Breadcrumb

Fakultatearen historia

Informatika Fakultateak 50 urteko historia eta berrikuntza ospatzen ditu

Donostia, 2026 — Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak bere sorreraren 50. urteurrena ospatzen du aurten, mende erdi honetan berrikuntza akademikoa, modernizazio teknologikoa eta Informatika eta Adimen Artifiziala gizarte digitalean funtsezko diziplina gisa finkatu dituena.

Jatorria: Informatika Zentroa (1971–1976)

Gaur egungo Fakultatearen historia 1971ko abuztuaren 9an hasi zen, Donostian Madrilgo Informatika Institutuaren menpeko Informatika Zentro bat sortu zenean, 1969an eratu zena. Zentroak 1971ko ekainaren 24ko Aginduak onartutako ikasketa-plana hartu zuen, bost prestakuntza-profilen arabera egituratuta: Aplikazio-Programatzailea, Sistema-Programatzailea, Aplikazio-Analista, Sistema-Analista eta Sistema-Teknikaria.

 

Informatika Zentro hau informazioaren teknologien arloko prestakuntzan aitzindari bihurtu zen Estatuan, digitalizazioa eremu akademiko eta profesional erabakigarri gisa agertzen hasi zen unean. 

Informatika Fakultatearen sorrera (1976)

1976ko martxoaren 4an, dekretu ofizialaren bidez, Espainiako lehen hiru Informatika Fakultateak sortu ziren: Bartzelona, Madril eta Donostia. Martxoaren 27an, BOEn argitaratu eta hurrengo egunean, indarrean sartu zerlarik. Donostiako Informatika Fakultatea Valladolideko Unibertsitateari atxiki zitzaion, Gipuzkoako hiriburua informatikako unibertsitate-ikasketak modu arautuan eskaintzen zituen Estatuko lehen hirien artean kokatuz.

1977an, Fakultatea Bilboko Unibertsitatera atxiki zen. Bilboko Unibertsitateak 1980an Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) izena hartu zuen, euskal autonomia erkidegoan unibertsitate publiko propio bat eratzeko prozesua amaituz.

 

Fakultatea hasiera batean Amara auzoko Merkataritza Eskolan egon zen 1984ra arte, eta urte horretan gaur egungo egoitzara lekualdatu zen, Ibaetako Campusean, Manuel Lardizabal pasealekuko 1. zenbakian, Donostian. Ordutik, eraikina Gipuzkoako Campuseko erreferente akademiko bihurtu da, laborategiak, ikerketa-talde aurreratuak eta abangoardiako irakaskuntzara egokitutako ikasgelak hartuz.

Bilakaera akademiko eta egiturazkoa

Prestakuntza-eskaintza etengabe aldatu da, aldaketa teknologiko eta arauemaileetara egokituz: 

  • 1978/79Informatika Lizentziatura ezartzen da, bost urte eta bi ziklokoa. 
  • 1994/95: Lizentziatura Informatika Ingeniaritzak ordezkatzen da, 2001/02 ikasturtean eguneratua. 
  • 2000/01Sistemen Informatika Ingeniaritza Teknikoa abiatzen da. 
  • 2010/11: Goi-mailako Hezkuntzarako Europar Esparrura egokitzapena, lau urteko Informatika Ingeniaritza Graduko ikasketak definitu eta ezarriz. Graduaz gain, Fakultateak hainbat master gehitzen ditu bere prestakuntza-eskaintzara, gaur egun guztira lau: Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua Unibertsitate Masterra, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra, Sistema Txertatuen Ingeniaritza Unibertsitate Masterra eta Erasmus Mundus - Language and Communication Technology Unibertsitate Masterra 
  • 2020/21Adimen Artifizialeko Graduaren ezarpena, estatu mailan aitzindaria. Fakultatean azken lau hamarkadetan Adimen Artifizialaren arloan garatutako ikerketa- eta transferentzia-ildoek profil profesional berrien eskariari erantzuna emateko gradu-prestakuntza sendoa diseinatu eta abiatzea ahalbidetu dute. 

50 urteko mugarri esanguratsuak

Bost hamarkada hauetan, Fakultateak lorpen garrantzitsuak lortu ditu irakaskuntzan, ikerketan eta berrikuntzan: 

  • 5.000 profesional baino gehiagok jaso dute prestakuntza Fakultatean. 
  • 250 doktore-tesi defendatu dira informatikaren eta adimen artifizialaren punta-puntako arloetan. 
  • Nazioarteko erreferentziazko ikerketa-taldeak, besteak beste ikaskuntza automatikoaren, software-ingeniaritzaren, zibersegurtasunaren, hizkuntza naturalaren prozesamenduaren edo konputazio kuantikoaren arloetan, ezagutza sortuz eta transferituz. Fakultateko ikertzaileek sari ugari jaso dituzte kongresu eta lehiaketetan, bai nazio mailan bai nazioartean, Euskadi Ikerketa Saria eta SCIE-FBBVAren ikerketa eta ikertzaile gazteen sari nazionalak nabarmenduz. 
  • Enpresa-ehunarekiko lankidetza, bai praktika-programak eta gradu eta master amaierako lanak bai kontratuak, ikerketa-proiektuak eta industria-tesiak garatuz. Unibertsitate-enpresa gelak sortzea ere nabarmendu behar da. Lankidetza-proiektuen garapena sustatzen duten ekimenak dira, zibersegurtasuna, software-ingeniaritza edo konputazio kuantikoa bezalako gai-arloetan sakontzeko helburuarekin. 
  • Urtean batez beste 50 I+G+b proiektu eta hogei bat ikerketa-kontratu enpresekin. 

 

Datu horiek Fakultateak Euskadiren eta Estatuaren eraldaketa digitalari egindako ekarpen etengabea erakusten dute. 

Prestakuntza-alderdiez eta enpresa-ehunarekiko harreman sendoaz gain, Fakultateak konpromiso sozial irmoa du: 

  • Informatikan eta Adimen Artifizialean emakumezko erreferenteak ikusaraztea, unibertsitate aurreko ikasleak karrera zientifikoak garatzera animatzen dituzten ekimenetan aktiboki parte hartuz. 
  • Dibulgazio-ekintzak hainbat komunikabidetan, baita nazio mailako zein nazioarteko mintegi eta biltzarren antolaketa ere, informatika eta adimen artifiziala profesionalei zein publiko orokorrari hurbiltzeko helburuarekin. 
  • ONDARE Unibertsitate-gizarte gela: gizartearen mesedetan doan adimen artifiziala dibulgatzeko, ezartzeko eta aplikatzeko ekimena: hezkuntza, gizarte-politikak, hirigintza, garraioa, etab. 

50 urte etorkizunari begira

50. urteurrenaren ospakizuna Fakultatearentzat bereziki dinamikoa den etapa batekin bat egiten du. Adimen Artifizialaren, zibersegurtasunaren, errendimendu handiko konputazioaren, konputazio kuantikoaren edo datuen ingeniaritzaren aurrerapenak zentroa posizio estrategikoan kokatzen du profesionalen prestakuntza eta ezagutza zientifikoaren sorrera lideratzen jarraitzeko. 
 
Horregatik guztiagatik, Fakultateak kalitatezko irakaskuntzarekiko, ikerketa berritzailearekiko eta gizartearen zerbitzurako garapen teknologikoarekiko konpromisoa berresten du.