«Euskarazko Doktoregoa» aipamena
Aipamena lortzeko baldintzak
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 11n onetsitako UPV/EHUko Doktorego Ikasketa Ofizialen Kudeaketarako Arautegiaren arabera, tesia euskaraz egiten duten doktoregaiek «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortu ahal izango dute baldintza batzuk betez gero:
a) Tesia euskaraz egiteko asmoa adierazteko galdetegia bete, eta adierazpen-dokumentua (pdf, 106 Kb) sinatu.
b) Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzaren jarraipena izatea.
c) Tesiaren % 100 euskaraz idaztea.
d) Ahozko defentsaren % 100 euskaraz egitea, nazioarteko tesien kasuan izan ezik.
e) Tesia gordailuan uzten dutenean, «Euskarazko Doktoregoa» aipamena eskatzea.
Aipamena lortzeko prozedura
Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzaren eginkizuna da tesia egiten ari diren doktoregaien prozesuaren jarraipena egitea, tesiaren egiletza eta hizkuntza kalitatea bermatzeko. Jarraipen horretan parte hartzea nahitaezkoa izango da «Euskarazko Doktoregoa» aipamena eskatzen duten doktoregaiei onespen-txostena egin ahal izateko.
Prozesuaren hasiera: asmoaren adieraztea
Doktoregaiak tesia euskaraz egiteko asmoa adierazteko galdetegia eta adierazpen-dokumentua bete eta helarazi beharko dizkio Errektoreordetzari (ikus behean, "Inprimakiak" atalean). Doktoregaiak doktorego-programan lehen matrikula egiteko orduan adierazi beharko dio tesia euskaraz egiteko asmoa; hala ere, hala egin ez dutenek bigarren, hirugarren edo laugarren matrikula egiten duten unean ere adierazi ahalko dute asmo hori, eta, horrela, aukera izango dute «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortzeko, betiere haien egoera akademikoak Erabakian zehazten diren beste baldintzak betetzeko aukera ahalbidetzen badie.
Jarraipen-prozesua: deialdiak, epaimahaiak eta ebidentziak
Deialdiak
Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak jarraipena egiteko ohiko deialdia antolatuko du urtero, doktorego-programen urteko jarraipenaren ostean. Deialdian parte hartu beharko duten doktoregai guztiek jasoko dute garaiz horren berri.
Ondo oinarritutako arrazoirengatik tesia gordailuan uzteko epea jarraipenaren epeekin egokiro uztartzen ez zaien doktoregaiek jarraipen-deialdi berezia eskatzeko aukera izango dute. Horretarako, eskabidea helarazi beharko diote Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzari, erregistroaren bidez, deialdi bereziaren beharraren arrazoiak egokiro azalduta.
Jarraipen-epaimahaien osaera
Tesia euskaraz egiten ari diren doktoregaien jarraipena egiteko epaimahaiak Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak izendatuko ditu deialdia egin aurretik. Horretarako, epaimahaietan parte har dezaketen IRIen zerrenda osatuko da aldez aurretik. Epaimahaiak doktorego-programaren adar nagusien arabera egokituko dira. Hartara, adar guztietako doktoregaien jarraipena egin behar izanez gero, bost epaimahai osatuko dira.
Jarraipen-epaimahaiak honela osatuta egongo dira:
- Euskara akademikoaren alorrean esperientzia duten bi hizkuntzalari, eta bi ordezko.
- Doktorego-programen bost adar nagusietako ordezkari bana eta ordezko bana: Arte eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Osasun Zientziak eta Zientziak.
- Epaimahaiburua eta idazkaria hizkuntzalariak izango dira.
Jarraipenerako ebidentziak
Jarraipena bost ebidentzia motatan oinarrituko da:
a) Doktoregaiaren eta zuzendarien euskara-mailaren akreditazioa.
b) Urtean zehar doktorego-tesiarekin lotuta euskaraz egindako jarduerak: mintegietan, jardunaldietan edo kongresuetan aurkeztutako lanak, argitaratutako ar kuluak etab.
c) Euskara akademikoari buruz jasotako formazioa.
d) EHULKU sarean tesiarekin lotuta egindako hizkuntza-kontsultak.
e) Jarraipen-probak: a) Idatzia: tesiaren ikerketa-proiektua edota atal bat; b) Ahozkoa: aurrez aurreko ahozko proba, grabatu egingo dena.
Doktoregaiak aurkeztutako ebidentziak eta jarraipen-probetan erakutsitako gaitasunak kontuan hartuta, epaimahaiak txosten bat egingo du eta doktoregaiari helaraziko dio. Txostenean epaimahaiaren ebaluazioa eta, beharrezkotzat joz gero, hobekuntzarako gomendioak bilduko dira. Hortaz, jarraipena ebaluazio jarraitu formaziotzat har daiteke, eta horren helburua da gordailuan uzten diren doktorego-tesien hizkuntza kalitatea eta doktoregaien ziurtasuna bermatzea.
Azken urratsa: eskaria eta txostena
Tesia gordailuan uzteko unean doktoregaiak «Euskarazko Doktoregoa» aipamena eskuratzeko eskaria aurkeztuko du erregistrotik, tesiarekin eta gainerako dokumentazio guztiarekin batera (ikus behean, "Inprimakiak" atalean). Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak aldeko edo aurkako txostena egingo du jarraipenaren eta tesiari dagozkion baldintzen betetze-mailan oinarrituta.
Euskarazko C2 maila egiaztatzetik salbuesten duen ziurtagiria
«Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortzen duten doktoregaiei ofizioz tramitatuko die Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak Apirilaren 3ko 47/2012 eta Otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuen arabera euskararen C2 maila egiaztatzetik salbuetsiko dituen akreditazioa.
Inprimakiak
- Prozesuaren hasiera:
- Galdetegia ( sarbidea ) + Tesia euskaraz egiteko asmoa adierazteko dokumentua ( euskara / espainiera / ingelesa )
- Prozesuaren amaiera (tesia gordailuan uzten denekoa):
- «Euskarazko Doktoregoa» aipamena eskatzeko inprimakia ( euskara )