Prezioak murrizteko edo ez ordaintzeko eskubidea.
2026ko ekainaren 1eko Aginduak (Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena) araututako unibertsitateko ikasketa zerbitzuengatiko prezio publikoak murrizteko edo ez ordaintzeko eskubidearen onuradun izateko, interesdunek kasuan kasuko baldintza bete beharko dute, edo, gutxienez, dagokion administrazioaren aurrean izapidetzen hasi matrikula egiteko ezarritako epean, eta kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa aurkeztu. Data horretan aitorpena izapidetzen ari bada, aitorpenaren edo berrikuspenaren eskabidearen kopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da. Lehen aipatutako agirietako bat ere aurkeztu ezin bada (justifikazioa edo aintzatespen-eskaera), salbuespena aplikatzea eskatu beharko da tasak edo prezio publikoak sortzen dituen izapidea egiten den unean (matrikulaldian), eta inoiz ez ondorengo 10 egun baliodunak baino beranduago.
Edonola ere, dagokion ikasturteko abenduaren 31n baino lehen aurkeztu beharko da prezioaren salbuespena edo murrizketa eragiten duen baldintza aitortzen dela egiaztatzen duen behin-betiko dokumentazioa.
Aipatutako paragrafoetako agiriak ezarri den epean ekarri ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuen prezio publikoak ordaindu beharko dira.
Era berean, interesdunek administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hala eskatutako kasuetan. Ziurtagiri horrek 2026ko urtarrilaren 1ean interesdunaren etxean bizi diren pertsona guztien zerrenda barne hartuko du.
Ezarritako epearen barnean aipatutako dokumentazioa entregatu ezean, emandako eskubideak automatikoki baliogabetuko dira eta dagokion pertsonak prezioak murrizteko edo ez ordaintzeko eskubidea aplikatu zaien unibertsitate zerbitzuengatiko zenbatekoa ordaindu beharko du.
Eskola asegurua nahitaezkoa da 28 urtetik beherako ikasleentzat, eta ez dago prezio murrizketarik edo prezioa ez ordaintzeko aukerarik. Kasu guztietan, matrikularen lehen epearekin batera ordaindu behar da.
Salbuespena I., II., III., IV.,V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioei dagokie (kredituen prezioa).
Ohorezko Matrikula.
Kreditu sistemaren bidez egituratutako irakaskuntzetan ohorezko matrikulagatiko murrizketak ikasketa bereko hurrengo matrikulan edo egindako lehen zikloak aukera ematen duen 2. zikloko ikasketetan aplikatuko dira. Murrizketa horiek UPV/EHUko ikasleei soilik aplikatuko zaizkie, eta ez beste unibertsitate publiko zein pribatuetatik datozenei.
Batxilergoko edo Lanbide Heziketako goi-mailako ikasketetako ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Kalifikazio orokorra ohorezko matrikularena bada soilik izango dute unibertsitatera sartzen diren lehen aldian matrikula ordaintzetik salbuesteko eskubidea. Ikasle horiek, UPV/EHUn matrikula egitera datozenean, Batxilergoko edo LHko espedientea ekarriko dute, eta bertan berariaz adieraziko da ohorezko matrikularen aipamena lortu dutela.
Familia ugariak.
Familia ugariko ikasleek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta familia ugaritzat aitortuta badaude, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean jasota dagoen bezala.
Maila orokorreko familia ugarietako partaideek aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezio publikoen % 50 ordaindu beharko dute.
Maila bereziko familia ugarietako partaideek ez dituzte ordainduko aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioak.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru-aldundiak edo arlo honetan eskumena duen administrazioak emandako titulu ofiziala, indarrean dagoena, eta familia ugarikoa dela aitortzen duena (kategoria ere adierazi behar da bertan).
-
Beste estatu batzuetatik datorren ikasleak, estatu horretako araudiaren arabera familia ugariaren izaera izan dezakeenak, izaera hori aitortzeko eskatu beharko dio autonomia-erkidego bakoitzeko administrazio eskudunari, 40/2003 Legearen 3. eta 5. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia.
Prezio publikoen salbuespena edo murrizketa lortu ahal izango du guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia bateko kide den ikasleak, guraso bakarreko familien araubidea arautzen duen abenduaren 2ko 232/2025 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
100ko salbuespena kategoria berezian sailkatutako guraso bakarreko familietako edo gurasobakartasun-egoeran dauden familietako kideak direnean.
% 50eko murrizketa guraso bakarreko familietako edo gurasobakartasun-egoeran dauden familietako kideak direnean eta kategoria orokorrean sailkatuta daudenean
Aurkeztu beharreko agiriak:
Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren ziurtagiri digital kolektiboa, administrazio eskudunak emana.
Terrorismoaren biktimak eta haien senideak.
Terrorismoaren biktimek eta haien senideek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluaren arabera halakotzat aitortuta badaude.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena, indarrean dagoena. Horrez gain, biktima bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibidualarena; eskatzailea senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboarena.
Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia.
Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia batek 2026ko ekainaren 1eko aginduan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetakoren batean egon beharko da: edo unibertsitate-ikasleak berak % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideren batek % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea
Aurkeztu beharreko agiriak:
Dagokion foru-aldundiaren edo arlo honetan eskumena duen administrazioaren ebazpena, indarrean dagoena eta minusbaliotasun-maila zehazten duena. Horrez gain, eskatzailea senitartekoa bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa
Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima.
Genero-indarkeriaren biktimek (halakotzat hartuta genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuaren arabera), eta haiekin bizi diren haien kargurako 25 urtetik beherako seme-alabek, eta sexu-indarkeriaren biktimek (halakotzat hartuta Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren arabera), unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena aplikatzeko eskubidea izango dute.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Biktima senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa. Kasu batean zein bestean, genero-indarkeriaren egoera egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Oro har, 5 urteko indarraldia hartuko da kontuan, egiaztapenean beste indarraldi bat zehazten ez bada.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Pertsona genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima dela edo izan dela deklaratzen duen ebazpen judiziala.
- Biktimaren aldeko indarreko babes-agindua.
- Ministerio fiskalaren txostena, babesteko agindua eman bitartean pertsona genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena.
- 2021eko azaroaren 11ko Berdintasuneko Konferentzia Sektorialaren Akordioak, genero indarkeriako edo/eta sexu-indarkeriako egoerak egiaztatzeari buruzkoa bera, bere II. eranskinean zerrendatutako gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo harrera-zerbitzuen txostena.
- Sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izatearen egiaztapenari dagokionez, Berdintasunerako Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 27ko Akordioan ezarritakoa, sexu-indarkeriaren egoera egiaztatzeari buruz.
Asilo-eskatzaileak, nazioarteko babesaren onuradunak eta aberrigabeak.
Nazioarteko eta aldi baterako babesaren eskatzaileek zein onuradunek eta aberrigabeek agindu honetan araututako prezio publikoak ordaintzetik salbuestea lortu ahal izango dute, baldin eta maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.
Aurkeztu beharreko dokumentuak: 2026ko urtarrilaren 1ean zeukaten administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria edo geroagokoa, baldin eta ziurtagiri hori matrikulazio-data baino lehenagokoa bada eta hauetako agiri bat:
- Nazioarteko babesa eskatu izanaren frogagiria eta, hala badagokio, borondate-adierazpena formalizatzea.
- Asilo-eskatzailearen agiria, egiaztatzen duena eskaera izapidetzeko onartu dela (txartel gorria).
- Aberrigabearen estatutuaren eskaera edo onarpen-agiria.
- Ukrainatik alde egin duten pertsonentzako aldi baterako babesa lortzeko eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria, babesa ematen duen ebazpena edo egoiliar txartela.
- Nazioarteko babesaren onuradunaren ziurtagiria: errefuxiatua edo babes subsidiarioaren onuraduna izatearen justifikazioa edo arrazoi humanitarioen ziozko bizileku-baimena.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunak.
Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren onuradun izango dira Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera aktiboko espediente baten titularrak edo bizikidetza-unitatekoak direnak. Pertsona horiek agindu honetan araututako prezio publikoen salbuespena lortu ahal izango dute, betiere maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.
Aurkeztu beharreko agiriak: administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera kobratu izanaren ziurtagiria.