Eduki publikatzailea

Nortasun sentimendua indartze aldera EHUP! Jaia berreskuratu dugu!

Ikasleek bultzatu duten jaia urtero campus batean egitea da asmoa

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13

Ikasle batzuk jaiaren kartelarekin

Zuzendaritza honek, hasieratik gehiago, izan du oso argi komunitatearen eraikuntza, identitatea eta unibertsitate-bizitza sustatzeko lan egin nahi duela. Hasteko, UPV/EHUko komunitate-bizitza eta nortasun-sentimendu kolektiboa ez direlako behar bezain biziak eta indartsuak. Hori dela eta, ikasleen parte-hartzea sustatzeari ekin diogu eta eurekin batera, batez ere eurek, sortu dugu EHUP!Jaia ekimena.  

Hala, hainbeste urteren ondotik, maiatzaren 9an egingo da Leioako campusean ikasleen jaia. “Jaiaren helburua da EHUko kide izateko harrotasuna aldarrikatzea, eta pertenentzia sentimendua areagotzeko balio izatea”, adierazi dute jai-antolaketa taldeko ordezkarik; "gure asmoa da campus guztietako ikasleak batzeko eta ondo pasatzeko aukera izatea”, gehitu dute.  

Bide horretan, garraioaz ere arduratu dira, bai Gasteiz nahiz Donostiatik autobusak antolatuta, bai jai ostean “ Astrabuduako metro geltokiraino autobus zerbitzu bereziak jarrita”.  

Boluntarioei eskerrak   

Bederatzi txosna antolatu dituzte jairako bederatzi ikastegitako ikasleen partehartzearekin: Ekonomia eta Enpresa; Gizarte Zientziak eta Komunikazioa; Zientzia eta Teknologia; Ingeniaritza; Hezkuntza; Medikuntza eta Erizaintza; Zuzenbidea; Arte Ederrak; Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak. Horrez gain, beste hiru txosna ere aurreikusi dira Gipuzkoa eta Arabako ikasleekin. Eurek izango dute jaiko materiala saltzeko ardura. Antolatzaileek esan dutenez, gutxienez 400 boluntariok parte hartuko du jaiaren antolaketa lanetan, egunean bertan lanean, muntaia eta desmuntatze lanetan eta baita garbiketan ere.  

Ildo berean, zuzendaritza taldea ere biziki eskertuta dago ekimena posible egitera doazen ikasle eta parte-hartzaile guztiekin. Zuek baitzarete unibertsitate komunitatearen parterik garrantzitsuena. Ospatu dezagun elkarrekin EHUP! Jaia!  

Chillidaren pegatinak  

Eduardo Chillidak sortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen irudi identifikagarria. Aurretik, baina, euskal unibertsitatea aldarrikatzeko 1975ean sortutako “Euskal Unibertsitatea bai” zioten pegatina bereziak sortu zituen. Bada, jai-egunari begira, pegatina horiek aterako dira berriro ere, bertaratzen direnen artean banatzeko.