Aurrerapauso garrantzitsu berria egonkortzean eta sustapenean
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/02
Guztira 158 plazako lan eskaintza egingo da, unibertsitateko plantilla egonkortzen eta behin-behinekotasuna murrizten laguntzeko. Irakasle eta Ikertzaileen (IRI) Lan Eskaintza Publikoa (LEP) zehazteko prozesua abiatzea onartu zuen Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak (UIB) 2026ko ekainaren 25ean.
Batzordean zehaztu dira prozesuan erabiliko diren irizpideak: “iazko irizpideak izan ditu oinarri eta desgaitasunen bat daukaten pertsonen kupoa gehitu zaio”, azaldu dute IRIen errektoreordetzatik. Hala, LEP-en zerrendetan sartzeko EHUn izan beharreko gutxieneko urteen irizpidea berridatzi da eta ontzat eman da “5 urteak kategoria jakin batetan ez ezik, hainbat kategoriatan izanda ere aintzat hartzea”.
Batzordera aurkeztutako datuen arabera, 2025ean 132 baja egon ziren eta horri % 120ko birjartze tasa aplikatuta, adostu dira gobernuarekin 158 plaza. Horietatik desgaitasunen bat duten pertsonentzat lirateke plazen % 10 (16 plaza), eta % 15, berriz, ikerlari doktore iraunkorrentzat (I3, R3 ziurtagiria duten ikerlarientzat); hau da, 24 plaza. Gainerako 118 plazak txanda librerako lirateke.
Promozioa ere Iraileko Gobernu Kontseilura
2026ko lan-eskaintza publikoan egonkortzeko aterako diren 158 plazez gain, Errektore Taldeak Gobernu Kontseiluan konpromisoa hartu du promozioan dagoen pilaketa bi urteko epean desagerrarazteko. Horretarako, helburua da aurten bertan legeak ahalbidetzen duen sustapenerako plaza kopururik handiena ateratzea. Une honetan, plaza kopurua Eusko Jaurlaritzarekin adosten ari da, iraileko Gobernu Kontseilura eramateko. Ahalegina izango da, egun dauden 166 eskaeretatik, gehienei bide eman ahal izatea eta. Horrenbestez, promozioko itxaron-zerrenda ia erabat desagerraraziko litzateke, eta geratzen direnak hurrengo urtean bideratuko dira. Horrela, 2010etik zain dauden pertsonen egoerari irtenbidea emango zaio.