Irakurtzeko eta idazteko ikasketa-prozesuan eskuz eta teklatu bidez aritzeak haurren gaitasunetan zer ondorio dituen aztertu ditu Joana Acha ikertzaileak. 5 urteko umeei alfabeto artifizial bat irakatsi diete teknika desberdinak erabiliz, eta ondorioztatu dute arkatza eta paperarekin trebatzen diren haurrek hobeto barneratzen dituztela hizki eta hitz berriak.
Haurren irakurmena eta idazmena hobeto garatzen dira eskuz idatziz trebatzen direnean
UPV/EHUko ikerketa baten arabera, umeen irakurtzeko eta idazteko konpetentzia eskasagoa da ikasteko mekanografia erabiltzen dutenean
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13

Gaur egun ohikoa da haurren ikasgeletan baliabide digitalak egotea eta zenbait ikasketa-prozesutarako tresna moduan erabiltzea. Esaterako, badira irakurtzen eta idazten ikasten ari diren umeei bideratutako programa informatikoak. Horiek proposatzen dituzten ariketak ordenagailuan egiteko direnez, ikasleek teklatuak eta botoiak sakatzen dituzte, arkatza eta papera alboratuz. Halako metodoen agerpenaren eragina neurtzeko, UPV/EHUko ikerketa batek alderaketa bat egin du eskuz eta mekanografia bitartez trebatzeak haurren gaitasunetan zer ondorio dituen aztertzeko: “Ikusita umeek gero eta gutxiago idazten dutela eskuz, ikertu nahi genuen horrek gaitasun alfabetikoetan eta ortografikoetan zer eragin daukan. Hau da, ikusi nahi genuen ea hizkiak ikasteko gaitasuna zein hitzen egitura barneratu eta gogoratzeko ahalmena desberdin garatzen den eskuz trebatuta edo teklatuak erabilita. Ondorioztatu dugu eskuz aritutakoek eskuratu dituztela emaitzarik onenak”, azaldu du Joana Acha ikertzaileak.
Ondorio horretara iristeko esperimentu bat egin dute 5-6 urteko haurrekin. Adin hori aukeratu dute une ebolutiborik aproposena delako. Hain zuzen ere, orduan hasten baitira irakurtzeko eta idazteko gaitasuna eskuratzen. Hala, oinarrizko irakurmena duten 50 umeri alfabeto georgiarreko eta armeniarreko 9 hizki irakatsi dizkiete, baita horiek konbinatuz ikertzaileek asmatutako 16 sasihitz ere.
“Helburua da umeentzat erabat berriak ziren letrak eta hitzak erabiltzea, ziurtatzeko hutsetik ikasten ari direla. Izan ere, dio Achak.
Hala, ikasle guztiei hizki eta hitz berriak irakatsi dizkiete, baina ez guztiei modu berean: erdiei, eskuz praktikatuz, eta beste erdiei, teklatuen bidez. Era horretan, Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlanak grafomotrizitateak duen garrantziari erreparatu ahal izan dio. Hau da, irakurtzen eta idazteko prozesuan eskua asko edo gutxi mugitzeak zer nolako eragina duen. Izan ere, teklatuekin idazten dugunean ez dugu hizkiaren forma trazatzen eta, beraz, grafomotrizitatea baxua da. Aldiz, eskuz, handia.
”Behin hizki eta hitz berriak irakatsita eta haur-talde bakoitza metodo batekin entrenatuta, eskuratutako ezagutzak ebaluatzeko hiru proba egin dizkiegu. Letrak zein sasihitzak identifikatzeko, idazteko eta ahoskatzeko gaitasuna neurtu dugu eta emaitzek argi adierazi dute eskuz praktikatu dutenek trebezia handiagoa garatu dutela. Batez ere, sasihitzekin nabari da aldea; ordenagailuekin ikasi zuten ia guztiek hizkien sekuentziei lotutako ariketak gaizki egin dituzte. Beraz, grafomotrizitatea garrantzitsua dela berretsi du gure lanak”, azaldu du Achak.
Aldagarritasunak ere badu eragina
Baina ez diote eskuaren mugimendu-mailak duen inpaktuari bakarrik begiratu. Eskuz eta teklatuekin ari ziren taldeak, hasieratik, bi azpimultzotan banatu zituzten. Hizkiak eta hitzak irakasterako garaian, arkatzarekin ari zirenen artean, batzuei puntutxoz markatutako gidei jarraitzeko eskatu zieten (aldagarritasun txikiko teknika). Besteek, berriz, inolako erreferentziarik gabe praktikatu zuten: orri zurian libreki kopiatuz (aldagarritasun handia). Ordenagailuekin ari zirenekin ere gauza bera egin zuten: batzuek beti tipografia bera erabili zuten trebatzeko (adib. Comic Sans), eta besteek, bat baino gehiago. Horrela, grafomotrizitateaz gain, aldagarritasunaren faktoreak ere zer nolako eragina duen aztertu ahal izan dute.
Ikusi dutena da eskuz trebatutakoek teklatuekin aritutako guztiek baino konpetentzia hobea zutela, baina arkatza eta paperarekin praktikatu zutenen artean ere, badela desberdintasunik. Modu librean entrenatu zirenek eskuratu zituzten emaitzarik onenak. “Beraz, ondorioztatu duguna da hasieran umeei praktikatzeko trazu bat edukitzeak laguntzen dien arren, behin mugimendu txikiak eta zehatzak gutxi gorabehera egiteko gai direnean, komenigarria dela idazketa librera pasatzea. Dena dela, argien dagoena da eskuzko praktikak lehenetsi behar direla ikasketa-prozesuetan. Eskuarekin egindako mugimenduen bidez ikasten dutela hoberen eta, hortaz, gailu teknologikoak soilik osagarri modura erabili beharko liratekeela”, dio Achak.
Informazio osagarria
Joana Acha, Psikologia Fakultateko Psikologia Prozesuak eta Garapena saileko ikertzaile eta irakaslea da. Psikologia Graduan, Arreta Goiztiarra Masterrean eta Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboa Masterrean ematen ditu eskolak.
HAEZI ikerketa-taldeko partaidea da eta bere ikergai nagusiak irakurmenaren garapena eta hori sustatzeko erabiltzen diren metodoak dira.
Artikulu hau Gorka Ibaibarriaga doktoregaiarekin eta Valentziako Unibertsitateko Manuel Perearekin batera landu du. Azken honekin lankidetzan aritu ohi da eta biak dira Ibaibarriagaren tesiaren zuzendariak.
Erreferentzia bibliografikoa
- The impact of handwriting and typing practice in children’s letter and word learning: Implications for literacy development
- Journal of Experimental Child Psychology
- DOI: 10.1016/j.jecp.2025.106195