Instrucciones Generales (movilidad)

Instrukzio orokorrak

MUGIKORTASUN PROGRAMAK 2018-2019

Eskaera egiteko epea: 2017ko azaroaren 27tik abenduaren 18ra

1. esleipena: 2018ko urtarrilaren 17a

2. esleipena: 2018ko otsailaren 5a

KONTAKTUAK

EHUn:

Nazioarteko Harremanetarako Koordinatzailea Estibaliz Apiñaniz

esc-ingenieria.internacional@ehu.eus (Astearte eta ostiralak:10:00etatik 12:00etara)

Kudeaketa akademikorako: Konpromiso Akademikoa, agiri horren aldaketak, egonaldia luzatzeko eskariak, etab.

Idazkaria: Marian Santamaría marian.santamaria@ehu.eus

Kudeaketa administratiborako: informazioa, agiriak, zalantzak, etab.

Bekak: Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko Errektoreordetza

movilidad. internacional@ehu.eus

Kanpoko Unibertsitatean:

Harremanetarako pertsona Nazioarteko Bulegokoa izan daiteke edo, bestela, koordinatzaile akademikoa. Garrantzitsua da pertsona horri adieraztea noiz iritsiko zareten eta bertan zer egingo duzuen, behar adina denborarekin (gutxienez ere 3 hilabete), behar den dokumentazioa aurrez bidaltzeaz gainera. Gradu Amaierako Lana egingo duzuenok gai bat eta irakasle-tutorea aurkitu beharko duzue helburuko unibertsitatean lehenago.

 

GASTEIZKO IUE-KO MUGIKORTASUN PROGRAMETAKO IKASLEEK BETE BEHARREKO URRATSAK

1. ABIATU AURRETIK

2. HELBURUKO UNIBERTSITATEAN

3. EGONALDIAREN AMAIERAN

 

1. ABIATU AURRETIK

- Eskaria egin ahal izateko baldintzak:

                - Europako nazionalitatea edukitzea edo egoiliar iraunkorra izatea.

                - 2. mailan egotea, gutxienez. 1. maila guztiz gaindituta izatea.

- Parte hartu nahi duzuen programari buruzko informazio guztia irakurri Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko Errektoreordetzaren webgunean.

- Zuen egonaldiari buruzko informazio-bilera guztietara joan. Garrantzizko arrazoiak tarteko ezin bazarete bilera horietara joan, jakinaraz iezaguzue posta elektroniko bidez.

- Unibertsitatearen posta elektronikoa maiztasunez kontsultatu, komunikazioa posta elektroniko bidez egingo baita. Kontuan izan Errektoreordetzak eta GAUR sistemak bakarrik zuen EHUko helbidea erabiltzen dutela (@ikasle.ehu.eus).

- Ahal den informazio guztia lortu zuen jomugako unibertsitateari buruz, haren webguneen bitartez eta aurreko urteetan han egon diren ikasleen bitartez. Ikus estekak eta iruzkinak Eskolako webgunean.

- Konproba ezazue zein hizkuntzatan irakasten diren ikasgaiak helburuko unibertsitatean, eta egiazta ezazue unibertsitate horretan eskatzen dituzten tituluak dauzkazuela.

- Konproba ezazue hautatu nahi duzuen helburuko unibertsitatean zuen titulazioa eskaintzen dutela: Eskolako Webgunean aurkituko dituzu helmuga unibertsitateetako Webguneak.

 

KUDEAKETA AKADEMIKOA: dokumentuak.

Helburuko Unibertsitatera gutxienez ere hiru agiri bidali beharko ditugu: Eskaera-orria (Application Form), Konpromiso akademikoa (Learning Agreement) eta Espediente akademikoa (Transcript of Records).

Eskaera-orria (Application Form) zeuek prestatu behar duzue, askotan online. Nork bere helburuko unibertsitatean eskatzen diotena egiaztatzeko erantzukizuna izango du, eta epe-mugak zein diren jakin beharko du.

Konpromiso akademikoa (Learning  Agreement).

Konpromiso honetan  ikasleak helmugako unibertsitatean egingo dituen irakasgaiak zein EHU-n baliozkotu dituenak agertzen dira. Helburuko unibertsitate bakoitzak bere inprimakia edo/ta prozedura propioa izan dezake.

Egonaldiaren eduki akademikoa zuzendariordearekin (Estibaliz Apiñaniz) adostu behar duzue.

Konpromiso akademikoa zuzendariordearekin adostu beharko da, GAUR sisteman grabatu beharko da eta sinatuta entregatu beharko da abiatu baino lehen. Horretarako Excel taula bat erabiliko dugu, bi unibertsitateetako ikasgaiak jarriz, kreditu kopuruak eta EHUko irakasgai mota (hautazko/derrigorrezkoa) argi erakutsiz. Helburuko unibertsitateko egin nahi dituzuen ikasgaien irakaskuntza-gida PDF batean edo horren esteka bidali behar zaio Estibaliz Apiñaniz-i.

Aldaketa oro posta elektroniko bidez jakinarazi beharko da helburuko unibertsitatean ikasturtea hasi eta hamabost eguneko epean.

 

Ikasle guztiok Eskolan matrikulatuta egon beharko duzue atzerriko egonaldian zaudeten bitartean, zuen Konpromiso Akademikoan agertzen diren ikasgaietan baliozkotzea egin ahal dezagun.

 

Helburuko unibertsitatean aukeratzen dituzuen ikasgaiak ingeniaritzakoak izango dira. Hizkuntza-ikasgaiak soilik onartuko dira baldin eta pakete itxi baten barrenean badatoz, eta pakete horretan zer egiten duzuen aukeratzerik ez duzuenean. Ezin izango dira baliozkotu aurrez Eskolan suspenditutako ikasgaiak.

Gutxienez ere 30 kreditu egin beharko dira, baldin eta egonaldia 5 hilabetekoa bada, eta 60 kreditu baldin eta egonaldia ikasturte osokoa bada.

Helburuko unibertsitatean egindako ikasgaia hemen baliozkotu ahal izateko, amaierako nota eduki beharko du, eta egonaldia amaitu ondoren emango dizueten Transcript of Records agirian agertu beharko da.

Eskolan nahitaezkoak diren ikasgaietarako, antzeko ikasgaiak proposatu behar dira.

Hautazko ikasgaietarako askatasun handiagoa izango duzue, baina ingeniaritzakoak izan beharko dute eta Eskolan baliozkotu behar dituzuen kreditu-kopuru bera izan beharko dute.

 

EHUko espediente akademikoa (Transcript of Records) Marian Santamaria-ri eskatuko diozue.

Dokumentazio hori Marian-i eman beharko zaio, eta berak egiaztatuko du dena zuzen dagoen; eta Eskolatik bidaliko zaio kasuko atzerriko koordinatzaileari, unibertsitate bakoitzari dagozkion egunetan (ikasle bakoitzak bilatu beharko du harrerako unibertsitateko webgunean epe-muga horiek zein diren eta prozedura: online, posta bidez, posta elektroniko bidez …). Online eginez gero, Marian-i jakinarazi beharko diozue eskaria amaitu duzuela, eta online tramitatu dituzuen agirien kopia eskuratu beharko diozue, artxiba ditzan.

Gradu Amaierako Lana egingo duzuenontzat, interesgarria litzateke aurrez helburuko unibertsitatearekin adostea Gradu Amaierako Lana eta hura zuzenduko duen tutorea, eskarian haiek adierazi ahal izateko. Horrela, arazoak saihestuko dituzue.

 

EGONALDIA PRESTATZEA: dokumentuak.

Ostatua. Ostatu-kontuak ahal bezain laster prestatu behar dituzue. Zeuek kudeatu beharrekoa da hori, helburuko unibertsitateak ematen dizuen informazioarekin. Unibertsitate batzuetan oso konplexua izan daiteke hori, eta lehenbailehen egitea komeni zaizue.

Aseguruak.

- Aseguru medikoa: Europako kasuan, Europako Osasun Txartela da (Gizarte Segurantzan galdetu hura lortzeko zer egin behar den). Gizarte Segurantzako bulegoetan galdetu beharko duzue nolako akordioak dauden, zer estaltzen duten eta nola funtzionatzen duten. Aseguru mediko pribatuak dituzuenok atzerrian nolako estaldura duzuen galdetu beharko duzue. GUZTIOK eraman beharko duzue aseguru mediko bat, eta haren kopia eskuratu beharko diozue Marian-i. 

 

- Cum Laude Asegurua. Istripu eta aberriratze-asegurua da.

Deialdiko oinarrietan esaten da NAHITAEZKOA dela atzerriko egonaldi OSOA hartuko duen aseguru bat KONTRATATZEA. EHUk hitzarmen bat du egina, zeinaren bidez ikasleei Cum Laude Asegurua eskaintzen baitzaie.

Aseguruaren (Cum Laude nahiz antzeko beste bat) fotokopia bat bidali beharko duzue Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko Errektoreordetzara, eta beste kopia bat Marian-i.

Cum Laude Asegurua ikasturtearekin lotuta dago (irailaren 1etik abuztuaren 31ra). Hori dela eta, uztailan/abuztuan abiatzekoak zaretenok BI aseguru kontratatu beharko dituzue. Aldi berean kontratatu ahalko dituzue.

- Erantzukizun zibileko asegurua. Aseguru hori jada kontratatuta dauka Unibertsitateak ikasleentzat.

Aseguru horrek helmugako unibertsitateetan eragin ditzakezuen kalteak estaltzen ditu; horietako batzuetan, hura aurkezteko eskatuko dizuete laborategietan sartu ahal izateko. Nolanahi ere, unibertsitate batzuek zeuen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzeko eskatuko dizuete.

Bisatua. Bisatua eskatzen duten herrialdeetara joan behar duzuenok (bakarren bat seguru ez badago, Kanpo Arazoetarako Ministerioko webgunean topatuko duzue informazioa –www.maec.es–, edo, bestela, enbaxadara telefonoz deitu beharko duzue) helburuko unibertsitateko nazioarteko arduradunari eskatu beharko diozue ikasle-trukeko programaren ikaslea izateari buruzko onarpen-ziurtagiria.

Ikaslearen adierazpena. Marian-en bulegoan sinatuta utzi beharko duzue zuen Erasmus ikaslearen adierazpena, UPV/EHU-AL ikaslearen adierazpena,  edo Beste Norakoak Programa adierazpena

Kredentzialak. Zuen helburuko unibertsitatera matrikularen frogagiria eta atzerrira doan ikaslearen ziurtagiri ofiziala (GAURen dago) a beharko duzue.

 

BEKAK ESKATZEA: dokumentuak.

Informazioa aldizka gaurkotuko da Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko Errektoreordetzaren webgunean:

- Europar Batasunaren beka, SEPIE-k ematen duena (Servicio Español para la Internacionalización de la Educación), Erasmus ikasleentzako bakarrik. GAUR sistematik jaitsi Diru-laguntzaren Kontratua. Kontratu hori bete, sinatu eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko Errektoreordetzara bidali, kontratatutako Cum Laude aseguruaren –edo horren antzekoaren– fotokopiarekin batera.

- Eusko Jaurlaritza-ren beka.

- Kutxabank-en beka. Maiatza aldera eskatu beharko duzue. Begiratu Kutxabanken webgunean.

GARRANTZITSUA: postu bakoitzak hilabete jakin batzuk dauzka esleituta.

Helburuko unibertsitatean  iritsi eta irteerako ziurtagiriak sinatzen dizkizuetenean, ongi begiratu beharko duzue egonaldiak behar diren hilabeteak hartzen dituela. Hala ez bada, kobratutako beken parte proportzionala itzultzeko eskatuko dizuete.

 

2. HELBURUKO UNIBERTSITATEAN

1. Lehenengo egunetan, GAUR-tik iritsi-ziurtagiria (Certificate of Arrival) jaitsi beharko duzue.  Harrerako unibertsitatean hura sinatzeko eskatu eta Errektoreordetzara (movilidad.internacional@ehu.eus) bidali beharko duzue. Bestela, ez dituzue bekak kobratuko.

2. Posta elektroniko bidez eskatu ahalko diozue zuzendariordeari (Estibaliz Apiñaniz) konpromiso akademikoaren aldaketa justifikatuak bidaltzeko (ordutegiak gainjarrita egoteagatik, irakasteko hizkuntzagatik, egiazko edukiagatik…), beranduenez helburuko unibertsitatean ikasturtea hasi eta 15 eguneko epean.

Behin haiek onartuta, GAUR-en aldatu beharko dira. Baliozkoa izan dadin, Eskolara konpromiso akademiko berria igorri beharko duzue, helburuko unibertsitateko sinadurarekin eta zigiluarekin. Zure sinadura ere beharrezkoa da.

3. HELBURUKO UNIBERTSITATEAN GASTEIZKO ESKOLAKO IKASGAIEN AZTERKETAK EGITEKO AUKERA

Helburua da saihestea helburuko unibertsitatean klaseak edo azterketak gal ditzazuen. Azterketa Eskolan egiten den egun berean eta ordu berean egingo litzateke, eta haren ardura duen irakasleak posta elektronikoz igorriko lioke helburuko unibertsitatean.

Behin egin ondoren, harrerako unibertsitateko arduradunak kopia eskaneatu bat eta jatorrizko azterketa igorri beharko dio (azterketa egin ondoren) ikasgaiko irakasleari.

Azterketa horrela egin ahal izatea ez da eskubide bat. Hori dela eta, Eskolako irakasleek ez dute zertan prozedura hori jarraitu, eta kontuan hartu beharko duzue prozesu horri datxezkion arriskuak onartzen ari zaretela (zerbitzariek huts egitea, jatorrizko azterketa posta-zerbitzuetan galtzea eta abar). Urrutiko azterketa bat egiteko, honako urratsak egin beharko dituzue:

1. Baimena eskatu kasuko ikasgaiko irakasleari.

2. Helburuko zentroko koordinatzailearekin harremanetan jarri, zuri azterketa egiteko prest dagoen jakiteko.

3. Eskari-inprimaki bat bidali azterketari buruzko informazioarekin: data, ordua eta irakasle arduraduna.

Eskatzeko epea: abenduaren 15a, urtarrileko deialdirako, eta maiatzaren 1a, maiatzeko deialdirako.

Ez da onartuko inongo urrutiko azterketarik, data horretarako adierazitako hiru urratsak egin ez badira.

Oharra: Mesedez, ikasi, koordinatzaileentzat guzti honek dakarren ahaleginak zer edo zertarako balio dezan.

Kontuan izan, herrialde bakoitzeko jaiak eta lan-ordutegiak ez datozela beti bat. Hori dela eta, baldin eta hemen azterketa bat egiten den garaian han jai-eguna bada edo berandu bada, ezin izango duzue azterketa helburuko unibertsitatean egin. Azterketa hemen egiten den egun berean eta ordu berean egingo da, salbuespenik gabe.

Azterketa horietakoren bat suspendituz gero, azterketa berrikusteko prozesua ohikoa izango da; ezin izango da urrutiko berrikuspenik egin.

 

EGONALDIA LUZATZEA

Hasierako egonaldia soilik lehenengo seihilekorako bada eta ikasleren batek luzatu nahiko balu –harrerako unibertsitatea horrekin ados balego–, honako urratsak jarraitu beharko ditu:

1. Zuzendariordeari (Estibaliz Apiñaniz) eskatu beharko diozue posta elektroniko bidez, arrazoiak emanda. Egonaldia zein egunetara arte luzatu nahi duzuen adierazi beharko duzue.

2. Cum Laude aseguru indardunaren (egonaldiaren luzapenari dagokiona) fotokopia bidali beharko diguzue. Lehendik badaukazue, fotokopia erantsi; bestela, luzapen bat kontratatu beharko duzue eta haren fotokopia bidali beharko diguzue.

3. Harrerako zentroaren baimena bidali beharko diguzue, non zentro horrek adieraziko baitu ados dagoela egonaldia luzatzearekin.

4. Konpromiso akademiko berria, aldi berrian egin behar dituzuen ikasgaiak jasotzen dituena.

5. Behin dokumentazio guztia daukagunean, posta elektroniko bidez adieraziko dizuegu dena zuzen dagoen eta luzapena ofizialki onartuta dagoen.

Nolanahi ere, aldi berriak hasierako egonaldiaren jarraipenekoa izan beharko du.

Egonaldiaren luzapena baimentzeak ez dakar berarekin bekaren luzapenik.

 

3. EGONALDIAREN AMAIERAN

IKASGAIAK BALIOZKOTZEA:

Harrerako unibertsitatean azterketak amaitzen dituzuenean, nabarmendu beharko duzue kalifikazioak Noten ziurtagiria (Transcript of Records) izenaz ezagutzen den inprimaki batean guri bidali behar dizkigutela helbide honetara:

Euskal Herriko Unibertsitatea. Gasteizko Ingeniaritzako Eskola

Nazioarteko Harremanak

Nieves Cano kalea, 12.

01006 Vitoria-Gasteiz (Spain)

Behin Eskolan, emaitzak jaso ditugunean Konpromiso Akademikoaren arabera baliozkotuko dira. Helburuko unibertsitatean ikasgairen bat suspenditzen baduzue, hemen suspenditutzat joko dugu, dagokionaren arabera.

GRADU AMAIERAKO LANA baliozkotu dezagun, horretaz gain, honakoa aurkeztu beharko diguzue:

  • CD bat, jatorrizko Gradu Amaierako Lanarekin eta euskarazko zein gaztelaniazko laburpen txiki batekin. Ikasle bakoitzak GAL indibiduala aurkeztu beharko du, bi ikaslek edo gehiagok ezin dute GAL berdina aurkeztu (2013-3-1ean eskolan onartu zen I.U.E.ko Gradu Amaierako Lanari buruzko arautegia).
  • Bai kutxan, bai CDan, honakoak adierazi beharko dituzue: Lanaren izenburua, ikaslearen izen-deiturak, espezialitatea eta harrerako unibertsitatean lana nork zuzendu duen.

 

INKESTAK ETA EGONALDI-AMAIERAKO ZIURTAGIRIAK

Eskola: zuen egonaldiari buruzko laburpen bat igorri beharko diguzue, testu librekoa, helburuko unibertsitate berera etorkizunean joan daitezkeen ikasleei zuzendua (posta elektroniko bidez bidali: marian.santamaria@ehu.eus).

Errektoreordetza: egonaldia-amaierako ziurtagiria (Certificate of Departure), GAUR-tik jaitsitakoa, bidali beharko diozue, harrerako unibertsitateak sinatuta, eta eskatzen dizueten online inkesta bete.

KONTUZ: egonaldiaren hasierako eta amaierako datek zuzenak izan beharko dute. Urtero daude dirua itzuli behar izaten duten ikasleak.