urriaren 31n behin betiko itxi eta gero. Une horretatik aurrera GAUR aplikazio informatikoan kontsultatu ahal izango da informazioa. Data horretatik aurrera ez da aldaketarik egingo. Aitorpen hori lortzeko, ikasleek ezin dute espedientean «suspentso» edo «aurkezteke» kalifikaziorik eduki, ez eta «uko eginda» edo «aitortua» kalifikaziorik ere, eta gradua amaituta eduki behar dute haren iraupenari dagokion ikasturte kopuruan (lau, bost edo sei urte, graduaren arabera).

Aitorpena egin zaien ikasleen zerrenda bat jarriko da ikastegien eskura, ikastegiak interesdunekin harremanetan jar daitezen eta aukera eskain diezaieten, dagoeneko ikaslearen ziurtagiri akademikoa/edo TGE eskuratu badute, horren ordez beste bat eskuratzeko, aitorpen hori txertatuta daukana.

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 23an onartua eta 2023ko martxoaren 10ean EHAAn argitaratua