Bizkaiko Campusa

Albisteak

Entrenamenduen eta partiden eragina Athleticeko emakumeen gorputzean eta errendimendu fisikoan

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/04

Aduna Badiola Lecue, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktorea (UPV/EHU), eta ikerketaren egilea.

Athleticeko emakumeekin egindako ikerketa batean, UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute nola aldatzen den haien gorputza eta errendimendua denboraldian zehar.

Denboraldi batean, entrenamenduen eta partiden eraginez emakumeetan gertatzen diren aldaketak neurtu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek. Gantzak behera eta muskuluak gora egiten dute, eta errendimendu fisikoa hobetzeko joera dago, nahiz eta ez den aldaketa esanguratsurik gertatzen. Hala ere, une puntual batzuetan hobekuntza nabarmenak detektatu dituzte, eta ikusi dute partida ofizialak jokatzea estimulu garrantzitsua dela errendimendu fisikoa hobetzeko.

Emakumezkoen Athletic Club A taldeko 21 jokalariekin egin dute lan UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko ikertzaileek. Aztertu dute nolako erlazioa duen haien ohiko entrenamenduak (jokatutako partidak barne) jokalarien neurri antropometrikoekin, gorputz-osagaiekin eta errendimendu fisikoarekin, eta horien bilakaerarekin (hobekuntza edo okertzea).

Horretarako, jokalariei neurketa antropometrikoak eta errendimenduzkoak egin zizkieten 2008-09 denboraldiaurrearen hasieran eta bukaeran, eta denboraldiaren erdialdean eta bukaeran. Horrez gain, neurketa horien arteko epeetan, jokalariek egindako entrenamendu eta jokatutako partida guztien bolumena jaso zuten, minututan, eta bolumen hori eduki-motatan banatu. "Eskertzekoak dira Athletic taldeak jarri dizkigun erraztasunak. Teknikariek eta jokalariek inoiz ez digute eragozpenik jarri, eta borondate osoa jarri dute ikerketa honetarako", azaldu du Aduna Badiolak, ikerketaren egileak.

Datu horiek aztertuta, Badiolak ikusi du joera garbi batzuk nabarmentzen direla. Neurri antropometrikoei dagokienez, garbi ikusten da denboraldian aurrera egin ahala gantz-portzentajeak behera egiten duela eta muskuluak, berriz, gora. Gantzaren kasuan, denboraldi betean gertatzen da hori, denboraldiaurrean baino gehiago. Eta errendimendu fisikoari dagokionez, trebetasun-proban izan ezik, beste hiruretan hobekuntza-joera ikusi du Badiolak, nahiz eta, orokorrean, hobekuntza hori ez den oso esanguratsua. "Ulergarria da -dio Badiolak-. Zortzi-bederatzi hilabete pasatzen dituzte lehian, eta, hasten direnerako sasoi onean egon behar dute; ezin da pentsatu 8 hilabetez lehian dauden pertsonen errendimendua hobetzen joango dela etengabe. Denboraldi osoan mantendu behar dute maila fisiko altu bat. Oporraldian ere zaindu egiten dira, eta baliteke beren egoera fisikoa nolabait mantentzea".

Dena den, Badiolak detektatu zituen hobekuntza puntual batzuk. Esaterako, jauzien proban emaitzak nabarmen hobetu ziren denboraldiaurrean, eta, abiadura, berriz, denboraldiaurrearen amaieratik denboraldiaren erdira hobetu zuten, bereziki. "Hain justu, denboraldiaurrean lantzen dute hanketako potentzia, eta pentsa daiteke horrek eragina duela jauzietan". Gainera, Badiolak dioenez, lotura zuzena dago jauzien eta abiaduraren artean: "Azkarrenak direnek egiten dituzte jauzi handienak. Edo jauzietan gehien hobetzen dutenek hobetzen dute gehien abiaduran ere. Denboraldi guztian mantendu den erlazio da hori. Horrek erakusten du azkar korri egiteko garrantzitsua dela hanketako potentzia". Hala, emaitzek iradokitzen dute denboraldiaurrean hanken potentzia lantzeak jauziak hobetzen dituela lehenik, eta horrek gero eragina duela abiaduran ere.

Bada abiadurarekin negatiboki erlazionatuta agertu den entrenamendu-edukirik ere. Taktika-edukiak, adibidez. Eduki horiek gehienbat espazio murriztuetako jokoen bidez lantzen dira. Eta, emaitzen arabera, taktika gehien lantzen dutenak dira abiaduran gehien galtzen dutenak. "Kontuan izateko zerbait da. Intentsitate handiarekin egiten diren lanak izan arren, badirudi ez dutela eragiten abiadura hobetzea, kontrakoa baizik", dio Badiolak.

Bestalde, partidek eta zenbait entrenamendu-edukik erresistentziarekin duten lotura azpimarratu du. Esaterako, potentzia aerobikoa eta indarra lantzeak erresistentzia hobetu dezake; baita partidu ofizialak jokatzeak ere. "Ikusi dugu partida-minutu gehien jokatu dutenek erresistentzia handiagoa dutela. Baliteke partidak beharrezko estimulua izatea erresistentzia-maila mantentzeko". Partida ofizialekin bakarrik ikusi dute hori; "ikusten da lagunarteko partidak ez direla hainbesteko estimulua".

Ikerketaren emaitzetan oinarrituta, Badiolak uste du entrenamenduak ongi planteatuta daudela. "Egiten duten entrenamenduak onurak ekartzen dizkiela ikusi dugu. Hurrengo urratsa izango litzateke aztertzea, entrenatzaileekin batera, zein momentutan zer komeni den. Guk momentu puntualetan aurkitu ditugun hobekuntzak noiz komeni diren. Etorkizunera begira, saiatu nahi dugu entrenamendu-edukien bolumenaz gain intentsitatea ere neurtzen, nahiz eta oso zaila den; eta aztertzen zer momentutan landu behar dugun zer, guk nahi dugun emaitza lortzeko".

Egileari buruz

Aduna Badiola Lecue (Ondarroa, 1979) UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko ikertzailea da gaur egun, Gorputz eta Kirol Hezkuntza sailean. Bertan egin du "Entrenamendu-edukiek duten eragina eliteko emakume futbolarien errendimendu fisikoan eta ezaugarri antropometrikoetan" izeneko doktore-tesia; Mª Cristina Granados Domínguez eta Susana Mª Gil Orozko izan ditu zuzendari.