Eduki publikatzailea

Parte hartze zabala EHUren estatutuak berritzeko prozesuan

Ekarpenak egiteko ireki zen kontsulta pubikoan 170 inguru proposamen jaso ditu estatutu berrien zirriborroak

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/15

Pertsona batek arbela zuri batean marrazten

Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuak berritzeko prozeduraren baitan, abenduaren 29an itxi zen ekarpenak egiteko epea eta 170 inguru proposamen jaso dira kontsulta publikoan. EHUren webgunean egin dituzte EHUko 161 kidek, irakasle, ikasle nahiz TEKAZELek. Izan ere, EHUren estatutuak berritzeko zirriborroan unibertsitateko kidego guztiei eragiten dieten aldaketak aurreikusi dira. 2011ko estatutuak Unibertsitate Legeak ekarri dituen aginduetara egokitzeko berritu beharra dago eta euskal unibertsitate publikoaren norabidea definitzeko baliatuko dira. 

EHUko Aholkularitza Taldeak prestatu duen estatutuen zirriborroari ekarpenak egiteko epea amaituta, urtarrilaren 23ra arteko epean aztertu eta ebatziko ditu Aholkularitza Taldeak. 21 kidek osatzen dute taldea: errektoretzako ordezkariak, Ikastegietako dekano eta zuzendariak, Sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendariak, Irakasle eta Ikertzaile Langile zein IIP Doktore iraunkorren ordezkariak eta Gainerako irakasleen eta ikasleen eta Teknikari eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen ordezkariak. 

EHUren estatutuak 214 artikulu eta bina xedapen gehigarrik eta iragankorrek osatzen dituzte eta Unibertsitate Sistemarena 2023ko Lege Organikoak (USLO) agindutakoari egokitzeko berritu behar dira. Prozesua, halaber, legez egin beharreko moldaketatik harago joateko baliatu nahi izan da eta, ildo horretan, esaterako, jaso dira beste hainbat proposamen ere. Hala, hasteko eta behin, indarrean dauden estatutuen artikulatuaren berrantolatze eta sinplifikatze sistematikoa egin da, gobernu kontseiluaren irizpideak jarraituta. Horien artean unibertsitatearen deitura ofiziala eguneratzeko proposamena egin da, kontuan izanda euskararen erabileraren normalizazioak izan duen garapen kuantitatibo eta kualitatiboa unibertsitate komunitatean eta zerbitzu publikoan. 

Eskubideak zabaltzea 

Gainera, eskubideen arloan, ikasleen eskubideetan sakontzeko eta gaitasun digitalen garapenerako formazioa eskubidea jaso da bai eta arlo digitalean segurtasuna bermatzeko mekanismoak, unibertsitate komunitatea osatzen duten pertsona guztiei zor zaien errespetua bermatzeko; halaber, EHUk parte hartzea sustatuko du gatazkak konpontzeko bide alternatiboetan eta bizikdetza berrezartzeko jasandako mina erreparatzeko. EHUko langileen promozioari ere aitortza egiten zaio beren beregi estatu berrietan, eta IRI zein TEKAZELen promozioa sustatzeko neurriak hartzen dira eta EHUri curriculum-ibilbidearekin lotutako prestigioa eta balio zientifikoa emango dioten lankidetza ekimenak ezartzeko irakaskuntzan bestelako figurak erabiltzeko apustu irmoa egitea proposatzen da. Gainera, EHUren kode etikoari jarraituz, estatu berrietan nabarmendu egiten da IRI zen TEKAZELek zaindu egin behar dutela euren karguagatik ezagutzen duten informazioa eta ezin dutela euren zein beste batzuen mesedetan edo kaltetan erabili. 

Gobernantzari eragiten dioten aldaketak ere aurreikusi ditu unibertsitate legeak eta horri erantzuteko, hauteskundeei begira esaterako, gobernu organoetan ordezkaritza izan behar duten organoak zehazten dira; aldiz, pertsona kopuruari dagokionez, gaur egun dagoenaren antzera geratzea proposatu da. 

Azkenik, eta egiturari dagokionez, berrantolaketa egitea proposatzen da ikastegi, eskola eta bestelako zentroen artean, eta gehitu egiten dira kanpo-unitateak (Aldezlea edo berdintasun unitatea) baita legeak berak agintzen dituen aniztasun unitatea edo ikuskaritza zerbitzua.  

Ikasle Kontseiluaren ekarpenak 

Ikasle kontseiluak ere parte hartu du EHUren estatutuak berritzeko prozesuan eta ikasleen premien eta interesen balorazio eraikitzailea eta aldarrikatzailea helarazteko hiru ardatzetan egin ditu ekarpenak. Hala, kontziliazioarekin lotuta, deskonexio digitalerako eskubidea planteatu dute unibertsitateko kide guztientzat, atseden denborak errespetatzeko baita, matrikula aldatu ahal izatea, gerora sortutako egoera batera egokitzeko, adibidez, ordutegi-aldaketa batek zaintza edo lan-betebeharrekin talka egiten duenean. Orientazio psikopedagogikorako eta osasun mentala zein emozionala zaintzeko sarbidea bermatzea ere proposatu dute, Estatutuaren testuan espresuki jasotzea eskatuz, eta proposatu da zailtasun bereziko egoeratzat hartzea, besteak beste, senideen heriotza, haurdunaldia, edoskitzea, ospitaleratzea eta baita ospitaleratze anbulatorioa ere, eta, horrez gain, mendekotasuna duten pertsonen zaintza. 

Gainera, ikasleen parte hartzea zabaltzeko EHUren Klaustroan ikasleek duten ordezkaritza gehitzea ere proposatu dute, unibertsitate legeak agindutakoren ildotik. Gaur egun % 22 ingurukoa da ikasleen ordezkaritza; zirriborroak proposatzen duen % 28arekin bat egin du Ikasle Kontseiluak. Halaber, positiboki baloratu du Ikasleen Kontseiluak Errektoretza hautatzeko prozesuan botorako % 29ko haztapena aurreikustea, orain baino % 7 gehiago. Aholkularitza Taldeak urtarrilaren 23an ebatziko ditu zirriborroak jasotako proposamenak eta otsailaren 19ko Gobernu Kontseilura aurkeztuko da bozkatzeko. Ondoren, onartuko balitz, EHUren Klaustroko mahiak otsailaren 23an emango beharko du iritzia, 27an klaustrokideek jaso eta apirilaren 21eko Klaustroan azken erabakia hartzeko.