Eduki publikatzailea

Apirilaren 24an Donostian lekutuko da EHUP! Jaia

Euskal unibertsitate publikoaren aldeko festak komunitate osoaren topaketa izatea du helburu eta gizartera zabalik izango da

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/15

Talde gazte bat Bizkaiko Campuseko EHUP! jaian

Ikasle talde baten ekimenez eta errektoretza taldearen babesarekin berreskuratu zen jaia iaz Leioan, “EHUko kide izateko harrotasuna aldarrikatu, eta pertenentzia sentimendua areagotzeko asmoz”, eta arrakasta ikusita, urteroko hitzordu gisa finkatzeko eta edizio batetik bestera campusen artean lekukoa pasatzeko konpromisoa adierazi zuen errektoretza taldeak. 

2026an, EHUP!  Jaia apirilaren 24an izango da, Donostian. Ikasleei zuzendutako ekimena izatetik, unibertsitateko komunitate osoaren festa izatera pasatu da. Kolektibo guztien parte-hartzea sustatzearekin batera, gizartera zabaltzeko eta unibertsitate publikoaren aldeko aldarria indartzeko ere baliatuko da aurtengo edizioak. 

Gipuzkoako Campusak Bizkaikoaren lekukoa hartu duenez geroztik, abian da egunaren antolaketa. Koordinazio lantalde bat eratzen ari da une honetan errektoreordetza, ikasleei protagonismo berezia emanda, baina unibertsitateko kide guztiak ordezkaturik, eta bertan parte hartu nahi duen orori zabalik izango dela nabarmendu du. 

Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizuetak iragarri du mezu bat zabalduko diola errektoreordetzak komunitate osoari jaiaren antolaketan edota egitarauan parte-hartzeko aukeren berri emateko. Batetik, galdetegi bat zabalduko du txupina botatzeko hautagaiak jasotzeko, eta beste bat programa osatzeko proposamenak biltzeko. Bestetik, EHUko kide diren musika taldeei festan parte hartzeko aukera zabalduko die. Eta, azkenik, boluntario izateko izen-emateko deialdia egingo du. 

Apirilaren 24an goizeko 11:00etan emango zaio hasiera jaiari eta egitaraua iluntzeko 22:00etan amaituko da.