MATRIKULA-ORDAINTZEKO-LAGUNTZAK-Oinarriak

BAT-BATEAN SORTUTAKO EDO DENBORAN ZEHAR DIRAUTEN ARAZOEN ONDORIOZ, ZAILTASUN EKONOMIKOAK DITUZTEN EHUko IKASLEENTZAKO JARRAITUTASUN AKADEMIKORAKO BUELTATU-BEHARREKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. Xedea eta helburua

Oinarri hauen helburua da bat-batean sortutako edo unibertsitate-ikasketak hasi ondoren denboran zehar mantendu diren zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei zuzendutako laguntza itzulgarriak emateko deialdia arautzea. Laguntza horien bidez, 2025/2026 ikasturteko matrikularen ordaindu gabe geratutako zenbatekoa finantzatzea bilatzen da, ikasleen jarraitutasun akademikoa eta hezkuntzarako sarbidea bermatzeko.

2. Eskari egileak bete beharreko baldintzak

2.1. Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte 2026/2027 ikasturtean EHUn matrikulatzen diren ikasleek, gradu‑ikasketak edo unibertsitate‑master ofizialak egiten ari direnek, bai eta 2025/2026 ikasturtean ikasketak amaitzen dituzten pertsonek ere, baldin eta ikasturte akademikoa hasi ondoren sortutako zailtasun ekonomikoak justifikatzen badituzte edo, ikasketak hasita, pairatzen duten egoera ekonomiko zaila denboran zehar mantentzen bada. Halaber, ezinbestekoa da 2025/2026 ikasturterako bekarik edo ikasketa‑laguntzarik jaso ez izana.

2.2. Ezin izango dute laguntza eskatu eskatzen duten ikasketen baliokide den unibertsitate‑tituluren bat dutenek, ezta titulua eskuratzeko baldintza legalak betetzen dituztenek ere; salbuespena izango da, hala badagokio, egiten ari diren ikasketetara sartzeko aukera eman zien titulua.

2.3.  Ezingo dira onuradun izan aurreko deialdietan laguntza hau jaso eta Konpromiso Agirian jasotako akordioak bete ez dituzten pertsonak.

2.4  Laguntzak eskuratzeko, ikasleek matrikulatutako irakasgaien gutxienez %75era aurkeztu beharko dute, eta aurkeztutako irakasgai horietatik gutxienez erdia gainditu beharko dute

2.5 Laguntzaren onuradunek gehienez 60 ECTS kreditu matrikulatu beharko dituzte hurrengo ikasturtean. Hala ere, aurreko ikasturteetako errendimendua eta ibilbide akademikoa kontuan hartuta, kreditu kopuru desberdina matrikulatzeko baimena eman ahal izango da.

 

3. Zenbatekoa

3.1. Laguntzaren zenbatekoa 2025/2026   ikasturteko matrikulan ordaintzeke daukaten kopuru osoaren parekoa izango da.

3.2. Laguntzaren zenbatekoa EHUk berak zuzenean ezarriko du matrikulan ordaintzeke dagoen zatiaren kitapena egiteko.

3.3. Ikasleak ezin izango du laguntza bakarra baino gehiago jaso, nahiz eta aldi berean ikasketa desberdinak egiten ari izan.

 

4. Bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauten arazo ekonomikoak

Ikasleak bat-batean sortutako arazo ekonomikoak dituela ulertuko da, baldin eta ikasturtea behin hasita ondoko egoeraren bat suertatu bazaio:

  • Familiako sostengatzaile nagusia hil izana, sostengatzaile nagusiak nahitaezko erretiroa hartu behar izana arauzko legea bete gabe edo kide horri lanerako ezgaitasun iraunkorra eman izana.
  • Familiako sostengatzaile nagusia langabezian geratzea edo enplegu erregulazioan.
  • Familiako kideren batek gaixotasun larriren bat edo istripu larriren bat izatea.
  • Edo arau hauetan jasota egon gabe ikasleen arloko eskumenak dituen errektoreordearen iritziz egoera larria den beste edozein kasu.

Arazo ekonomikoak denboran dirauela ulertuko da, unibertsitate ikasketak hasi ondoren eta bat-batean sortutako arazo ekonomikoa izanik, egoerak hobera egin ez duenean hurrengo ikasturtean.

 

5. Laguntzaren dirua bueltatzeko era

Laguntza dirutan bueltatu beharko da, onuradunaren eta EHUren artean diru hori bueltatzeko era adostuta.
Hala ere, kasu jakin batzuetan, matrikulan ordaintzeke dagoen kopururako emandako laguntzaren zati bat dirutan bueltatu ahal izango du ikasleak eta, beste zati bat, erakundearen edo unibertsitateko kideen mesedetan egindako lanen bidez. Jarduera hauek ez dute inola ere ordezkatuko ordaindutako zerbitzu profesionalik.
Jardueraren batean izena eman eta betetzen ez duenak, justifikatua ez bada, ez du jarduerak beste modu batean osatzeko aukerarik izango eta dirutan ordainduko beharko du.
Baldintza hauek bete ezean, matrikula bertan behera geratuko da.

 

6. Erakundearekin edo unibertsitateko kideekin lankidetza jarduerak betetzeko irizpideak

6.1.    Zorraren %40raino deskontatu ahal izango da,  betiere jarduerak egiteko 25 orduak gainditzen ez badira. Jardueran emandako ordu bakoitzarekin 15 euro kitatuko dira zorretik

6.2.   Lehentasuna izango dute azken mailetako ikasleek. Azken ikasturteko ikasleen kasuan, lankidetza jarduerak egiteko denbora tarte txikiagoa dutenez, egutegi bat adostuko da jarduera hauek ahal denik eta tarterik laburrenean egin daitezen.

6.3.    Jarduera ezin izango da oztopo izan onuradunak ikasketetan bete behar dituen jardueretarako.

6.4.    Zorra jardueren bidez kitatuko duen onuradun bakoitzak fitxa bat izango du egindako jarduerak eta kitatzeke daukan zorraren kopurua bertan jasotzeko.

 

7. Eskaerak

Eskaria modu telematikoan osatu eta gero, erregistro bidez Ikasleen Partaidetzarako errektoreordetzan aurkeztu beharko da hurrengo jarraibideak jarraituz:

1. Lehenik, esteka honetan dagoen formularioa bete beharko da https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/bekak-eta-laguntzak/ikasleentzako-jarraitutasun-akademikorako-bueltatu-beharreko-laguntzak/eskaera-egiteko-formularioa eta 4. atalean zehaztutako egoeraren baten ondorioz bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauen arazo ekonomikoa frogatzeko beharrezko diren agiriak ere atxikitu beharko dira.

2. Eskaera EHUko erregistro elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko da: https://egoitza.ehu.eus/opencms/system/modules/sede/index. bertan sartuta. Interesatuak identifikazio elektronikorako sistema hauetakoren bat erabili beharko du: HUko txartela (Izenpe); Izenpe ziurtagiri digitala; NAN elektronikoa; edo Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria (FNMT-CERES). Eta hori hala da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (14.e) art.), eta bat etorrita EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Erabakiarekin, zeinaren bidez onartu baitziren interesatuak EHUrekiko harreman elektronikoetan identifikatzeko eta sinadura elektronikoa erabiltzeko jarraibideak, bai eta erakunde horretan lanean ari diren pertsonak identifikatu eta sinadura elektronikoa erabiltzekoak ere.

Era berean, eskaera aurkeztu ahal izango da sektore publikoko beste edozein erakunderen erregistro elektronikoan eta, ohiz kanpoko kasuetan, erregistro gaietan laguntzeko EHUren bulegoetan, aurrez aurre. Erregistro gaietan laguntzeko EHUren bulegoetan aurkezten diren eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira administrazio espediente elektronikoan sartzeko, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, interesduna funtzionarioaren aurrean identifikatu eta horrela jarduteko adostasun espresua adierazi ondoren, hori guztia EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Erabakiaren arabera, zeinaren bidez onartu baitziren gai hauei buruzko jarraibideak: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak; eskaerak, idatziak edo bestelako komunikazioak funtzionario publiko gaituaren bidez aurkeztea EHUn; eta funtzionario publiko gaituen erregistroa.

 

GARRANTZITSUA: Formularioa betez, telematikoki bidaltzen diren eta aurretik adierazitako prozeduraren bidez erregistratu ez diren eskabideak AURKEZTU GABEKOTZAT joko dira, eta laguntzatik kanpo geldituko dira.

 

8. Eskariak aztertzea eta erabakia ematea

8.1.    Eskariak EHUko Ikasleen eta Konpromiso Sozialeeako Errektoreordetzak aztertu eta laguntzak emateko proposamenak egingo ditu, kontuan izanda deialdi honek aurrekontu mugatua daukala. Laguntza esleitzeko edo ukatzeko emango duen erabakia ikasleari berari jakinaraziko zaio hilabeteko epean.

8.2.    Onuradunek konpromiso agiri bat sinatu beharko dute eta bertan ageriko da jasota: laguntzaren zenbatekoa, laguntza bueltatzeko era eta epeak eta  lankidetza jardueren bidez kitatuko duen kopurua. Konpromiso agiria erabakian zehaztutako datan sinatzen ez bada, laguntza honetatik kanpo geratuko da onuraduna. Dokumentu hau sinatzea ezinbestekoa izango da laguntza honen onuraduna kontsideratzeko eta behin betiko ebazpena ez da argitaratuko dokumentua sinatu arte.

 

9. Eskariak egiteko epea

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 12tik ekainaren 9ra egongo da zabalik biak barne.

 

10. Laguntza bueltatzeko epea

10.1. Laguntza hau, bere konpromiso dokumentuak zehazten duen epean eta, edozein kasutan, titulua, ziurtagiriak edo espediente akademikoari buruzko informazioa eskatu aurretik bueltatu beharko da, dirutan edo jardueren bidez; izan ere, graduko ikasketen gestioari buruzko arautegiak (2025/2026   ikasturtea) 34. artikuluko 6. atalean jasotakoari jarraituz, EHUrekin zorrak dituztenei ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere.

10.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako azken data iritsita, Ikasleen Konpromiso Sozialerako Errektoreordetzak erabakia aterako du onuradun bakoitzaren azken egoera jasoz.  

10.3. Gaian eskumena duen Errektoreordetzari deialdiaren garapen egokia bideratzeko neurriak hartzeko gaitasuna aitortzen zaio.

11. Laguntza teknologikorako programa osagarrietara sartzea

Jarraitutasun Akademikorako Laguntza Itzulgarriak jasotzen dituzten pertsonek aukera izango dute, hala eskatuz gero, EHUren ordenagailu eramangarrien aldi baterako mailegu programan parte hartzeko. Programa honen helburua da ikasleei beren jarduera akademikoa garatzeko behar dituzten baliabide teknologikoetara sarbidea erraztea.

Ordenagailuaren mailegua ematea programa arautzen duen ebazpenean ezarritako baldintzen eta prozeduraren mende egongo da.

Laguntza itzulgarriaren onuradun izateak ez du automatikoki bermatzen ordenagailuaren mailegua jasotzea; mailegua ekipamenduaren eskuragarritasunaren eta ikasleen arloko gaietan eskumena duen errektoreordetzak egindako balorazioaren arabera emango da.

12. Errekurtsoak

12.1 Laguntza ukatuz gero, ikasleak erabakiaren kontrako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango du hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 123 eta 124. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.

12.2 Era berean, erabakiaren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da. Horretarako, bi hilabeteko epea egongo da, erabakia iragarri eta hurrengo egunetik hasita.

 

Leioan, 2026ko maiatzaren 11an