ELKARTEAK JARRAITZEA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

IV. TITULUA. IKASLEEN ELKARTEAK

IV. KAPITULUA. UPV/EHUKO IKASLEEN ELKARTE IZATEN JARRAITZEA

62. artikulua.– UPV/EHUko ikasleen elkarte izaten jarraitzea.

1.– UPV/EHUko ikasleen elkartea izaten jarraitzeko, elkarteek UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko behar diren eskakizunak betetzen jarraitu beharko dute. Hori egiaztatzeko, elkarte guztiek, bi (2) urtean behin eta lehen lauhilekoan, ikasleen arloko errektoreordetzari honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dizkiote:

a) Elkarteak aurreko bi ikasturteetan egindako jarduerei buruzko memoria bat, non bereziki nabarmenduko diren unibertsitate organoren batek diruz lagundutako jarduerak edo proposamenak.

b) Elkarteko burua, idazkaria eta zuzendaritza batzordeko kideak UPV/EHUko ikasleak direla frogatzen duten dokumentuak (matrikula agiria), eta ikasle ohien kasuan, UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia. Era berean, bazkide guztien zerrenda eguneratua aurkeztu beharko da, eta ikasle edo Ikasle ohia izatearen agiriak. Elkarteak UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa erregistratuta jarraitzeko, arautegi honen 58. artikuluan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira.

Elkartearen liburuak agintari akademikoen eta publikoen esku egongo dira.

2.– Estatutuetan edo zuzendaritza batzordean eginiko aldaketa guztiak ikasleen arloko errektoreordetzari jakinaraziko zaizkio hilabeteko epean, eta hark arautegi honekin bat datozen egiaztatuko du. Aldaketak arautegiarekin bat ez badatoz, inskripzioa ezeztatzeko prozedura hasiko da.

63. artikulua.– Eskakizunak ez betetzea.

Titulu honetan ezarritako eskakizunetakoren bat bete ezean, elkartea ohartarazteko espediente bat irekiko da, eta hilabeteko epea emango zaio akatsak zuzen ditzan. Hilabetea igarota akatsak zuzendu ezean, elkarteak ezin izango du UPV/EHUren laguntzarik eskatu, akatsak zuzendu arte. Urtebete igarota ez baditu akatsak zuzendu, UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan behin betiko baja emango zaio, eta, horrekin batera, aitortutako eskubideak galduko ditu, bai eta laguntzak ere, halakorik esleituta balu.

Hilabetea igarota frogatuko balitz elkarteak ez duela jardunik, UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan behin betiko baja emango zaio, ikasleen arloko errektoreordearen erabaki arrazoituaren bidez, eta, horrekin batera, aitortutako eskubideak galduko ditu, bai eta laguntzak ere, halakorik esleituta balu. Jardun eza frogatutzat joko da, besteak beste, elkartearen egoitza dagoen ikastegiko zuzendaritzari edo campuseko errektoreordetzari kontsulta egin ondoren, argi eta garbi ikusten denean elkarteak ez duela jardunik.

Era berean, behin betiko baja emango zaio elkarteari elkarteak berak hala eskatzen badu, zuzendaritza batzordeak horren alde hartutako erabakiaren akta aurkeztuta.