Zer da Campus Bizia Lab?
Campus Bizia Lab programak (campusa laborategi gisa, CBL), lankidetza prozesu bat garatzea nahi du, unibertsitatearen erronkei aurre egiteko, diziplinaz gaindiko ikerkuntza ikuspegien bitartez, administrazio eta zerbitzuetako langileen, ikasleen eta irakasleen partaidetzaz.
Campus Bizia Lab ikerkuntza/ekintza prozesu batean oinarritzen da, helburutzat duena ikasleen artean inpaktu handia izango duen praktika bat garatzea (iraunkortasunari loturiko erronketan oinarritutako diziplinaz gaindiko ikaskuntza), non irakasleak beren praktikaren ikertzaile gisa aritzen diren. Inpaktu handiko praktika honek curriculum izaera izango du, eta Gradu Amaierako Lanen (GrAL) eta Master Amaierako Lanen (MAL) bitartez gauzatuko da.
CBLren esparruan garatutako proiektuak, beraz, EHUren irakaskuntza berritzeko estrategia instituzionalaren barruan kokatzen dira, eta unibertsitateko hezkuntza-praktika hobetzera eta eraldatzera bideratutako ekimentzat hartzen dira. Proiektu horiek diziplinaz gaindiko ikaskuntzan eta iraunkortasunari lotutako erronkei heltzean oinarritutako eragin handiko hezkuntza-praktikak inplementatzera bideratuta daude, unibertsitate iraunkorrago baterako aldaketa sustatuz eta ikasleen ikaskuntzan, unibertsitate-komunitatean eta, oro har, gizartean ondorio positiboak eta egiaztagarriak sortuz.
Helburuak
CBL programaren helburuak dira:
- Diziplinaz gaindiko komunitate bat sortzea, era kooperatiboan lan egingo duena EHUko campusetan detektatzen diren iraunkortasun ezari loturiko arazo eta erronken konponketan.
- Lan eredu bat diseinatzea, garatzea eta ebaluatzea, aukera emango duena arrakastaz burutzeko EHUko campusetako iraunkortasunari lotutako inpaktu handiko ikaskuntza prozesuak.
- Campus Living Lab proiektu instituzional bat artikulatzea eta ikusgarri egitea, bere ekintza erradioa EHUko titulu guztietara pixkanaka zabalduko duena eta maila anitzeko praktika iraunkorrak sortuko dituena.
Espero diren emaitzak
CBL programatik espero diren emaitzak honakoak dira:
- Irakasleek, ikasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek eratutako komunitate bat sortzea, zehazki iraunkortasunerako hezkuntzan sakonduko duena EHUn.
- Ikasturte bakoitzean gutxienez 30 Gradu Amaierako Lan (GrAL) edo Master Amaierako Lan (MAL), EHUko hiru campusetako hainbat titulazioei lotuak.
- Antolakuntza funtzionamendu protokoloak eta laguntza materialak prestatzea iraunkortasunari lotutako GrAL eta MAL lanen jarraipen eta tutoretzarako.