Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak

Sarrera

 

COVID-19ak eragindako pandemiak eragin izugarri handia izan du arlo guztietan, eta unibertsitatean aldaketa handiak egin behar izan ditugu gure jardueraren alderdi bakoitzean, oso denbora epe laburrean.

Zenbateko iraupena izango duen nekez jakin daitekeen “normaltasun berri” honetan, nahitaezkoa da osasun agintariek ezarritako prebentzio eta babes neurriak betetzea, eta, hori dela eta, hainbat jarduera ildo diseinatu behar izan ditugu neurri horiekin bateragarria eta errespetuzkoa den jarduera presentziala ahalik eta gehien mantentzeko, ezin baitugu ahaztu Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, batez ere, unibertsitate presentzial bat dela.

2020-2021 IKASTURTEA dokumentu honen helburua da UPV/EHUko ikastegiei ildo batzuk ematea 2020-2021 ikasturtearen planifikazioa egiteko, “normaltasun berria” izeneko aldi honetarako. Horrez gain, ezin dugu ahaztu ez dela baztertzen agerraldi berri batek hasieran aurreikusitakoak baino neurri zorrotzagoak hartzera eraman gaitzakeela.

Aurrekoa aintzat hartuta, dokumentu honetan zerrendatzen diren orientazioek, ahal den neurrian, UPV/EHUren irakaskuntza presentziala mantendu nahi dute, baina hura distantziamendu sozialera, edukiera mugatura eta neurri higieniko-sanitarioetara egokituta betiere.

Irakaskuntza egokitzeko neurriak osasun agintariek une bakoitzean ezarritako irizpideen arabera modulatuko dira, eta haien gomendioen arabera, areagotu edo arinduko dira; hori dela eta, neurri malguak eta aldakorrak izango dira. Kasu guztietan oreka bat bilatu behar dugu kalitatezko unibertsitate irakaskuntzaren eta ikasleen eta langileen osasunaren babesaren artean.

2020-2021 ikasturtea planifikatzeko orientabideek, berritasun gisa, prestakuntza presentzial egokituaren ikuspegia barne hartu dute; hau da, jarduera presentziala lehenesten da, baina eskola telematikoez eta saio asinkronikoez osatzen da. Konfinamenduaren etapak erakutsi du unibertsitateko kideak gai direla irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerari eusteko, urruneko hezkuntzaren estrategien eta tresnen laguntzaz, eta eskuratutako ezagutza horretaz baliatu daitezke ikasturteari “normaltasun berri” honetan heltzeko, non gerta baitaiteke erabateko jarduera presentzialaren aldeko eboluzio bat ematea edo berriz atzera egitea konfinamendu aldietan, halakorik emango balitz.

2020-2021 IKASTURTEA dokumentua Errektore Taldearen hasierako proposamen batetik abiatuta eraiki da, eta hura kontrastatu eta osatu dute Krisi Batzordeko kideek; zehazki, Ikasleen Kontseiluko ordezkari batek eta UPV/EHUko 6 ikastegietako, campus bakoitzeko bi, zuzendaritza eta dekano taldeetako ordezkariek. Gero, dekanotza eta zuzendaritza taldeek, ikasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasle-ikertzaileen ordezkariek egindako ekarpenak sartu dira.

COVID-19aren arabera irakaskuntza-ikaskuntza antolatzeko logika
COVID-19aren arabera irakaskuntza-ikaskuntza antolatzeko logika

1. Kontuan hartu beharreko babes neurriak

COVID-19ak sortutako osasun krisiari aurre egiteko premiazko prebentzio, euspen eta koordinazio neurriei buruzko ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan, kautelazko eta babeseko betebehar orokor bat ezartzen da, zeina zehazten baita UPV/EHUn 2020-2021 ikasturtearen planifikazioan eragin zuzena duten hainbat neurriren bidez.

Hala, 6. artikuluak maskaren nahitaezko erabilera ezartzen du: “En la vía pública, en espacios al aire libre y en cualquier espacio cerrado de uso público o que se encuentre abierto al público, siempre que no resulte posible garantizar el mantenimiento de una distancia de seguridad interpersonal de, al menos, 1,5 metros.”

Bestalde, irakaskuntza zentroei buruzko 9. artikuluak honela dio: “deberá asegurarse la adopción de las medidas organizativas que resulten necesarias para evitar aglomeraciones y garantizar que se mantenga una distancia de seguridad de, al menos, 1,5 metros. Cuando no sea posible mantener dicha distancia de seguridad, se observarán las medidas de higiene adecuadas para prevenir los riesgos de contagio.”

Errege Lege Dekretu horretan ezarritakoa betetzen dela ziurtatzeko, UPV/EHUk nahitaez bete beharko diren baldintza hauek finkatu ditu:

  1. Jende pilaketak saihestu behar dira. Horretarako hainbat aukera planteatzen dira:

    1. Maila eta/edo taldeen sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuak izatea, ahal den neurrian.

    2. Gomendatzen da ikasgelako gehieneko edukiera ez izatea, oro har, 50 pertsonatik gorakoa. Horretarako, aintzat hartuko dira irakaskuntza antolatzeko jarraian zehazten diren aukerak edo ikastegi bakoitzak bere tituluen ezaugarrien arabera diseinatuko dituen beste batzuk.

    3. Irakasgai batean edo prestakuntza jarduera batean modu telepresentzialean parte hartzen ari diren ikasleak, ahal bada, ikastegitik kanpoko espazioetan egongo dira, zona komunetan, ikasteko geletan eta liburutegietan ikasleen pilaketak saihesteko.

  2. Ikasleek gutxienez 1,5 m-ko segurtasun tartea errespetatu beharko dute eta, horrelakorik egin ezin den kasuetan, maskara erabili beharko dute nahitaez, Errege Lege Dekretuak adierazten duen moduan.

  3. Ikasleengandik 1,5 m-ra jarri ezin diren irakasleen kasuan, maskaren erabilera nahitaezkoa izango da.

  4. Saihestu beharko da, ahal den neurrian, ikasleek 2 ordu baino gehiago pasatzea maskara jarrita dutela; beraz, denbora muga hori gainditzen denean, 15 minutuko atsedenaldiak utzi beharko dira, ikasleek maskara erabiltzea nahitaezkoa ez den espazio irekietara atera daitezen.

  5. Ikastegien barruan ahal den neurrian ikasleen mugimendua mugatzeko, ahal bada, ikasleek ikasgela bera erabiliko dute eta, horren barruan, leku berean jarriko dira, irakasgaien eta espazioen ezaugarriek halakorik egitea ahalbidetzen dutenean betiere.

  6. Jarduera presentzialera itzultzeko planean (apirilaren 27an argitaratutakoa) jasotako babes, garbiketa eta desinfekzio neurri guztiak aplikatuko dira, baita ondoren eginiko eguneratzeak ere.

Nabarmentzekoa da neurri horiek aldatu ahal izango direla, osasun eta hezkuntza agintariek hartutako erabakien arabera.

2. Irakaskuntzaren egokitzapenak

Gure unibertsitatearen izaera presentziala dela eta, Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak beteta aukera dagoen guztietan, ikastegiek ahal bezain beste irakaskuntza modalitate modu presentzialean garatzeko planifikazioa egingo dute. Aurreikusten da beharrezkoa izan daitekeela ikaskuntza presentziala eta telepresentziala konbinatzea, baina gomendatzen dugu eskola telepresentzialak soilik ez ematea, talde eta lauhileko bakoitzeko 2 irakasgai baino gehiagotan, ezta 15 kreditu baino gehiagotan ere, master tituluen kasuan. Horrek esan nahi du ikasturte oso bat modalitate ez-presentzialean emateko aukera baztertu beharko litzatekeela.

 Gogoratu behar dugu gure unibertsitatea oso behar eta ezaugarri desberdinak dituzten hogei ikastegik osatzen dutela; hortaz, datorren ikasturteko planifikazioak ez du zertan berdina izan ikastegi guztietarako, ez ikastegi bereko titulu guztietarako, ez titulu bereko maila guztietarako.

Nabarmendu behar dugu dokumentu honek “normaltasun berriaren” araberako ikasturtearen antolaketa planteatzen duela; alabaina, berrikusi daiteke; izan ere, beste konfinamendu bat gertatuko balitz, irakaskuntza telepresentzialera itzultzera behartuta egongo ginateke, eGela edo BBCren bidez. Hala gertatzen bada, irakasle guztiek baliabide horien erabilera lehenetsiko dute irakasgaien garapena ziurtatzeko, ikasleen ikaskuntza egoki baterako lagungarriak izan daitezkeen beste aukera batzuk ezertan eragotzi gabe. Baldin eta osasun agintariek gaixotasuna desagertu dela adierazten badute eta COVID-19ak sortutako osasun krisiari aurre egiteko premiazko prebentzio, euspen eta koordinazio neurriei buruzko ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretua baliogabetzen bada, erabateko presentzialtasun egoerara itzuliko gara.

2.1. Jarduera presentzialak

Titulu guztietan hainbat irakasgai edo jarduera identifikatu daitezke, non bide telematikoaren bidezko ikaskuntzak errazago ordezka dezakeen ikaskuntza presentziala. Hori dela eta, titulu bakoitzak ezinbestean modu presentzialean garatu behar diren irakaskuntza jarduerak edo modalitateak aukeratu beharko ditu, ikasleek dagozkion ikasketa planetan jasotako gaitasunak modu egokian eskuratzen dituztela ziurtatzeko. Hautaketa irizpide posible gisa, honako hauek erabil daitezke:

  • Eskola presentzialak lehenestea modalitate praktikoetan, azalpen eta maisu izaerako modalitateen aurrean.

  • Eskola presentzialak lehenestea hasierako mailetan, azken mailen aurrean, non ikasleek autonomia handiagoa eta ikasketak urrunetik jarraitzeko erraztasun handiagoa duten.

Tituluak ematen dituzten ikastegietako zuzendariek beste proposamen batzuk adostu ahal izango dituzte arduradunekin, baldin eta proposamenek ikasleengan izango dituzten onurak egoki justifikatzen badituzte eta bateragarriak badira ikastegiaren behar orokorrekin.

Jarduera presentziala ahal den guztietan ziurtatzeko ahalegin horretan, aintzat hartu beharko dugu ere ikastegiaren eta, beraz, unibertsitatearen espazioak berrantolatu beharko direla. Horren harira, honako gomendio hauek egiten dira:

  • Espazioak optimizatzea, ikasgelak taldearen tamainara hobeto egokituz, baimendutako edukieraren eta errespetatu beharreko distantziaren arabera.

  • Gutxi erabilitako espazioak (esate baterako, sailen mendeko laborategi jakin batzuk, espazio komunak…) hautematea eta beste erabilera batzuk emateko aukera aztertzea.

  • Campuseko beste eraikin batzuetako ikasgelak erabiltzea (ikasgelategiak, etab.).

  • Irakaskuntza erregularrean erabili ohi ez diren espazioak erabiltzea: gradu aretoak, bibliotekak… Erabilera osagarri horrek bateragarria izan beharko luke espazio horien erabilera nagusiarekin.

  • Irakaskuntza txandaka antolatzea:

    • Goizeko eta arratsaldeko txandak (maila batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez).

    • Egunak txandatzea (mailetako irakaskuntza presentziala “egun osora” programatzea, baina ez egunero).

    • Txandakako antolakuntzaren abantaila bat da mugikortasuna murrizten dela eta horrela jende pilaketak saihesten direla.

2.2. Presentzialtasun egokitua

Irakaskuntza-ikaskuntza presentzial egokituan jarduera presentziala konbinatzen da telematikoarekin eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialekin. Irakasgaien formatu presentzialean ohikoa den lan metodologia erabiltzen da, baina ikasle batzuek urrunetik jasotzen dute, BBCren bidez eta ahal bada aldi berean; horrela, irakaslearekin eta ikaskideekin elkarrekintzan aritzeko aukera dute. Hortaz, ikaslea ikaskuntza ingurune bimodal batean dago, eta irakaslearekin harreman estua du, nahiz eta batzuetan, jarraipena telematikoa izan. Eredu horren abantaila zera da, egiaztapen memorietan jasotako ohiko irakaskuntza plangintza mantentzeko aukera ematen duela, aldaketa gehiegi egin gabe, eta aldi berean UPV/EHUren hezkuntza ereduaren kalitatea ziurtatzeko aukera ere eskaintzen duela. Prestakuntza jarduera asinkronikoen kasuan, garrantzitsua da ikasleekin elkarrekintza maila altuari eustea, jarduerok prestakuntza izaera izan dezaten.Irakasleek beren irakaskuntza egitekoak bete beharko dituzte, edozein dela ere irakaskuntza ingurunea (presentziala zein telematikoa).

Presentzialtasun egokiturako eszenario bat diseinatzean, hainbat multimedia elementurekin (kamera eta mikrofonoa) osatutako BBC tresna erabiltzea proposatzen da, jarduera presentziala eta telepresentziala konbinatzeko sistema gisa. Orientabide hauen arabera irakaskuntzaren arloan egiten diren datu pertsonalen tratamenduak datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusitako eskubide eta bermeak errespetatuz egingo dira.

Hainbat aukera aurreikus daitezke:

a) Jarduera presentziala eta telepresentziala konbinatzea talde osoarekin.

Irakaslea eta ikasle batzuk ikasgela fisiko berean daude, eta gainerakoek BBCren bidez parte hartzen dute. Aukera hauek eman daitezke:

  • Taldearen zati bat fisikoki ikasgela batean egotea, eta beste zatia, beste ikasgela fisiko batean; horrela, irakasleak aldi berean egiten du lan bi taldeekin eta ikasgela batetik bestera joan daiteke, eskolak emateko.

  • Taldearen zati bat fisikoki ikasgela batean egotea, eta beste zatia, berriz, urrunetik konektatzea unibertsitatetik kanpoan egonda. Kasu horretan, txandak antolatu behar dira bi taldeen artean, modu parekidean (esate baterako, asteka: taldearen erdiek irakaskuntza presentziala jasotzen dute aste batean, eta hurrengoan ez doaz ikastegira eta modu telepresentzialean egiten dute lan).

Formula hori eGelan sartuko da. Irakasle arduradunek helburu akademikoetarako eta irakaskuntza helburuetarako egokia dela irizten badiote, saioak irudi eta/edo soinu formatuan grabatu ahal izango ditu, gerora, eta helburu horietarako, irakasgaiaren/taldearen irakasle arduradunek nahiz dagozkion ikasleek kontsultatu ahal izateko. Ikasleek ezingo dute irakaskuntza saioen grabaziorik egin, baina egiten direnak mantendu egingo dira eta gero eskuragarri egongo dira, haiek egiteko helburuei erantzuten jarraitzen duten bitartean. Ildo horretan, soilik dena delako irakasgai/taldeko ikasleek eskuratu ahal izango dituzte grabazio horiek. Edonola ere, ahaleginak egingo dira irakaskuntza saioetan ez daitezen grabatu, tratatu edo gorde desgaitasuna duten pertsonak, genero indarkeriaren edo jazarpenaren biktimak eta, oro har, kolektibo kalteberetako kideak identifikatzeko aukera ematen duten datu pertsonalak.

b) Irakaskuntza modalitate jakin batzuk batez ere urrunetik ematea (alderantzizko gela eta/edo telepresentziala).

  • Irakasgai baten irakaskuntza modalitate batzuk BBCren bidez ematen dira, ikasleak ikastegian egon gabe. Kasu horretan, komenigarria izango litzateke irakaskuntza ez-presentziala talde jakin batean biltzen saiatzea, taldeko kideak ikastegira joan ez daitezen, esate baterako, astean egun batean.

  • Azalpen eskolen eta eskola praktikoen irakaskuntza, berriz, honela berrantolatu daiteke: azalpenezko eskolak BBC bidez ematea, eskola praktikoak bikoiztu ahal izateko. Ikasleak taldekatzean haien jarraipen lana areagotzen da (tutoretzak, ebaluazio proben zuzenketak…), eta lan hori hainbat irakasleren artean banatu ahal izango da.

  • Aukera horren abantaila da ikasleen mugikortasuna murrizten dela eta ikastegiko espazioak liberatzen direla. Era berean, aukera horrek saioak eGelan grabatzea eta biltegiratzea ahalbidetzen du, askotariko arrazoiengatik irakaskuntza modu sinkronikoan jaso ezin duten ikasleentzat.

2.3. Modalitate praktikoak: laborategiak, tailerrak…

Eduki praktiko handiko irakasgaiak edo jarduerak planifikatzean, kontuan har daitezke honako aukera hauek:

  • Laborategietan egoteko denbora optimizatzea: esate baterako, praktikak prestatzeko eta amaitzeko zatiak gela arrunt batean eman daitezke, eta laborategian sartu esperimentaziorako behar den denborarako bakarrik.

  • Praktika osoa modu presentzialean garatzeko aukera izan ezean, urrunetik landu ezin daitekeena lehenetsiko da, eta gainerako guztia lantzeko beste aukera batzuk bilatu beharko dira.

2.4. Curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktikak

Curriculumeko kanpo praktikak tituluaren memoria egiaztatuan eta erakunde laguntzaileekin dauden hitzarmenetan ezarritako baldintza beretan mantenduko dira.

Curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktikak antolatzean, errespetatu beharko dira une oro halakoak egingo diren antolakuntza unitateetan, enpresetan eta erakundeetan ezarritako neurriak.

Osasun neurriak betetzeagatik erakunde laguntzailean igaro beharreko ordu presentzialen kopurua mugatu behar bada, jarduera presentzialak beste era bateko jarduerekin konbinatuko dira (proiektuak, memoriak, prestakuntza programak, etab), betiere ebaluatu badaitezke eta ikasleek nahikoa gaitasun eskuratzen dituztela bermatzen badute.

Erakunde kolaboratzailean presentzia fisikoa izatea ezinezkoa bada, prestakuntza helburuei eusteko ahalegina egingo da, erakunde kolaboratzailearekin batera urruneko jarduerak eginez, hark onartzen badu betiere. Egutegia eta metodologia kanpo tutoreekin adostu beharko dira.

Osasun egoera okertzen bada eta agintariek hura egitea debekatzen badute, UPV/EHUk ikaskuntza aukera osagarriak planteatuko ditu.

Curriculumeko praktiken kasuan, gaitasunen jabekuntza bestelako prestakuntza jardueren bidez osatu ahal izango da, horretarako baldintzak ematen badira betiere. Kasu horretan, barne tutoreek praktiken jarraipen lana areagotu beharko dute. Praktikak ikaskuntza ez-presentzialeko tipologia batera egokitu ezin direnean, unibertsitateak horiek modu intentsiboan egiteko aldia luzatu ahal izango du, osasun egoerak ahalbidetzen duenean.

Lanbide batera bideratutako titulu arautuen kanpoko praktika luzeei dagokienez, aintzat hartuko dira dekanoen konferentziek hartutako erabakiak eta emandako gomendioak, eta konferentzia horietan proposatutako konponbideak ezartzen saiatuko gara, ikasleek eskuratutako gaitasunak antzekoak izan daitezen estatu osoan.

Curriculumez kanpoko praktiken kasuan, amaitu gabeko kreditu praktikoak online ikastaro osagarrien bidez (zeharkako gaitasunak; identitate digitala, enplegurako baliabideak) baliokidetuko dira.

3. Ebaluazioa

Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak horretarako aukera ematen dutenean, ikastegiek ebaluazioa modu presentzialean planifikatuko dute. Edonola ere, “normaltasun berriaren” salbuespenezko eta ezusteko inguruabarrak direla eta, gomendatzen dugu irakasgai guztietan ebaluazio jarraitua planteatzea; horrela, hainbat proba, entregatzeko lan eta ariketa egingo dira eskolaldiak iraun bitartean, eta horien bidez ikasitakoaren ebaluazio jarraitua egin ahal izango da. Horrez gain, irakasgai guztietan ebaluazio ez-presentziala egiteko aukera bat proposatu beharko da. “EHU edonondik” eta “EHU edonondik/ebaluazioa” dokumentuetan emandako gomendioek indarrean jarraituko dute “normaltasun berri” honetan.

4. Irakasgaien irakaskuntza gidaliburuak eguneratzea

Aurreko ikasturteetan bezala, irakasle taldeek irakasgaien irakaskuntza gidak eguneratu beharko dituzte GAURen, 2020-2021 ikasturtea hasi aurretik. Kontuan hartuta ikasleen matrikula egiteko epea uztailaren 20an hasten dela, irakaskuntza-giden eguneratzea data hori baino lehen jakinarazi beharko zaie webgunearen bidez. Hori ezinezkoa bada, eta egoera kontuan hartuta, ahalik eta lasterren eta betiere irailaren 7an ikasturtea hasi baino lehen argitaratuko dira. Irakasle taldeetan eta sailetan aurreikusitako ohiko aldaketez gainera, eguneratze honetan ebaluazioari buruzko informazio xehea emango da, dokumentu honen 3. atalean jasotako argibideak kontuan hartuta:

  • Ebaluazio modalitatea.

  • Beste ebaluazio aukera bat, modu ez-presentzialean edo urrunetik egin beharko balitz.

Ez da beharrezkoa gidaliburuetan 2020-2021 Irakaskuntza Egokitzeko Planean, egutegian eta ordutegietan jasotako aldaketa guztiak sartzea.

5. Ikasleak

Ikasleek ikasturtearen eta irakasgaien antolakuntza orokorra behar besteko aurrerapenez ezagutu beharko dute, eta, edonola ere, 2020-2021 ikasturtearen matrikula epea ireki aurretik. Ikasturte hasieran, normaltasun “berrira” egokitutako eta eguneratutako irakaskuntza gidak eskuratu ahal izango dituzte ikasleek.

Ikaskuntza egoera zein den alde batera utzita, ikasleek beharrezkoa den arreta eta gainbegiratzea jasoko dute irakasleen aldetik. Tutoretzak, urrunetik egin ahalko direnak, oso garrantzitsuak izango dira.

Bestalde, beren jarduera profesionala edo familia egoera albo batera utzita, aparteko egoera pertsonalen (hala nola gaixo edo ospitalean daudenak) eraginez UPV/EHUn ikasketak modu presentzialean jarraitu ezin dituzten ikasleei dagokienez, sailek ikasle horiek matrikulatuta dauden irakasgaietan beharrezkoak diren egokitzapen akademikoak eta pedagogikoak egin beharko dituzte, egoera horietan ikasten jarraitzeko aukera dutela ziurtatzeko. Ebaluazio proba presentzialen kasuan, egokitzat iritzitako bitartekoak jarriko dira, probak gainerako ikasleen aukera berdinetan egin ahal izateko.

6. Baliabideak

UPV/EHUko ikastegiek plan horiek abian jartzen laguntzeko aurreikusitako ekintzetako batzuk dira honako hauek:

  • Ikasgeletan kamerak, mikrofonoak eta bozgorailuak jartzea, beharrezkoa denean, eskolak zuzenean emateko.

  • Ikasgeletako ekipamendua, hala behar bada, hobetzea (ordenagailuak, proiektoreak…).

  • BBC programaren lizentziamendua egokitzea, aldiberekotasunari dagokionez, presentzialtasun egokituak sortutako beharrei erantzuteko.

  • Irakasleen prestakuntza plana indartzea, gaitasun digitala hobetzeko ikastaro espezifikoak antolatuz.

  • Ikasleentzako laguntza itzulgarrien urteko deialdia: matrikula ordaintzea + COVID-19tik eratorritako aparteko gastuak.

  • Ekipo eramangarri bat ematea, lan tresna gisa, halakorik ez duten irakasleei (beharrezkoa izango da egoerak banan-banan aztertzea).

  • Ordenagailuak maileguan uzteko zerbitzu bat eta/edo Internetera konektatzeko laguntza antolatzea, zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzat.

Hori guztia presentzialtasun egokitua abian jarri ondoren sortuko diren beste behar batzuei erantzuteko aukera baztertu gabe.

7. 2020-2021 ikasturteko ordutegiak egiteko hainbat gomendio

Gogoratu behar dugu irakaskuntza bimodalaren kasuan irakasleen betebeharrak irakaskuntza presentzialaren berberak izango direla. 2020-2021 ikasturterako ordutegiak egitean, kontuan hartu beharko dira jarraian aipatutako gomendioak, horietako batzuk aipatu dira jada dokumentu honetan bertan:

  • Titulu guztietan, eta osasun agintarien gomendioak errespetatuta betiere, irakaskuntzaren % 75 gutxienez presentziala izatea bermatzen saiatuko gara.

  • Jarduera presentzialen kasuan, eskolak hasteko eta amaitzeko ordutegia ikastegiko maila eta/edo titulu guztietarako berdina izatea saihesten saiatuko gara.

  • Ordutegietan ikasleek argi ikusteko moduan identifikatuko da zer jarduera emango diren aurrez aurre eta zer ikasgelatan emango diren.

  • Gomendatzen dugu, ahal den neurrian, maila bereko jarduera presentzial guztiak egun berean biltzea (goizez edo arratsaldez), ikasleek irakaskuntza telepresentziala (ikastegitik kanpo) eta presentziala txandakatu behar izan ez dezaten.

  • Ahal den neurrian, ikasleek ikasgelaz aldatu behar ez izatea saiatuko gara.

  • Saihestu behar dugu, ahal den neurrian, jarduera presentzialak 20:00ak baino beranduago amaitzea, eguneroko garbiketa eta desinfekzio lanak errazteko.

8. Ikastegi bakoitzak egin beharreko lana

Plangintza on batek koordinazio ona eskatzen du, eta, horretarako, ikastegiek, irakaskuntzaren arduradunak diren neurrian, proposamenen elaborazioa eta jarraipena koordinatuko dute beren zuzendaritza taldeen bidez eta sailetako zuzendarien eta Ikasleen Kontseiluaren laguntzaz; zeregin horretan, irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleei arreta emateko betebeharra oinarrizko printzipioak izango dira.

Irakaskuntza Egokitzeko Plana dokumentu bat izango da, non, laburbilduta, jarduera presentzialaren eta telepresentzialaren ehuneko globalak jasoko diren titulu, irakasgai eta maila bakoitzeko (ikus eranskina). Osorik modu presentzialean ematen diren irakasgaien kasuan, egoera hori kontuan hartu beharko da ehuneko globalak kalkulatzean, baina ez dira jaso beharko irakasgaien zerrenda zehatzean.

Hori egiteko, UPV/EHUko ikastegiek aholkularitza batzorde baten laguntza jasoko dute, zeina Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako errektoreordeek eta Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren zuzendariak osatua egongo baita. Nahi duten ikastegiek batzorde horri kontsultak egin, eta planari oniritzia eman diezaion eskatu ahal izango diote. Horren helburuak dira ikastegietako arduradunei plana egiteko laguntza eta babesa ematea, alderdi korapilatsuak aztertzea, eta denon artean konponbide onenak aukeratzea. Aipatutako aholkularitza batzordearen oniritzia ez da, inondik ere, Irakaskuntza Egokitzeko Plana onartzeko nahitaezko baldintza bat; izan ere, plana, behin amaituta, ikastegiko kalitate batzordeak aztertu, eta Ikastegiko Batzarrak onartu beharko du.

Informazioa publikoa eta eskuragarria izatearen baldintza betetze aldera, 2020-2021ko Irakaskuntza Egokitzeko Plana ikastegiko webgunean argitaratu beharko da, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari lotutako atalean.

9. Negoziazioa

Dokumentu hau irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen negoziazio mahaietan aurkeztu da, baita Campus arteko Segurtasun eta Osasun Batzordean ere.

Ikastegi guztien Irakaskuntza Egokitzeko Planak egin ondoren, langileen lan baldintzetan eragina duten alderdiak dagozkion negoziazio mahaietara eramango dira.

10. Jarraipen Batzordea

Irakaskuntza modalitate guztien jarraipena egiteko batzorde bat eratzen da, plangintza zuzen garatzen dela zainduko duena, eta haren ardura izango da organo eskudunei dagozkion aldaketak eta egokitzapenak egin ditzaten eskatzea, hala behar bada. Batzordea honako hauek osatuko dute:

  • Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea.
  • eCampuseko zuzendaria.
  • Berdintasun zuzendaria.
  • Irakasleen zuzendaria.
  • Antolakuntza akademikoaren kudeaketa aholkularia.
  • Prebentzio Zerbitzuaren burua.
  • Arrisku psikosozialez arduratzen den prebentzioko teknikaria.
  • Irakasle-ikertzaileen 3 ordezkari.
  • Ikasleen ordezkari bat.

11. Onarpen egutegia

  • Ekainaren 23ra arte: Ikastegiko zuzendariek eginiko ekarpenak.

  • Ekainaren 22a: Batzorde parekidea.

  • Ekainaren 24a: Campus arteko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

  • Uztailaren 1a: Irakasle-ikertzaileen eta AZPko langileen negoziazio mahaia.

  • Uztailaren 9a: Dokumentua Gobernu Kontseiluan aurkeztea eta, hala behar bada, onartzea.

  • Uztailaren 24ra arte: Ikastegietako batzarrek 2020-2021 ikasturtearen irakaskuntza egokitzeko planak onartzea. Edonola ere, matrikula aldia hasi baino lehen onartu beharko dira, eta ikasleen esku egon beharko dute.

Glosarioa

Prestakuntza asinkronoa

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesu bat, non ikasleen eta irakasleen presentzia modu geroratuan ematen baita; hau da, ikasleak eta irakasleak ez daude aldi berean leku berean. Teknologiari esker, batzuen eta besteen ekarpenak hezkuntza plataforma batean erregistratzen dira, eta ikasleek beren erritmora ikasten dute, gainbegiratuak izan gabe. 

Prestakuntza presentzial egokitua

Prestakuntza gehienbat presentziala, eskola telematikoekin eta/edo saio asinkronikoekin osatzen dena.

Prestakuntza sinkronoa

Online prestakuntza denbora errealean ematen da, eta ikasleen eta irakasleen arteko interakzioa aldi berean eta leku berean ematen da.

Prestakuntza telematikoa

Prestakuntza telematikoa Interneten ematen den irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren modalitate bat da. Irakaskuntza telematikoa Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKTak) bidez ematen da. Prestakuntza telematikoa antzeko adiera duten beste termino batzuen bidez ere ezagutzen da: teleprestakuntza, online prestakuntza, formakuntza telepresentzila, formakuntza birtuala, e-learning irakaskuntza edo hezkuntza birtuala.

Urruneko hezkuntza

Hezkuntza eredu honetan ikasleak ez daude prestakuntza ematen den lekuan. Edonola ere, askotan erabiltzen da ere teknologia gehiegi erabiltzea eskatzen ez duen hezkuntzari erreferentzia egiteko. Esate baterako, ikasleei materiala bidaltzen zaie, beren erritmora ikas dezaten.