APORTACIONES-CIENTIFICAS-Eva-Velasco

Eva Velasco

UPV/EHUko talde batek, Eva Velascok koordinatuta, Emakumearen Institutuarekin batera argitaratzen du lehen “Genero-ikuspegia duten Enpresen Zuzendaritza eta Administrazio Kasuen Eskuliburua”.

UPV/EHUko talde batek, Eva Velasco irakasleak koordinatuta, Emakumearen Institutuarekin batera argitaratu du "Genero Ikuspegia duten Enpresen Zuzendaritza eta Administrazio Kasuen Eskuliburua". Eskuliburu hori Ekonomia eta Enpresa Fakultateei eta Negozio Eskolei zuzenduta dago, ikasleak genero-ikuspegiarekin enpresa-kudeaketan prestatzeko material praktiko gisa.

Eskuliburuak enpresa-kasu batzuk jartzen ditu irakasleen eta ikasleen eskura. Kasu horietan, emakume zuzendariak dira protagonista nagusiak eta, gainera, emakumeek enpresa-munduan dituzten oztopo bereziak nabarmentzen dira, bai eta horiei aurre egiteko erabiltzen diren formulak ere.

Siemens, Mahou-San Miguel, CaixaBank, IKEA, Accenture eta Ferrovial enpresek abiarazitako esperientziak biltzen ditu argitalpenak. Kasuen bidez, emakumeek enpresen zuzendaritzan eta kudeaketan eta lidergo-rolak bere gain hartzean betetzen duten zeregina eta lana bistaratu nahi da, eta hori erreferente garrantzitsua izan daiteke adar horietako ikasle emakume askorentzat. Era berean, irakasleak eta ikasleak sentsibilizatu nahi dira, oro har, emakumeak bere karrera profesionalean aurre egin behar dien oztopoei dagokienez. Horrela, eskuliburu honetan proposatzen diren kasuek aukera ematen dute gaur egun enpresen zuzendaritzarako eta kudeaketarako garrantzitsuak diren hainbat gaitasun lantzeko, baita genero-berdintasuna sustatzeko eskumen espezifikoak ere.

Eskuliburu hau enpresak kudeatzeko kasu praktiko arrakastatsuak aztertzeko unibertsitateko ikasgeletan erabiltzen diren horrelako testu gehienen ezaugarriekin bat dator, salbuespen batekin: ez direla normalean agertzen diren zuzendari edo ekintzaile gizonak protagonistak. Zentzu honetan, eskuliburuak gaur egun enpresa-zuzendaritzan eta -kudeaketan oso garrantzitsuak diren gaitasunak irakasten ditu, zuzendaritza-trebetasun "bigunei" lotutakoak (soft skills), hala nola, lidergo-gaitasuna, komunikazio asertiboa edo erresilentzia, emakume zuzendariak bereziki menperatzen ohi dutenak.

Unibertsitateko ikasgeletan genero-gaiak sartu eta lantzeko jarduera eta tresna multzo bat ere eskaintzen du, goi-mailako irakaskuntzan arlo horretan dauden oztopoak eta gabeziak gainditzeko. Aztertutako kasu bakoitzarekin batera, zenbait ohar pedagogiko daude ikasgelan berrikusitako edukiei buruzko hausnarketa eta eztabaida errazteko, bai eta baliabide osagarriak ere, hala nola mikromatxismoei, erantzunkidetasunari, gazteen arteko STEM diziplinei eta abarri buruzko bideoak edo prestakuntza-estekak.