UIE-XII-KAPITULUA

Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

XII. KAPITULUA. IKASLEEN KIROL JARDUERA

61. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Jarduera fisikoa eta kirol jarduera ikaslearen prestakuntzaren zati bat da. Hori dela-eta, autonomia erkidegoek eta unibertsitateek egiturak eta programak garatuko dituzte eta beharrezkoak diren baliabide materialak eta guneak jarriko dituzte ikasleek baldintzarik egokienetan kirol jarduerak egin ditzaten.

2. Ikasleek unibertsitateak beren eskura jartzen dituen instalazioak eta ekipamenduak erabiltzeko eskubidea eta horiek zaintzeko betebeharra dute. Horrez gain, beren arautegiek xedatutako bestelako eskubide eta betebeharrak izango dituzte.

62. artikulua. Ikasleen jarduera fisikoa eta kirol jarduera.

1. Unibertsitateko ikasleen kirol jarduerak bi eratakoak izan ahalko dira: batetik, lehiakortasunik gabeko kirolak eta kirol jarduerak eta bestetik, barne txapelketetan, autonomia erkidegokoetan, nazio barrukoetan edo nazioartekoetan antolatutakoak.

2. Unibertsitateek ikasleen jarduera akademikoaren eta kirol jardueraren bateragarritasuna bultzatuko dute.

3. Unibertsitateek honako hauek bultzatuko dituzte: jarduera fisikoa eta kirol jarduera, bizitza osasungarria izateko ohiturak eta lehiakortasun ona eta joko garbia bezalako balioen garapena, aurkariarekiko errespetua, integrazioa eta talde lanarekiko konpromisoa, solidaritatea eta arautegiaren edo jokoaren arauen errespetua eta horiek aplikatzen dituztenekikoa.

4. Egungo antolamenduak ezarritako baldintzei jarraiki, Kirol Kontseilu Gorenak aitortutako goi mailako kirolariaren maila dutenei edo autonomia erkidegoek aitortutako kirolari prestatuaren maila edo antzekoa dutenei unibertsitateek erraztu egingo diete unibertsitatera sartzea, orientazio eta jarraipen sistemak erabiltzea eta ikasketak kirol jarduerarekin bateragarri egitea.

5. Horrez gain, unibertsitateek jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako programak bultzatuko dituzte ezgaitasunen bat duten ikasleentzat eta horretarako, baliabideak jarri eta kasuan kasuko instalazioak egokituko dituzte.