Bizkaiko Campusa

Irudia

Albisteak

Establezimendu bat, artelan bat

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/13

Irudia

75 dendak parte hartuko dute ekimenean, eta beste hainbeste artelan hartuko dituzte eta Arte Ederretako ikasleek aurkeztutako hiru lanik onenak sarituko ditu.

Bilboko Udaleko Ekonomia eta Ogasun zinegotzi delegatuak, Marta Ajuriak; UPV/EHUren Arte Ederren Fakultateko dekanoak, Josu Rekaldek; eta Bilbao Arte Fundazioaren zuzendariak, Juan Zapaterrek, hiru erakundeen arteko Lankidetza Hitzarmen bat sinatu zuten martxoaren 13an, ARTESHOP lehiaketaren hirugarren edizioaren deialdia abian jartzeko. Ekimen berritzaile honek artea eta merkataritza gizarte-interes berean bateratzen ditu, baita leku berean ere: Bilbon.

Proiektu honen helburua da hiriko merkataritza-jarduera babestea Bilbon paseatzen eta erosketak egiten ari diren pertsonei proposamen berri eta erakargarri bat eskainiz. Balioa eransten dio berez interesgarria den merkataritza-eskaintza bilbotarrari, eta, aldi berean, Bilbao Arte Fundazioko artisten eta UPV-EHUren Arte Ederren Fakultateko ikasleen sorkuntza-jarduera ezagutzera emateko aukera bat da.

Zer da ARTESHOP?
ARTESHOP guztiz finkatuta dago, hirugarren edizioa izango da aurtengoa eta CIBek (Bilboko Establezimendu Berritzaileak) sustatutako ekimen aitzindari bati esker sortu zen 2011n. Bi urteotan, gero eta interes handiagoa piztuz joan da eta gizartean ere gero eta eragin handiagoa lortu du, bai dendentzat, Arte Ederren Fakultateko ikasleentzat, baita ekitaldian parte hartzen duten Bilbao Arte Fundazioko artistentzat ere. Arte Ederren Fakultateko ikasleen 75 esku-hartze artistiko Bilboko beste hainbeste establezimendutan prestatu eta instalatuko dira.

Artelanak lehiaketarako landu eta diseinatuko dira espresuki. Ekainaren 14tik 28ra, esku-hartze artistikoak Bilboko 75 denda hautatuetan bisitatu halako dira. Kide azpimarragarriz osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu hiru lanik onenak eta sari bana emango zaie: 1.200 euroko saria lehenengoari, 900 eurokoa bigarrenari eta 600 eurokoa hirugarrenari.

Nobedadeak
ARTESHOPen hirugarren edizio honetan, 75 izango dira Arte Ederren Fakultateko ikasleak eta denda parte-hartzaileak, hau da, iaz baino 30 gehiago. Horrela, Bilboko Udalak ARTESHOP proiektua babestu nahi du, ekimenaren presentzia eta hirian duen oihartzuna sustatzeko.

Hirugarren edizioaren beste nobedade bat da ikasleek Bilbao Arte Fundazioko hamar artistaren laguntza izango dutela beren esku-hartzeak gauzatzeko, komisario-lanak egingo dituzte eta. Gainera, artista horiek elkarrekin erakusketa koordinatu bat egingo dute Erriberako Merkatuan.

Lehiaketa
Gaurtik aurrera, martxoaren 13a, apirilaren 12ra arte, establezimenduek nahiz Arte Ederren Fakultateko ikasleek ARTESHOP 2013 ekimenean parte hartzeko eskabideak aurkez ditzakete. Eskaera bi modutan aurkez daiteke: emailez comercio@bilbaoekintza.bilbao.net helbidera bidaliz edo dokumentazioa Bilbao Ekintzaren Merkataritza Arloan (Uribitarte kalea 6, 2. solairua) entregatuz.

Establezimenduak aukeratzeko irizpidea eskabideak aurkeztu diren ordena izango da. Ikasleak, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateak hautatuko ditu, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren irizpideei jarraiki, eta artistak Bilbao Arte Fundazioak aukeratuko ditu, irizpide horiei jarraiki.

Laguntzak
Bilbao Ekintzak diru-laguntzak emango ditu esku-hartze artistikoa sortzeko gastuetarako, hau da, 200 euro emango zaizkie Arte Ederren Fakultateko ikasleei eta 300 euro emango zaizkie Bilbao Arte Fundazioaren artistei. Gainera, proiektua garatzeko 200 euro emango zaizkio ikasle hautatu bakoitzari, eta Bilbao Arteko artistek beste 300 Erriberako Merkatuan egingo duten esku-hartzeagatik.