Bizkaiko Campusa

Albisteak

UPV/EHUko Matematikak munduko lehenengo 100en artean kokatu dira Shanghaiko rankingean

Lehenengo argitaratze data: 2013/09/13

Estatuko bigarren onena da arlo horretan.

Shanghaiko ranking ezagunak munduko lehenengo ehun unibertsitateen artean kokatu du UPV/EHU, matematiken arloan. Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen sailkapen hori ebaluazio-irizpide errespetatu eta ospetsuenetarikoa da unibertsitate-munduan. Academic Ranking of World Universities (ARWU) rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketaren eragina eta nazioarteko prestigioa neurtzen ditu. Munduko 500 unibertsitate onenak aurkezteaz gain (horien artean dago UPV/EHU), 200 unibertsitate onenak adierazten ditu hamar jakintza-arlotan eta gai zehatzetan.

Horrela, Matematiketan, UPV/EHU 76. eta 100. postuen artean kokatzen da (1. postutik 50. postura bakarrik antolatzen dira unibertsitateak puntuazio zorrotz baten arabera; hortik aurrera, lau bloketan ageri dira: 51tik 75era; 76tik 100era; 101etik 150era eta 151tik 200era). Espainiako estatuan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak bakarrik gainditzen du UPV/EHU. Izan ere, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa 51. eta 75. postuen artean ageri da.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak Matematika Saila integratzen du, 'Aljebra', 'Analisia' eta 'Geometria eta Topologia' jakintza-arloekin, Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Sailarekin batera. Bi sailek Matematika Atala eratzen dute.

"UPV/EHUko Matematika Atalak ikerketa-lan bikaina egiten du, eta, horrez gain, jakintzaren triangelua eratzen duten hiru aldeetan nabarmentzen da: hezkuntza, ikerketa (oinarrizkoa zein aplikatua) eta jakintza gizartera transferitzea, besteak beste, gizarte-interes handiko arloetan lanean ari diren inguruko entitateekin eginiko lankidetzaren bitartez. Munduko ehun onenen artean sartu izanak lan handi hori erakusten du", adierazi du Fernando Plazaola Ikerketa errektoreordeak.

Ekitaldiak