Norabide berean arraunean: EHUko Zuzendarien Taldeak Ikasturteko balantzea eta erronkak partekatu ditu Bizkaia Aretoan
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/02
Joan den ekainaren 18an, EHUko zuzendarien taldearen bigarren bilera zabala egin zen Bilboko Bizkaia Aretoan. Baroja aretoan bildu ziren ia 90 lagunen artean unibertsitateko zuzendariak, errektoretza-taldea eta idazkariak egon ziren, ikasturteko azken txanpan indarrak batzeko helburuarekin.
Ekitaldiari hasiera emateko, Joxerramon Bengoetxea errektoreak harrera egin eta eskerrak eman zizkien bertaratutakoei ikasturtean zehar egindako ahaleginagatik, elkarrekin "arraun egitearen" eta norabide berean indarrak batzearen garrantzia goraipatuz.
Ondoren, lan-saio bizi bati bide eman zitzaion, eta errektoreordetza bakoitzeko bozeramaileak oholtzara igo ziren urteko lorpenak eta etorkizuneko erronkak partekatzeko. Bertan aipatutakoen artean, Camusak indartsu agertu ziren. Arabako Campusaren espazio faltari aurre egiteko, 600 m²-ko espazio berria eskuratu izana nabarmendu zen, eta Gipuzkoan, aldiz, Donostia eta Leioa lotuko dituen autobus linea publikoaren proposamena onartu izana Batzar Nagusietan. Bizkaian, Bizkaiko Kultura Beken lehen edizio arrakastatsua hiru campusetara hedatuko dela iragarri zen.
EHUguneren bidez BESALDI proiektua zein Palestinari buruzko kultura eta akademia ekintza zabalak bultzatzen ari direla gogorarazi zen. Berdintasunaren esparruan, lan-taldea administratibo eta teknikari batekin indartzea lortu da, eta orain erronka nagusia campus bakoitzean teknikari finko bat izatea da. Ikasleen parte-hartzeari dagokionez, unibertsitate-bizitzan egindako ekarpenak eta gaitasunak modu ofizialean jasoko dituen pasaporte digital bat garatzea izango da hurrengo mugarria.
Hizkuntza-plangintzaren alorrean, "Euskarazko Doktoregoa" aipamenaren finkatzea (100 doktoregai baino gehiagorekin) nabarmendu zuten arduradunek. Horrez gain, Esperientzia Geletan euskarazko irakasgaien eskaintza zabaltzea eta hiru campusetarako online ikastaro zein hitzaldi zikloak egituratzea finkatu da helburu gisa.
Nazioartekotzeari eta ikerketari dagokionez, deialdi berezi bati esker doktoregai guztiek atzerrian egonaldia egiteko eta nazioarteko aipamena lortzeko aukera izango dute lehen aldiz. Zientzia-dibulgazioan, berriz, Zientzia Astearen inpaktu handia finkatu da, azken edizioan 30.000 pertsonak parte hartu baitute, eta Espainiako Ministerioak zuzenean jo du EHUra ikerketa-etikako Errege Dekretu nazionala prestatzeko laguntza eskatuz, gure eredua erreferentea baita.
Lan-saioari amaiera bikaina emateko, parte-hartzaileak Bizkaia Aretoko terrazara igo ziren. Bertan, taldeko argazki ofiziala atera ondoren, zizka-mizka batez gozatu eta kideen arteko harremanak modu informalagoan estutzeko aukera izan zuten, datorren ikasturteko erronkei gogor eta norabide berean erantzuteko indarrak batuz.
