“EZ UTZI PLATEREAN JANARIRIK, ERAMAN EZAZU!”
Ibone Ametzaga UNESCO Katedrako kideak zuzentzen du, María Merinorekin batera, “Ez utzi platerean janaririk, eraman ezazu!” ekimena.
EHUren eta Leioako Ostalaritza Eskolaren arteko lankidetzaren eskutik sortu da ekimena, eta helburua da elikagaiak hondakinen ontzira ez botatzea. Horretarako, apirilaren 19tik aurrera Ostalaritza Eskolako jangelan bazkaltzen dutenei (ia mila pertsona egunero) ontzi ekologikoak eta %100 konpostagarriak banatzen zaizkie, soberan geratu zaien janaria eraman ahal izateko. Era berean, erabiltzaileei aholkatzen diete, benetan zer jango duten kontuan hartuta, zer plater aukeratu, zenbat, nolakoak eta zenbateko errazioa hartu.
Hozkailu solidarioa eta konpostatzea dira martxan jarritako beste ekimen batzuk, iraunkortasunarekiko konpromisoa agertzeko.