CAMPUSEKO IKASLEEN KONTSEILUAK

UPV/EHUko ikasleen arautegia

III. TITULUA. IKASLEEN KONTSEILUAK

III. KAPITULUA. CAMPUSEKO IKASLEEN KONTSEILUAK

47. artikulua.– Izaera.

Campuseko Ikasleen Kontseilua campuseko ikasleak ordezkatzen dituen kide anitzeko organoa da, eta ikasleen ordezkaritza koordinatzen du, dagokion campusaren esparruan.

48. artikulua.– Osaera.

Campuseko Ikasleen Kontseilua osatuko dute Campuseko Batzarrean ikasleek dituzten ordezkariek eta campus horrek Gobernu Kontseiluan dituen ikasleen ordezkariek. Arautegi honen ondorioetarako, Giza Zientzietako titulua (Esperientzia Gela) ikastegitzat hartuko da campus bakoitzean, eta ordezkari bat izango du campuseko ikasleen kontseilu bakoitzean.

49. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Campuseko ikasleen kontseiluak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) UPV/EHUren aurrekontuetan esleitu zaion aurrekontua nola banatu behar den erabakitzea.

b) Campusean kokatutako ikasleen kontseiluen jarduerak koordinatzea, babestea eta bultzatzea.

c) Ikasleei eragiten dieten ekimenak eta gatazken konponbidea kudeatzea, bere eskumenen esparruan.

d) Ikuskaritza Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea, ikasleen irakaskuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzeko.

e) Bere laguntzak onartzea, bere aurrekontuaren kargura.

f) Eztabaidatzea eta, egokitzat joz gero, onartzea campusean kokatutako ikasleen kontseiluek edo campus horretan matrikulatutako ikasleen % 5ek aurkeztutako ekimenak.

g) Campuseko ikasleei zuzenean eta modu esklusiboan eragiten dieten unibertsitateko arau guztiak onartu aurretik entzuna izatea, eta alegazioak aurkezteko aukera izatea.

h) Etenaldi akademikoa egitea erabakitzea, bere eremuan.

i) Soil-soilik bere campuseko ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko adierazpenak egitea.

j) Barne funtzionamendurako araubidea egitea eta, egoki iritziz gero, onartzea; arautegi honetan xedatutakoa errespetatu beharko du araubide horrek, nolanahi ere.

k) Estatutuek, arautegi honek eta gainerako araudiek emandako beste eginkizun guztiak.

2.– Campus bakoitzak, UPV/EHUko organo orokorrekin lankidetzan, campus horretako ikasleen kontseiluak bultzatutako jarduerak antolatzen eta egiten lagundu behar du.