Formakzioa

Formakzioa

Ilusionista Sozialen Mintegia Ikerketa eta Formazio Talde bat da (IFT), ezin dugulako ulertu ikerketa formazio eta akzio ekintzetatik aldendurik. Zenbait unetan formazioak indar handiagoa du, edo formaziotik eratorritako ekintzek, edo ikerketa-prozesuek, baina hirurak bateratzearen alde lan egiten dugu.

Zer da IFT bat?

Ikerketa-lerro baten inguruan eratzen den ikerketa eta formazio taldea da, gai horretan ikerketa ibilbidea du(t)en irakasle batek edo gehiagok sortua. Irakasleak eta bere lerroak azpiegitura eta abiapuntua eskaintzen du ikerketa-lerro horren inguruan ikerketa proiektuak proposatzeko eta elkarren artean erlazionatzeko.
Ikerlanak eta ikaslanak egiten ari diren pertsonen arteko laguntza errazteko modu bat da, ezagutza eta jakintzak kolektiboki eraikitzeko.
ISMren kasuan, espazio eta denboretan topaketak gerta daitezen lanean dihardugu, eztabaidarako espazioak zabaltzeko eta askotariko moduetan biltzeko, irakaskuntzaren eta ikerketaren ikuspegi dialektikoan lan eginez.

Nolako formakzio-jarduerak antolatzen ditugu?

Nagusiki hiru jarduera mota antolatzen ditugu forma(k)zioari lotuak, espontaneoki sortzen diren beste jarduera batzuez gain:

  • Jardunaldiak eta topaketak: urtero gutxienez tankera honetako jarduera bat egiten dugu, gehienetan nazioartekoak, egoitza desberdinetan: Donostia, Sevilla, Mexiko Hiria, Galiza (A Coruña, Ferrol), Xalapa... 10-15 ordu ingurukoak izaten dira.
  • Ikastaroak: urtero gutxienez tankera honetako ikastaro bat antolatzen dugu, 35-100 ordu bitartekoak, eta horrez gain, beste erakunde edo pertsona batzuek antolatzen dituzten ikastaroak diseinatu eta ematen ditugu, bai aurrez aurre eta bai online.
  • Mintegiak: formazio behar zehatz bat sortzen denean, 4-12 ordu inguruko mintegi irekiak antolatzen ditugu: ikerketa-teknika eta tresnen ingurukoak, ikerketa etikoaren ingurukoak, unibertsitateko lan akademikoetan laguntzekoak...