Eduki publikatzailea

Boise State University-rekin elkarrekin lan egiteko akordioa sinatuko du EHUk

Nazioartekotzean dimentsio berri bat zabalduko du bi unibertsitateetako errektoreek aurkeztuko duten Itsas-Gaindiko Campusak

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/23

Boiseko Unibertsitateko campusaren xehetasunak

Nazioartekotzea sustatzeko urrats estrategikoa egingo du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Boise State University-rekin (BSU), eta bost urtean behin ospatzen den Jaialdiaren testuingurua baliatuko du abiapuntua jartzeko. Horrela, EHUren ordezkaritza zabala izango da Boisen datorren astean: Joxerramon Bengoetxea errektorea, Gotzone Barandika Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea, Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea, Iñaki Goirizelaia errektore ohia eta ingeniaritza alorreko sei irakasle-ikertzaile. 

Bisita horretan, Elkar Ulertze Memorandum bat (MOU) sinatuko dute EHUren errektore Joxerramon Bengoetxeak eta BSUn funtzioetan dagoen errektore Jeremiah Shinnek. Akordio markoa ezaugarrituko duen Itsas-Gaindiko Campusaren proiektua aurkeztuko dute hilaren 30ean eguerdiko 12:00etan (AEBetako Idahoko ordua, hemen baino 8h gutxiago). Prentsaurreko horretan emango dituzte ezagutzera lankidetzaren ildo nagusiak. 

Hilaren 30ean, BSUko eta EHUko ingeniaritza alorreko irakasle-ikertzaileen goiz osoko topaketa egingo da; helburu izango du ingeniaritzaren, zientziaren eta teknologiaren jakintza alorren inguruan kolaborazio akademikorako oinarriak lantzea, eta horretarako sarea ehuntzen hastea. Egun berean, Euskal Herriko eta Boiseko erakunde, entitate eta enpresetako ordezkariak batuko dituen Reception delako hitzordua antolatu du BSUk. Hitzordu horietan guztietan parte hartuko du EHUren ordezkaritzak. Era berean, errektoreak eta bi errektoreordeek beste zenbait bilera antolatzeko baliatuko dute bisita. 

Mugaz Gaindiko Campusa eredu 

Bordeleko Unibertsitatearekin partekatutako Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu joan den urtean. Itsas-Gaindiko Campusa sortzeko orduan, eredu izango du unibertsitateak lankidetza eredu hori. Hain justu, berriki bildu dira Bordeleko Unibertsitateko eta EHUko errektoretza taldeak. Harremanen egonkortasuna eta arrakasta berretsi dituzte eta aztertu dituzte erronka partekatu berriak.