EHULKU

EHULKU

EHULKU sarea

Euskara akademikoa duela lau hamarkada hasi zen garatzen unibertsitateko ikasketetan euskara erabiltzen hasi zenean. Euskara ordura arte erabili gabeko alor espezializatuetan baliatu ahal izateko, askotariko hizkuntza-baliabideak sortu behar ziren, besteak beste, hiztegi eta fraseologia akademikoa, eta espezialitate-alorrez alorreko terminologia. Gainera, euskara akademikoa garatzeko prozesua euskara batuaren kodifikazioarekin gainezarri da hamarkada hauetan. Aditu euskaldunek garatzen duzue euskara akademikoa, eta ohikoena da askotariko zalantzak izatea testu espezializatuak sortzeko orduan. Nola aplikatu euskara batuko arau hau nire alorreko diskurtso espezializatuan? Zein da kolokazio egokiena: bereizmen handi ala bereizmen altu? Zein da terminorik egokiena: geneen adierazpena ala geneen espresioa?

EHULKU sarea sortu dugu zalantza horiek guztiak bideratu ahal izateko. Hizkuntzalari talde batek eta zalantzak helaraziko dizkiguzuen irakasle-ikertzaileek eta doktoregaiek osatzen dugu sarea. Lankidetzaren bidez euskara akademikoa garatzen eta egonkortzen joatea da helburua. Espezialitate-alorrez alorreko adituok duzue zuen alorreko ezagutza semantiko-pragmatikoa eta, hizkuntzalariok, aldiz hizkuntzalaritzak ematen dizkigun zenbait lanabes ditugu. Osagarritasun hori baliatuko dugu EHULKU sarean.

Ikastegi bakoitzean zure zalantzak bideratzeko kontaktua duzu. Sarean parte hartzen dugun hizkuntzalariok zalantzen inguruan eztabaidatu, eta landutako erantzuna emango dizugu.

Kideen zerrenda