ERALDATZEN 2026

ERALDATZEN 2026

Genero indarkeriak prebenitzeko programa

Izena emateko epea: 2026ko urtarrilaren 22tik otsailaren 13ra
Izena emateko orria

Helburuak

Programaren helburu nagusia da abian jartzea gizonek kontzientzia hartzeko eta dagokien ardura beren gain hartzeko prozesu bat, eurekin zerikusi zuzena daukaten arazo honetan, genero indarkeriak prebenitzeko estrategia gisa.

Nori zuzendua

Programa EHUko gizonezkoei dago zuzenduta, espazio bat sortzeko gizonek gogoeta egin dezaten beren genero sozializazioaz eta genero indarkerien aurrean duten jarrerez, eta beren erantzukizun eta inplikazioari buruzko erabakiez. Parte-hartzaileak EHUko edozein campusetakoak eta unibertsitateko edozein kolektibotakoak izan daitezke. Ikastaroan gehienez ere 80 pertsonak har dezakete parte. 

Saioak

2026ko otsaila-martxoa

Programak bi orduko sei saio izango ditu bideo deiaz, eta beste hamar ordu nork bere kabuz eta foroan parte hartuz lan egiteko. Ikastaroak sei aste iraungo du lehen bideo bileratik azkeneko lana amaitzeko egunera arte. Guztira 26 ordu izango dira, otsailaren hasieratik martxoaren amaierara.

Edukiak

Edukiak hiru bloke tematikotan banatzen dira: 

Sexualitateak: zein motatako sexualitatea aurkezten zaigu gizartean? Noraino dauzkagu barneratuak sexu arauak? Zelan bizi dugu gure sexualitatea?

Genero indarkeriak: zer dira genero indarkeriak? Nortzuei eragite digu eta zelan? Identifikatzen al ditugu eguneroko bizitzako mikromatxismoak? Zer-nolako harremanak aisialdian, eraikitzen ditugu arlo afektibo-sexualean, ikasketetan edo lanaren testuinguruan, bai eremu pribatuan eta bai publikoan?

Protokoloa: zer egin dezakegu indarkeria egoera batean? Zein da gure rola eraso baten aurrean? Zeintzuk baliabide eskaintzen dizkigute erakundeek? Zer egin dezakegu unibertsitatea genero indarkeriarik gabeko eremua izan dadin?

Metodologia

Etika eta pedagogia feministetan oinarritutako metodologia bat erabiliko da, gizon bakoitzak bere esperientzia begirada kritikoz aztertuz ikastearen garrantzia aitortzen duena. Etika feministak erdigunean jartzen du pertsona bakoitza eta haren bizi ibilbidea, hori bere aliaturik onena delakoan aurrera egiten uzten ez diguten genero aginduak identifikatzen ikasteko, eta jakiteko zeintzuk lanabes dauzkagun eskura erabakitzeko zein gizon izan nahi dugun eta zein harreman eduki gura ditugun, zaintza lana elkarrena izatearen garrantzitik abiatuta.

Ikastaroa on line egingo dugu, astean behin bideo dei batean elkartuz, eta astean zehar eztabaida foro batean parte hartuz eta zenbati jarduera eginez. Horrela, lanabesak eskuratuko ditugu geure uste sexistak identifikatzeko, gure erlazionatzeko moduetako mikromatxismoak detektatzeko eta gure inguruko indarkeria matxistei aurre egin eta haiek galarazten laguntzeko. Gainera, behar ditugun ezagutzak geureganatuko ditugu laguntza eskatzen digutenei lagun egiteko, behar izanez gero.