Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Aurrera doaz Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriko lanak

Lanak etenik gabe ari dira egiten, eraikina 2027-2028 ikasturterako prest egon dadin
Errektoretza Taldeak medikuntzako eraikina bisitatu zuen

45.233 metro koadroko azalera eta bederatzi solairu izango ditu Basurtuko Ospitalearen ondoan eraikitzen ari diren Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriak. Errektoretza Taldeak, fakultateko dekanotza taldearekin eta obraren arduradunekin batera, eraikina bisitatu zuen lanen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko. Bisita KREANeko proiektuaren arduradun Patxi Larizgoitiak eta Fernando de la Maza arkitektoak gidatu zuten. 

Lanak etenik gabe ari dira egiten, eraikina 2027-2028 ikasturterako prest egon dadin. 

Basurtuko fakultate berria eraikuntza-proiektu bereziki konplexua da, digitalizazio-maila handikoa. Horri esker, obraren jarraipen digitala egiten da etengabe, eta eraikuntza-fase bakoitza hiru dimentsiotan dokumentatzen da. Sistema horrek aukera ematen die arduradunei lanen aurrerapena zehaztasunez kontrolatzeko, balizko aldaketak aldez aurretik identifikatzeko eta irtenbiderik egokienak garaiz hartzeko, obra optimizatuz eta gorabeherak minimizatuz. 

Gaur egun 160 langile ari dira obran lanean. Fatxadak amaitu ondoren, jarduera areagotu egingo da, eta hurrengo fasean 240 profesionalek egingo dute lan eraikinean. 

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea Basurtura lekualdatzeak bat egiten du Euskal Herriko Unibertsitatea Leioa-Erandioko Unibertsitate Gunearen etorkizunari buruz egiten ari den hausnarketa estrategikoarekin. Testuinguru horretan, gaur egungo Medikuntza Fakultatearen eraikina eraistea da hasierako aurreikuspena, eta horrek aukera emango du espazio hori ikuspegi urbanistikotik zein ondarearen ikuspegitik berriz pentsatzeko. 

Plangintza horren helburuen artean dago Arboretuma, Leioa-Erandioko Unibertsitate Gunearen altxor natural handienetako bat, campusaren eguneroko bizitzan txertatzea. Horretarako, bertara iristeko sarrera berri bat eta ibilbide natural bat sortzea aztertzen ari da, gaur egun komunitate unibertsitarioaren ohiko joan-etorrietatik kanpo dagoen espazio hori ikasle, langile eta bisitarientzako erabilera arrunteko gune eta topagune bihurtzeko. 

Testuinguru berean, gaur egungo Medikuntza Fakultateko anfiteatroa mantendu eta balioan jartzeko aukera ere aztertuko da; izan ere, fakultatearen elementurik adierazgarrienetako bat da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ondare material eta sinbolikoaren parte esanguratsua.