Ikerketa Arduratsurako Zuzendaritza berria sortu da
Ikerketaren etika, gardentasuna eta erantzukizuna sustatzea du helburu nagusi
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13
Ikerketa errektoreordetzaren baitan zuzendaritza berri bat sortzeko erabakia hartu du errektoreordeak, Ikerketa Arduratsurako Zuzendaritza izenekoa. Asmoa garbia da: ikerketa-praktika onetan oinarrituta, ikerketaren etika, gardentasuna eta erantzukizuna sustatzea. Izan ere, ikerketa onak konfiantza sustatu behar du, eta horretarako arduraz jokatu beharra dago hasierako ideiatik bertatik, ikerketa-prozesuaren ziklo osoan zehar. Era berean, ikerketaren inguruneek eta sistemek praktika onak sustatzen dituztela bermatu behar da.
ALLEA Europako ikerketa arduratsurako jokabide kodeak lau oinarrizko printzipio definitzen ditu: fidagarritasuna, ikerketaren kalitatea bermatzeko (diseinuan, metodologian, analisi eta baliabideen erabileran); zintzotasuna, (ikerketa gardena, bidezkoa, osoa eta inpartziala garatzeko, egiteko, berrikusteko, informatzeko eta komunikatzeko); errespetua (ikerketa-kide, parte-hartzaile, ikergai, gizarte, ekosistema, kultur ondare eta ingurumenarekiko); eta erantzukizuna (ideiatik hasi eta argitalpenetara arte, haren kudeaketa, antolaketa, prestaketa, gainbegiratze eta tutoretzagatik, baita gizartean dituen ondorio zabalagoengatik ere).
Ildo horretan, zuzendaritza berriaren ardura izango da ikerketa-proiektuek erakundearen eta komunitate zientifikoaren balioak islatzea. “Gero eta beharrezkoagoa da zintzotasuna, zorroztasuna, gardentasuna eta komunikazio irekia defendatzea, batetik; eta, bestetik, ikerketan parte hartzen dutenekiko errespetua eta ikerketarako ingurune positiboa sustatzea”, adierazi du Jon Umerez Ikerketako errektoreordeak. “Ezagutza zientifikoa eta pentsamendu kritikoa zalantzan jartzen dituen populismoaren aurrean –edo errektoreak bere kargu-hartzean aipatu zuen `truskismoa´ delakoari aurre egiteko–, ezinbestekoa zaigu unibertsitate gisa gure ikerlarien eta ikerketa-prozesuen kalitate-bermeak ziurtatzea, hori baita egia oste garaioi aurre egiteko dugun modurik onena”, zehaztu du Umerezek.
Ildo horretan, Ikerketa Arduratsurako Zuzendaritzak ingurune akademiko osasuntsu eta zaintzailea sustatuko du, ikertzaileen komunitatean pertenentzia-sentimendua indartzeko eta gizartearen konfiantza irabazten duten ikerketa-emaitza zientifikoak sustatzeko helburuarekin.
Horretarako, IRI, TEKAZEL eta ikasleentzako prestakuntza-programak diseinatu eta ezarriko ditu, ikerketa-praktika onetan oinarrituak. Halaber, ikerketaren arloko etika, gardentasuna eta erantzukizuna sustatuko ditu. Eta, judizializazioa saihesteko, gatazka etikoak identifikatu eta kudeatuko ditu, deliberazioaren eta bitartekaritzaren bidez. Era berean, errektoreordea aholkatu eta unibertsitateko hainbat organorekin lankidetzan arituko da fenomeno disruptiboen analisia egiteko; esaterako, ikerketa-jardueran Adimen Artifizialaren integrazioa aztertzeko.
Laburbilduz, bilatzen dena da osotasun instituzionala babestea, etika eta zerbitzu publikoa sustatuz, ikerketaren inpaktu soziala eta kultura zientifikoari egiten dion ekarpena egokia izan dadin.
Zuzendaritza berriaren arduraduna Antonio Casado da Rocha ikertzailea izango da, eta otsailaren 26an hasi da lanean. Gipuzkoako campuseko I. M. Barriola Zentroan du bulegoa.