Vox alderdi politikoak ekitaldi bat antolatu du, unibertsitatearen pasealekuan, Farmazia Fakultatearen aurrean, otsailaren 23rako. Erabiliko den espazio publikoa Gasteizko Udalarena den arren, Campusaren eremuan lekutuko da, eta ondorioz, era horretako deialdiek izan dituzten aurrekariak aintzat hartuta, errektoretza taldeak erabaki du hainbat neurri hartzea komunitatearen “segurtasuna bermatu eta totalitarismoari osasun-hesia" jartzeko.
Otsailaren 23rako prebentzio neurriak hartuko ditu EHUk Arabako Campusean
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/19
“EHUren printzipioak defendatzea eta pertsona guztien zaintza eta segurtasuna bermatzea dagokigu”, adierazi du gaur goizean EHUren Arabako Campuseko kidegoari bidalitako mezuan. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen printzipio nagusien artean daude balore demokratikoak eta elkarbizitza sustatzea: “Erakunde akademiko gisa, unibertsitateoi dagokigu eskubide zibilen defentsa egitea eta, ondorioz, printzipio horiek ukatzen dituzten diskurtso eta praktikei aurre egitea”.
Bestalde, segurtasuna babestearren eta erantzukizun instituzionalarengatik, hainbat prebentzio-neurri hartu ditu otsailaren 23rako, Arabako Campusean.
Irakaskuntza guztia online modalitatean eskainiko da, irakasleen telelana eta urrutiko lana lehenetsita. Teknikari eta administrarien kasuan ere berdin egitea ahalbidetuko da, zentroetan zerbitzu guztiak bermatzen diren heinean. Halaber, segurtasun neurri gisa, eraikinetako sarrera nagusiak itxita egongo dira eta unibertsitatearen aparkalekuak itxiko dira. Esperientzia Geletako saioak, aldiz, bertan behera geratuko dira.
Neurri hauek otsailaren 23ko deialdiak ekar dezakeen arriskuaren aurrean hartu ditu EHUren errektoretzak, “gure unibertsitatea kanpo gatazka batean nahastuta gerta ez dadin. Helburua baita guztion segurtasuna bermatzea, eta denon artean osasun-hesi bat jartzea unibertsitatearen printzipioak mehatxatzen dituzten mezuei totalitaristei”.