UPV/EHUk Menina saria lortu du Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloagatik

2020-11-24
Gobernuaren Ordezkaritzak sari hauek ematen dizkie Euskadiko pertsona edo entitateei genero indarkeriaren aurka egindako lanagatik

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Menina Saria jaso du, proiektu edo ekimen publiko atalean, gaur Vitoria-Gasteizeko Villasuso Jauregian egindako ekitaldi batean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzak antolatzen ditu Menina Sariak, eta 2020an laugarren edizioa bete dute. Emakumearen aurkako edozein indarkeria mota desagerrarazteko autonomia erkidegoko erakunde, elkarte, entitate eta partikularrek egindako lana aintzatesten eta babesten dute sariek. Ekitaldian buru izan da Denis Itxaso, Gobernuko ordezkaria. Nekane Balluerka errektoreak jaso du saria UPV/EHUren izenean. Ekitaldia itxi du Gobernuko lehen presidenteorde Carmen Calvok, streamingen bidez.

IV edizio honetan, hiru izan dira saridunak. Euskal unibertsitate publikoarekin batera, Eibarko Udaleko Emakumearen Mahaiaren lana aitortu dute, euskal gizarte kolektibo atalean eta Lourdes Pérez, kazetaria eta Diario Vascoko zuzendariordea, genero-indarkeriaren aurkako borrokan lan nabarmena egin duen euskal herritar moduan.

Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloa

Euskal Herriko Unibertsitateak Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloa onartu zuen 2018 urtean. Protokoloaren helburuan honako mekanismo hauek ezartzea da: UPV/EHUko edozein espaziotan eta/edo unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsonek bizi dituzten edo bizi izan dituzten indarkeriak identifikatzeko eta jorratzeko, bai unibertsitateko espazio fisikotik kanpo, bai barruan gertatzen diren genero-indarkeriak identifikatzea eta heltzea ahalbidetzen dituztenak. Bai eta UPV/EHUrekin lotutako komunikabide birtualen edo sinbolikoen bidez gertatzen badira ere. Horretarako, protokolo honek ezartzen du zeintzuk diren UPV/EHUren ustez genero-indarkerien kontzeptuan sartuta dauden jarrerak eta portaerak, zer egin dezaketen indarkeria horiek bizi dituzten pertsonek, zein den kasu horietan jarraitu beharreko prozedura eta zer neurri hartu behar dituen Unibertsitateak pertsona horiei laguntzeko eta indarkeria horiek sortzen dituzten egoerei aurre egiteko.

Unibertsitateak uste du genero-indarkeriak dakartzaten jarrerek berdintasunerako eskubidearen eta pertsonen osotasun fisiko, psikiko eta duintasunerako eskubidearen aurka egiten dutela. Protokolo hau ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, ikertzaileak eta irakasleak bizi diren genero-indarkerien adierazpen guztiei aplikatzen zaie, UPV/EHUrekin etengabeko edo aldi baterako lotura badute. Halaber, UPV/EHUko kolektiboetako kideei eta bertan zerbitzuak ematen dituzten unibertsitateak kontratatutako kanpoko enpresetako pertsonei aplikatzen zaie, bai eta aurreko kolektiboetako batean ere ez dauden baina UPV/EHUk emandako zerbitzuen erabiltzaile diren edo EHUren campusetan jarduerak egiten dituzten pertsonei ere.

Saria jaso ostean, UPV/EHUko errektoreak protokoloaren lorpenak azaldu ditu: "Indarrean egon den bi urteetan 52 emakume artatu ditugu –adierazi du–. Horietako askok istorio latzak dituzte, mingarriak, eta konpontzeko zailak.  Beste batzuek, berriz, gertaera puntualagoak bizi dituzte eta, esku-hartze on batekin, berbideratu eta kontrolatu egiten dira; jarraitzeko adorea eta indarra ematen digute. Baina hunkigarriena, niretzat, protokoloaren dimentsio politiko eta soziala da, unibertsitateko kide guztien kontzientzia aktibatu baitu. Urtero 500 lagunetik gora doaz informazio saioetara; bazter guztietan dago kasu hauetan eman beharreko urratsei buruzko informazio argia; urtero saria ematen diogu protokoloa zabaltzeko kartelik onenari; urtero 1000tik gora partaide izaten dira berdintasunari buruzko tailer eta prestakuntza ikastaroetan. Eta jada, inor ez da geldi geratzen edo axolagabe agertzen egoera horien aurrean, eta, horrek, bai, itxaropenez betetzen gaitu: orain, Berdintasunerako Zuzendaritzara deitzen dute, eta jazarpena jasan duten emakume horien ondoan egoteko konpromisoa hartzen dugu; zaindu egiten ditugu, babestu, estimatu eta maitatu.“

Errektoreak gonbit egin die administrazioei eta enpresei unibertsitateko protokoloa ezagutzeko, euren erakundeetan antzeko neurriak zehazteko oinarri izan daitekeelakoan.