POLITIKA ETA ADMINISTRAZIO ZIENTZIA SAILA

"Ezin da inor zoriontsutzat jo gai publikoetan parte hartzen ez badu; inor ez da aske izango bere azalean askatasun publikoa zer den ezagutu gabe, eta inor ez da ez aske ez zoriontsu izango inolako botererik izan gabe, alegia, botere publikoan parte hartu gabe".
Hanna Arendt, Über die Revolution, 1974, 326. or.
Botere publikoan parte hartzeko modu desberdinek osatzen dituzte gure diziplinaren edukiaren funtsa diren azterketa eta lan helburuak. Beraz, Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakasle eta ikertzaileok elkarren artean osagarriak diren hainbat ikuspegitatik aztertzen dugu politika: politika egitura gisa, erakunde politikoen zeregina, forma eta bilakaera aztertuz; politika prozesu gisa, parte-hartze politikoaren eta kudeaketa publikoaren forma desberdinak landuz; eta politika emaitza gisa, kontzientziaren transformazioetatik hasi eta politika publikoetaraino.
Politika eta Administrazio Zientzia Saila 1994an sortu zen, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen barnean (UPV/EHU). Sail honek hainbat ekintza, proiektu eta ekimen gauzatu ditu urte hauetan, eta horiek guztiek gure unibertsitatearen jarduera politologikoa agerian uztea ahalbidetu dute. Prestakuntza prozesu bat finkatzeaz gain, Politika eta Administrazio Zientzia Sailak beste jarduera asko gauzatu ditu, web orrialde honetan ikus daitezkeenak.
Gure sailaren ustez, gizarteak politika bezalako arlo noble bat aztertuko duten pertsona trebatuak eta gaituak behar ditu. Hori lortzeko, gradu bat (Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoko Gradua) eta hiru master ditugu. Horien helburua ikasleei gure gizarteetako erronka garrantzitsuenei aurre egiteko beharrezko tresnak ematea da. Trebakuntza prozesu honek apustu argia egiten du ikasleari protagonista izateko aukera ematen dion irakaskuntza berrikuntzaren alde. Era berean, Sailak ikerketa lan handia gauzatzen du, politika lantzeko hamaika gai eta modu barne hartzen dituzte bi talde finkaturen bidez. Azkenik, sail honek gizartearekiko loturak estutzearen aldeko apustua egiten du, zerbitzu publikorako bokazio argia duten eztabaida eta hausnarketa akademikoak gizartera gerturatzen saiatuz.