Eduki publikatzailea

CRUE adierazpena, martxoaren 8a dela-eta

Emakumearen Nazioarteko Eguna

Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta CRUE

Martxoaren 8a aldarrikapen-jardunaldi bat da, emakumeek eskubide-berdintasunaren, justiziaren eta genero-berdintasunaren alde egindako borroka oroitzen duena. Egun enblematiko bihurtu da dagoeneko, eta, gainera, gizartea sentsibilizatzeko eta mundu berdinzaleago baten alde egiteko balio du.

NBEk 2024rako duen leloak («Emakumeen eskubideak finantzatzea: berdintasuna bizkortzea») genero-berdintasunean aurrera egiteko politiketan inbertitzera animatzen gaitu, giza eskubideen ikuspegitik nahitaezkoa eta gizarte inklusiboagoak sortzeko giltzarria den aldetik, mundu osoari mesede egingo diotenak. Leloak azpimarratzen du emakumeek gure gizartearen garapenari asko eskaini behar diotela, eta apustu horrek dimentsio ekonomikoari ere eusten diola; izan ere, haien partaidetza baztertzea edo murriztea, azkenean, pobretze sozial eta kulturala da, bai, baina baita ekonomikoa ere. Emakumeak mota guztietako gizarte-dinamiketan duen parte-hartzea handitzea ez da inperatibo etikoa soilik, baliabide ekonomikoa ere bada: asko galtzen du biztanleriaren erdiaren talentua eta ahalegina ahazten dituen gizarteak.

Martxoaren 8a, berriz ere, kontzientziak pizteko egutegian adierazitako aukera bat da: berdintasuna lehentasunezko helburua da gizarte libre bat lortzeko, gizarte bat, non inork ez duen bidegabeko pribilegiorik izango, eta ez zaion kalterik egingo; ez, behintzat, bidegabeki diskriminatuta egoteagatik. Hezkuntza funtsezkoa da lehen etapetatik, eta familiek, ikastetxeekin batera, ahaleginak batu behar dituzte zeregin horretan.

Testuinguru horretan, unibertsitatearen erantzukizuna, goi-mailako hezkuntzaren instantzia gorena den aldetik, funtsezkoa da. Unibertsitateak hezkuntza-sistema osoaren ahaleginak goratu behar ditu, jakintza-arlo guztiek, espezialitate guztiek beren ekarpenak egingo dituzten diziplina anitzeko ikuspegi baten bidez. Helburu horrekin, unibertsitateak aukerak bilatuko ditu, eta eraldaketa- eta aldaketa-egoera berri hori behar bezala finantzatzeko botere publikoen konpromisoa erraztuko du.

Gaur, beraz, berdintasun eraginkorrarekiko dugun konpromisoa berritzen dugu, emakumeen aurkako indarkeria mota oro ezabatzearen alde borrokatzen gara, eta, unibertsitate gisa, gure irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera guztia printzipio horietan inspiratzeko konpromisoa hartzen dugu. Horixe da mundu zuzen eta bidezkoago bat lortzeko bide bakarra.