Breadcrumb

alumnado_estudios_universitarios_iniciados

Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak

Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek prozedura honi jarraiki egin beharko dute eskaria:

11. artikulua. Ikasketa ofizialak hasita dituzten ikasleen onarpena:

1. Aipatutako ikasleek aukera hauek dituzte UPV/EHUko gradu batean sartzeko:

a) Berriro egin dezakete onarpen eskaria prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta ikasle berritzat hartuko dira; hau da, sarrera proban lortutako kalifikazioa edo parekoa hartuko da kontuan. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute 7. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.

b) Era berean, ikasketak hasita dituztenez, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute lekualdaketa, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztuko den epearen barruan. Eskari horiek ikastegiko dekanotzak/zuzendaritzak ebatziko ditu, errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta, betekizun hauei jarraikiz:

1º. Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago edo plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.

2º. UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak betetzea.

3º. Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren webgunean egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.  

Ikastegiak kontuan har ditzake, aldez aurretik hala erabaki eta argitara eman badu, ikasleak justifikatutako beste egoera batzuk, zuzenean eragiten diotenak ikaslearen egoera akademikoari.

2. Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartua izan dela egiaztatu ondoren.

3. Lekualdaketa UPV/EHUren ikastegi batetik beste batera egin bada ikasketa berberekin jarraitzeko, erabilitako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatuta izango ditu bi deialdi.

4. Gradu bera ematen duten ikastegiek plaza kopuru bat gorde ahal izango dute beren jatorrizko ikastegian ematen ez den aipamen bat egin nahi duten ikasleen lekualdaketa eskarientzat. Horretarako, tartean diren ikastegietako batzarren erabakia beharko da. Erabakian zehaztuko da zenbat plaza gordeko diren eta zein baldintzatan egingo diren lekualdaketak, eta informazio hori ikastegietako webguneetan argitaratu beharko da lekualdaketak eskatzeko epea hasi aurretik.

5. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

6. Onartutako ikasle horien berri eman beharko die ikastegiak graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzari.

12. artikulua. Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleen onarpena.

1. Aipatutako ikasleek aukera hauek dituzte UPV/EHUn sartzeko:

a) Ikasle horiek izena emateko prozesuan har dezakete parte, 4. artikuluan aipatzen diren bideetakoren bati jarraituta.

b) Era berean, lekualdaketa eskatu ahal izango dute, betiere baliozkotu edo aitortu ahal bazaizkie 30 kreditu, gutxienez.

Ikasle horiek onarpen eskaria aurkeztu beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztutako epearen barruan, eskariarekin batera arautegi espezifikoan zehaztutako agiriak aurkeztuta; eskari horiek dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta.

2. Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren webgunean egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.

3. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

4. Onartutako ikasle horien berri eman beharko die ikastegiak graduko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzari.

13. artikulua. Utzitako ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleen onarpena.

1. Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriro hartu nahi dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketetarako zehaztutako epearen barruan, eta dekano edo zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.

2. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

14. artikulua. Ikasketak hasita dituzten goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien onarpena.

1. Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi izanez gero, espedientea lekuz aldatzeko eskaria egin beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan, Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia aplikatzeko egin beharreko tramiteen egutegi ofizialean lekualdaketaren bidezko onarpenerako zehaztutako epearen barruan. Eskari horiek lehentasuna izango dute kasuan kasuko ikasketetan lekualdaketetarako dauden plazak esleitzean, bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoak, 9. artikuluko 10. atalean zehaztutakoarekin.

2. Ezarritako epetik kanpo, esleitu gabeko plaza hutsak geratu direnean baino ez dira onartuko era honetako lekualdaketak.

3. Onartutako ikasleak matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 31. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

Informazio osagarria