euskaraespañol

UPV/EHUk jakintza arlo guztietako 173 master eta graduondokoetan aurrez izena emateko epea ireki du

Euskal Herriko eskaintzarik handienak 108 unibertsitate master eta etengabeko prestakuntzako 65 berezko titulu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/28

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak duela gutxi iragarri du 2022-2023 ikasturteko graduondokoetarako aurrematrikula egiteko epea ireki duela. Datorren ikasturtean 173 graduondoko eskainiko ditu: 108 unibertsitate master eta 65 berezko titulu. Guztiek dute Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq) aitorpena.

Edizio honetako unibertsitate masterren eskaintzan nabarmentzekoak dira Estatuko eta atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera antolatutako 25 programak; horien artean, zortzi Erasmus Mundus master. Horietako hiruk EACEA agentzia europarraren (Education, Audiovisual and Culture Executive Agency) onarpena berritu dute. Horren ondorioz, UPV/EHU Erasmus Mundus masterren eskaintza zabalena duen Estatuko unibertsitateetako bat da. Era berean, datorren ikasturtean ikasleek nazioarteko 18 titulazio bikoitz egiteko aukera izango dute –eman diren herrialdeetan balioa duten bi titulazio lortzeko aukera ematen dute–.

Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateak prestakuntza dualeko hiru unibertsitate master eskaintzen ditu (Fabrikazio Digitala, Sistema Txertatuen Ingeniaritza eta Multimedia Kazetaritza), prestakuntza akademikoa eta enpresetan ordaindutako praktika konbinatzen dituena. Bestalde, aurtengo eskaintzan berriz ere nazioartekotze zigilua duten lau master sartu dira (Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua, Kontrola Sare Elektriko Adimentsu eta Sorkuntza Banatuan, Proiektu Zuzendaritza eta Ekonomia: Aplikazio Enpirikoak eta Politikoak).

Graduondokoen katalogo zabala da, eta ezagutzaren arlo guztiak biltzen ditu, ikasgai berritzaileenetatik hasi eta beren esperientzia eta ibilbideagatik finkatuta daudenetaraino. UPV/EHUk aurkezten duen eskaintzan, lan munduan sartzeko aukera handia duten graduondokoak dituzu aukeran, lanbide jakin batzuetan jarduteko gaitzen dutenak barne (industria ingeniaritza, bigarren hezkuntzako irakasleak, abokatutza...). Master horiek, gainera, enpresa edo zentro teknologikoetan praktikak egiteko aukera ematen dute.

Unibertsitate masterretan izena ematea ezinbesteko izapidea da eta maiatzaren 14an amaituko da

Eskaintzen duten lan irteeraz gain, master ofizial horietako batzuk ikasteak ikerketa karrerari ere ateak irekitzen dizkio, Unibertsitateak datorren ikasturtean eskaintzen dituen 66 doktorego programen bidez. Prestakuntza ildo horri esker, nazioartean iker daiteke, beste unibertsitate batzuekin lankidetzan. Era berean, UPV/EHUk graduondoko mota hori gizarte eta enpresa sarearekin zuzenean lankidetzan egiteko aukera eskaintzen du; izan ere, 2021ean UPV/EHUn defendatutako 414 tesietatik 229 enpresekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan egin ziren, eta 13 tesi industrialen kategorian defendatu ziren.

Unibertsitate masterretan aurrez izena emateko epea maiatzaren 14an amaituko da, eta ezinbesteko izapide bat da matrikula egin ahal izateko.

Berezko tituluen eskaintza zabala

Euskal Herriko Unibertsitateak, gainera, 65 berezko master eta graduondoko eskainiko ditu datorren ikasturtean, eta sei unibertsitate artekoak dira. Berezko tituluetarako aurretiko izen ematea maiatzaren 23an hasiko da. Irakaskuntza mota horien ezaugarri nagusiak espezializazio handia, orientazio profesional argia eta laneratze handia dira.

UPV/EHUk egitura modular baten bidez banatzen du titulazio horien eskaintza; horri esker, moduluok modu gradualean eta beren aukeren arabera ikastea erabakitzen dutenek errazago izango dute. Horrela, titulazioak lortzen joango dira, eta horiek goragoko beste batzuk egiteko aukera emango diete.

Beraz, maila gorenekoak banakatzen diren titulazio guztiak kontuan hartzen baditugu, 128 prestakuntza modulu ditugu guztira (masterrak, unibertsitateko espezializazioak, diplomaturak, peritu tituluak, etab.), eta horiek guztiak dagokien tituluarekin ziurtatzen dira.

Berezko master eta graduondokoetarako aurretiko izen ematea maiatzaren 23an hasiko da

Montse Maritxalar Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordearen iritziz: “UPV/EHUren graduondokoen eta etengabeko prestakuntzaren eskaintza nazioartekoa eta kalitatezkoa da, eta, era berean, ingurune sozioekonomikoaren behar askori erantzuten die. Unibertsitate publikoak –erantsi du– lanean jarraituko du eskaintza hori ahalik eta gehiago bat etorri dadin gizartearen, profesionalen eta ikertzaileen premiekin”.

Errektoreordeak interesa dakiekeen edo dakizkiekeen masterrean edo masterretan aurrez izena emateko deia egin die ikasleei. Prozedura, azaldu duen bezala, erraza da: “Unibertsitate master batean aurrez izena ematean, graduondoko batean baino gehiagotan egin ahal izango duzu; masterraren batzorde akademiko bakoitzak zure eskaera masterrera sartzeko irizpideen arabera aztertu ondoren, eta, zure lehentasunen arabera, UPV/EHUk hobekien dagokizun aukera esleituko dizu, lortutako puntuak, master hori egin nahi duten pertsonak eta eskainitako plaza kopurua kontuan hartuta”.

“Uztailaren hasieran –gehitu du Maritxalarrek– argitaratuko da plazen lehen esleipena, eta matrikula hilabete horretan bertan egingo da. Uztailaren amaieran, gainerako plazen bigarren zerrenda bat argitaratuko da. Eta, azkenik, irailean esleitzeke geratzen diren plazak betetzeko aukera ere egongo da”. Errektoreordeak gogorarazi duenez: “Oso garrantzitsua da jakinaren gainean egotea eta web orrian argitaratutako egutegi xehatua kontsultatzea:

- Master ofizialen egutegia [ikusi]

- Berezko tituluen egutegia: [ikusi]

UPV/EHUren graduondokoen eskaintzari buruzko informazio gehiago duzu hemen:

http://go.ehu.eus/graduondokoak